‘Parisko Komuna’-ri omenaldia egin dio Broken Brothers-ek '1871' kantuan
150 urte betetzen dira Parisko Komuna abiatu zenetik. Urteurrena aitzakiatzat hartuta kaleratu du '1871' kantua Iruñeko Broken Brothers Brass Band taldeak.
Autotuneak gogor jo du Iruñean azkenaldian. Chill Mafia, Hofe, Ibil Bedi... eta orain olatua handitzera dator Broken Brothers Brass Band bere ‘1871’ kantuarekin. Martxoaren 18an betetzen dira 150 urte Parisko Komuna sortu zenetik, eta omenaldi gisa osatu dute ‘1871’ kantua. Louise Michel (Vroncourt-la-Côte, 1830 – Marseilla, 1905) frantziar maistra anarkistaren poemak baliatu dituzte kanturako.
Nerea Erbiti leitzarrak jarri dio ahots nagusia ‘1871’ kantuari. Ondoan izan ditu Maite Txurruka eta Amaia Espinosa, eta baita Skabidean taldeko kide diren Lorena Aisa eta Claudia Rodriguez ere. Julen Arbizu, Ion Celestino eta Mario Diaz de Rada tronpetetan. Tronboiarekin aritu dira Javier Jauquicoa, Adrian Martinez, Miguel Moises eta Eneko Urrestarazu. Perkusioan Xabier Astrain, Daniel Lizarraga, Jon Uribeetxeberria eta sousaphonarekin Juanpe Medrano. Oihana Fernandez eta Sustraian Records-en ‘Revoltosa’ riddimaren berreraikitzetik hartu dute doinua.
Louise Michel eskola-maistra, ekintzaile iraultzaile eta Parisko Komunako kiderik garrantzitsuenetakoa izan zen. Beste buruzagi batzuekin batera, hiriko gobernua antolatu eta haren defentsan parte hartu zuen. Atxilotua eta zigortua, emakumeek langile-klasearen eskubideen alde egindako borrokaren ikur bilakatu zen.