Zerua marraztuz, hasi du hegaldia Hegazkin taldeak
Urretxu-Zumarraga eta Bergara artean sortu dute proiektua Iosu Isaias Villanueva Castrok eta Alayn Carazo Iturriagak. Aireporturik ez, beraz, hegazkinak lur hartzeko. ‘Haize beltzak’ diskoarekin aireratu dira eta lan interesgarria osatu dute. MusikHaria saioan izan dira proiektua aurkezten.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Iosu Isaias Villanueva Castrok eta Alayn Carazo Iturriagak osatzen dute Hegazkin bikoa eta duela pare bat urte abiatu zuten hegaldia, Iosuk Alayni proposamena botata. Hasiera geldoa izan da, hilabete luzez aritu dira entsegu luzeetan eta ordu pila bat sartuz beren izaera eta soinuaren bila. Urretxu-Zumarragan bizi da Iosu eta Alayn Bergaran, eta Legazpin entseatzen duten arren, Bergaran kokatu dute proiektua.
Kantuen hitzen egilea Iosu bera da eta aitortu digu maitasunaren inguruan daudela idatzita ‘Haize beltzak’ diskoko kanta asko. Baina iluntasuna asko du eta maitasunaren ertz askotara iritsi nahi izan du abestiekin. Hitzez gainera, ahotsa ere berak jartzen du eta Alayn arduratzen da gitarra eta sintetizadoreez.
‘Haize beltzak’ kontzeptua nondik datorren ulertzea ez da erreza. «Lokalean zirkulu amaigabeetan sartu gara, musikan murgilduta eta zirimola horretatik sortu dira doinuak, hitzak eta tituluak. Alayni esan nion diskoaren izenburua eta ez nuen konbentzitzen. Gauza bera gertatu zitzaidan Hegazkinekin, taldearen izenarekin, baina denborarekin onartu zuen», kontatu digu Villanuevak. Taldearen izena Borrokan taldearen kantu bati egindako omenaldia da, ‘Badok’ tartean aipatu genuen bezala. Kontua da akatsa egin genuela eta beste abesti bat jarri eta zergatia azaldu digu Iosu Villanueva, ‘Isuo’-k: «Errieta taldekoei egin nahi nieke bide batez, kantua bandcampen ez daukatelako zuzen jarrita. Hortik etorri zen zuen akatsa. Hala ere, Badok atarian zuzen jarrita dauka Jon Eskisabelek».
Poparen bueltan sortutako doinuak
Pop, synth-pop eta trip-hop estiloak jorratzen dituztela diote. «‘Begietan’ kantua «trip-hop down tempo» zela esan zigun gure lagun Jokin Guridik eta gustatu zitzaigunez, pixka bat flipatu eta gure egin genuen. Dena dela, pop soilik jarrita jendeak beste zerbait irudikatzen du eta gainerakoak gehitzeak lagundu egiten du», kontatu digu Isuok.
Izar euritsua kantuan «orain da zuretzat ametsak jarraitu edo ahazteko garaia» esaten dute Hegazkin taldekoek. Amets bati jarraika ote dabiltzan galdetuta, honakoa erantzun digute: «Amets bat baino pixkanaka etorri den zerbait da. Batere ikasi gabe, jiji-jaja, punk-hardcore egiten… horrela hasi nintzen gaztetan. Gero kantautore gisara bai sortzen eta baita gizarte honetan norbait izaten hasi nintzen. Jendea ezagutu, gaztetxeetan ibili eta halako gauzak eman dizkit musikak. Gitarra jotzen eta kantuan ikasketarik gabe ibili nintzen eta gerora harra piztu eta musika ikasten hasi nintzen. Gauzak horrela, egun gitarra klasikoa ikasten nabil Donostiako kontserbatorioan. Zarauzko MKTn hasi nintzen lehendabizi; beranduago, Txost taldea sortu genuen Urretxu-Zumarragan eta, atzetik, kantautore bezala ere ibili naiz». Ibilbide luzekoa da beraz Iosu Villanueva.
Alaynen ibilbidea ere ez da laburra. «Perfekzionista hutsa da eta horrek eraman du orain arte diskorik ez kaleratzera. Ni berriz kontrakoa naiz eta disko pila bat atera ditut. Eihartz izeneko taldean dabil egun, Jokin Guridirekin batera eta zuzenean ikus-entzuneko show dotore bat egiten dute. Esan beharra dago aurretik heavy taldeetan jotzen zuela eta sekulako bertutea duela gitarrarekin. Baina halako aldaketa bat eman zuen musika estilo konkretu bat entzun ostean eta bertan sinteak entzun zituen, flipatu zuen eta buru-belarri dabil mundu horretan orain», kontatu digu Villanuevak.
