[09] Ana Mezo: «Alargun guztietatik pentsioa kobratzen dutenen artean %94 emakumezkoa da»
Este navegador no soporta el elemento audio.
Transkripzioa:
Ioar:
Egun on, Ander.
Ander:
Baita zuri ere, Ioar.
Ioar:
Marmarrean zatoz berriz ere. Zeren kexu zara?
Ander:
Obrak eta obrak, besterik ez. Alkateak ez du ezer berririk egin nahi. Erreta dago. Nekatuta dago. Zahartu egin da. Urte gehiegi daramatza agintean.
Ioar:
Zuk aurkeztu behar zenuke hurrengo udal hauteskundeetan.
Ander:
Txoratu egin al zara? Emakumezko alkate bat behar dugu lehenbailehen.
Ioar:
Emakumea, gaztea, ezkertiarra eta euskalduna, ezta?
Ander:
Aurrena izan dadila emakumea. Ondoren, izan dadila euskalduna. Bi baldintza horiek oinarrizkoak dira niretzat. Eta azkenik, ahal izanez gero, izan bedi gaztea.
Ioar:
Orduan... berdin zaizu eskuindarra izatea.
Ander:
Txoratu egin al zara?
Ioar:
Ez, ez..., oraindik ez dut ezer edan! Hartuko al dugu txakolin bat?
Ander:
Ondo iruditzen zait. Atera txakolin bat eta antxoa batzuk.
Ioar:
Aizu, Ander. Ba al dakizu nor den Ana Mezo?
Ander:
Kimikaria?
Ioar:
Hori ez dakit; baina badakit Larrabetzukoa dela, erretiroa hartuta dagoela, eta Oneka elkarteko bozeramalea dela.
Ander:
Zer da Oneka?
Ioar:
Euskal Herriko Emakume Pentsiodunen elkartea. Ana Mezoren hitz batzuk entzun ditzazun nahi dut.
Ander:
Emakumeen pentsioez?
Ioar:
Lehenik, emakume edadetuen kontrako indarkeria matxistaz. Eta ondoren, indarkeria ekonomikoaz.
Ander:
Aurrera.
AUDIOA-1 | ANA MEZO
Ander:
Gure etxean, hirugarren solairuan, 70 urtetik gorako bikote bat bizi zen. Gizona egunero irteten zen kalera, baina emakumea inoiz ez.
Ioar:
Eta zer egiten zuen emakumeak?
Ander:
Balkoian egoten zen: josten, irakurtzen, arropa zintzilikatzen, telefonoz hizketan.
Ioar:
Eta hotza egiten zuenean?
Ander:
Etxe barruan.
Ioar:
Kartzela bat zen bere etxea.
Ander:
Senarrak koronabirusa harrapatu zuen arte. Gizona hil egin zen, eta txoria kaiolatik irten da.
Ioar:
Albiste ona: denentzat bakea! Andrearentzat askapena izango zen behintzat.
Ander:
Orain erosketak egiten ditu, pasieran ibiltzen da ibaiaren ondoan, eta lagunekin elkartzen da. Pentsa, goizean autobusean topo egin dut berarekin.
Ioar:
Eta zer esan diozu?
Ander:
Ezer ez. Oraindik ez dut konfiantzarik hartu. Nik bera ikusi dut, berak ni ikusi nau, eta buruaz elkarri keinu moduko bat egin diogu, agur esaten ariko bagina bezala.
Ioar:
Emakume hori bizi izan zen bezala, asko izango dira harreman asimetrikoan eta desberdintasunean bizi diren emakumeak.
Ander:
Dela zahardadea, dela gaixotasunen bat, aitzakien atzean ezkutatzen dira indarkeria eta mendekotasuna.
AUDIOA-2 | ANA MEZO
Ander:
Desberdintasun ekonomikoa, arrakala ekonomikoa, gizarte klaseak, gizartearen estratifikazioa, mugikortasun soziala... Halako kontuak beti dira gatazkatsuak.
Ioar:
Ideologia, filosofia, politika, ekonomia, soziologia, hezkuntza, justizia..., denak nahasian eta denak batera elkartzen dira eztabaida horretan.
Ander:
Erlijioa ere bai. Munduko kultura gehienetan oraindik asko erabakitzen du erlijioak.
Ioar:
Ekologiak ere izan behar luke ardatz garrantzitsu bat. Mundua ustiatzen ari gara, desmasia izugarriak egiten...
Ander:
Herrialdeak, lurraldeak eta jendeak zapaltzen eta kaltetzen dira etengabe.
Ioar:
Txakolina edaten ez dugu mundua konponduko, Ander.
Ander:
Hasteko eta behin, uste dut oinarrizkoa dela kontzientzia hartzea munduan %50 bakarrik garela.
Ioar:
Nortzuk gara %50?
Ander:
Gizonezkoak.
Ioar:
Aitzakiarik ez dago.
Ander:
Gure herrialdean, gure jendartean, berdintasun maila eskasa baldin bada gizonen eta emakumeen artean, desoreka baldin badago aukera praktikoetan eta baliabide ekonomikoetan...
Ioar:
... horrek esan nahi du indarkeria erabiltzen ari garela emakumeen kontra.
Ander:
Halaxe da. Eta kito.
Epilogoa - Beti ikasten
Ioar:
Zer ikasi dugu gaur?
Konparaziozko perpausa, BERDIN adierazteko.
Anderrek esan du:
—«Elkarri keinu moduko bat egin diogu, agur esaten ariko bagina bezala»
Ander:
Konparazioak egiteko BEZALA hitza erabiltzen dugu gehienetan:
—«Ni bezala mintzatzen zara zu».
—«Txakurra zurekin portatzen den bezalaxe egoten da nirekin».
—«Zure autoa bezalakoa da nire bizikleta: gorria!».
Ioar:
Beste batzuetan BEZAIN hitzaz baliatzen gara:
—«Nik korrika egiten dudan bezain bizkor hitz egiten duzu zuk».
—«Nirekin bezain zintzo portatzen da txakurra zurekin».
Ander:
Konparazioak egiteko, BESTE hitzak ere balio digu:
—«Nik zuk beste eskubide daukat».
—«Zuk bezainbeste lan egiten dut nik».
Hemen entzun dezakezu Ana Mezori egindako elkarrizketa osoa.