«Etorkizuneko kaleratzeei era kolektiboan aurre egiteko moduak ari gara sortzen»
Aiaraldeko langile eta herritarrak mobilizazio dinamiketan daude murgilduta. Tubacexeko lan gatazkak kinka larrian utzi du eskualdea, eta eskualde mailako erantzuna ari zaie ematen. Itxialdia egin dute Amurrioko elizan, eta Txabirekin egin dugu bat.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Aiaraldeko Greba Batzordeak deitutako manifestazioa amaituta, Amurrioko Andra Mari elizan itxialdia egin larunbatetik igandera bitartean. Dozenaka lagunek pasa dute gaua eta egunean zehar ehunka herritar izan ziren antolatutako ekimenetan.
Tubecexeko 129 kaleratzeek eta langileek horren kontra martxan duten greba mugagabeak aurki 50 egun beteko ditu. Itxialditik Txabik nabarmendu du arazoa ez dela enpresa horretara mugatzen, «eskualde osoaren etorkizuna» dagoela jokoan.
«Azken asteetan modu kualitatibo zein kuantitatiboan urratsak eman dira langile borrokan eta herri mobilizazioan», gehitu du.«Itxialdia beste pauso bat izan da».
Azken hamarkadan ikusi gabeko elkartasuna eta mobilizazio dinamika piztu du Tubacexeko gatazkak Aiaraldean: «enpresa batzode asko batu dira protestetara, gehiengo sindikalak deituta greba eguna izan zen, eta itxialdiak aurrerantzean etorriko denari erantzuten dio».
Aiaraldeko greba batzordeko lagunak uste du etorkizuneko lan gatazkei aurre egiteko modua ari direla definitzen, lantoki moduan baino, etorri daitezkeen kaleratzeei modu kolektiboan aurre egiteko.
Euskal Herri mailan jarraipen handia ari zaio ematen Tubacexeko lan gatazkari. Txabiren esanetan, lotuta dago pandemiak ekarriko duen krisialdi ekonomikoarekin. «Kaleratzeak etor litezkeela eta, Tubacex, ITP edo Aernnova erasoaldiaren lehen adibideak dira. Horregatik Euskal Herri mailan aurrekari bat markatu nahi dugu, borrokan egiteko moduetan eta mobilizazio motetan».
Aurrerantzean urrats berriak emateko prestatzen ari dira, urrats sendoak eman nahi dituzte, «kolpea mahai gainean».