Estudioan grabatzearen erronka
Arrasateko Shot! estudioan grabatu dute debuteko lana, Ander Barriusorekin. «Modularrak dira sintetizagailuak, analogikoak, nik ere ez dut ulertzen kontzeptu hori, baina horrela da. Hartara, estudioan grabatuta daude guztiak. Telefonistak bezala ibiltzen da Alayn, kableekin dena lotuz». ‘Las chicas del cable’ telesailarekin egin diogu alderaketa eta «ez dakit zer den» erantzun digu: «‘Rociito’-ren istorioarekin ere antzera ibili naiz, Pantomima Fullekoek esaten zuten moduan: «Messi, no sé quién es», mainstreama zerbait kontrolatzen dut baina ez gehiegi».
«Jendeak uste du elektronika etxean grabatzen dela edo beti bertan grabatu daitekeela, baina aldagai asko daude hor. Guk grabatzen genuen moduan, lokalean, soinu mahaitik pasatzen ziren sintetizadoreak eta bozgorailuetatik entzuten genuen, gustuko soinua lortuz. Baina gero hori grabatzeko, soinua ordenagailura pasatzen genuen eta guztia galtzen zuela konturatzen ginen. Sekulako kezka geneukan horrekin, baina Ander Barriusok gorputza eman dio eta pozik gaude oso egin duenarekin. Harentzat ere bazen erronka bat modularrekin lan egitea», azpimarratu du Isuok.
Hegazkin proiekturako kantatzeko modua bere horretan mantendu duela ere kontatu digu musikari zarauztarrak: «Betiko Isuo naizela esan didate entzun dutenek, baina berez eboluzio bat egon da. MKTn oihuka abesten nuen, gero bakarlari moduan nahikoa apal eta tonu grabeetan aritzen nintzen. Baina, 2016an, Beñat Achiary eta beste irakasle ingeles bati esker, Errobi festibalean egindako ikastaro batean, tonuz igotzen ikasi nuen. Ingeles horrek zirikatu eta abar egiten ninduen eta asko ikasi nuen. Horrez gainera, kontserbatorioan denbora tarte batez ere kantu klasikoa ikasi nuen. Ez da gitarra ikastea bezala, izan ere ahotsa barruan daukagu eta ez dugu ikusten barruan dugun hori. Hortaz, inkontzienteki gehiago ikasi dudala uste dut. Saiatuta ere kosta egiten da ikasten eta sentsibilitate bat izan behar da hor. Pixkanaka hobetzen noala uste dut eta pozik nago».
Soinua bilatze horretan lan bikoitza dago ordea, bere kantatzeko moduari, soinuaren trataera ere gehitu behar zaiolako: «Ander Barriusok ekoizle lanak ere egin ditu eta nabari da. Hartara, harena da merituaren erdia. Sintetizadoreen grabaketa entzuten ginela, ahotsa berotzen ari nintzen bitartean, Barriusok efektuen proposamenak eta abar buruan izaten zituen eta proposatu zigun guztia diskoan dago».
Hegazkinen iruditerian, dorreak protagonista
Diskoaren diseinua Aritz Ormazabalek egin du. Azala Shot! estudioaren ondoko eraikin bat da, Arrasaten, eta gainerako ia argazki denak Urretxu-Zumarragan egindako argazkiak dira: «Halako herri industrial ‘kutreetako’ irudia da. Niretzako ‘kutrea’ bezain bikainena da Urretxu-Zumarraga, hori ere nabarmendu nahi dut. Eitza auzoko etxe-orratza agertzeko proposatu nion Aritzi eta berak Arrasatekoa gehitu zuen. Tipo fina da eta pozik gaude egin duenarekin».
Mukuru kolektiboarekin atera dute diskoa, aurretik ere haren parte baitzen Villanueva: «Esperimentala eta estandarra denaren tarteko proposamenak daude Mukuru kolektiboaren katalogoan. Egia da akaso Hegazkin dela poperoena, baina bueno, denetarik dago». Mukuru kolektiboaren webgunean zein bandcamp atarian eskuratu daiteke diskoa.
Dagoeneko hasi dira aurkezpen kontzertuekin, baina epe laburrean ez dute besterik. Datorren emanaldia abuztuaren 7an izango da, Errenterian. Dena dela, udazkenari begira itxaropentsu daude.
‘Hondartza’ kantuarekin agurtu dugu Villanueva. Zarauztarra den aldetik, Urretxu-Zumarragan bizita, ea nostalgiarik ba ote duen galdetu diogu: «Ez naiz sekula izan oso hondartza zalea, baina astero bainatzen naiz itsasoan, Zarautza amari eta aitonari bisitan joaten naizenean». Dena dela ez du hondartza toki eguzkitsu eta alai moduan irudikatu abesti honetan, ‘Les Quatre Cents Coups’, François Truffaut zuzendariaren pelikulako hondartza jarri baitigu erreferentzia moduan.
Hegaldia abiatu du, beraz, Hegazkin taldeak. Izan beza bidaia on!