IRRATIA

Gizakion miseriatan oinarrituta, bost kantuko lana kaleratu du Bizarro taldeak

Lehendabiziko diskoa da ‘Deshumanizazioa’ Oñatiko boskotearentzat. Artisau erara, entseatzen duten musika lokalean bertan grabatu dute bost abesti jasotzen dituen albuma. Deseroso sentiarazteko hitzak eta doinu gogorrak eskaini dizkigute Bizarro taldekoek.

‘Deshumanizazioa’ izena du Bizarro taldearen lehen lanak.

Este navegador no soporta el elemento audio.


Egunero gure inguruan bizi dugun baina ikusi nahi ez dugun errealitatea begien aurrean jarri digute Bizarro taldekoek ‘Deshumanizazioa’ diskoarekin. «Gure miserietatik bost aukeratu ditugu eta kantu bihurtu», kontatu digu Aitor Regueiro taldeko abeslariak MusikHaria saioan.

Regueiro izan da taldera batzen azkena. «Kantuak ia eginda zeudela sartu nintzen taldean eta entsegu gutxi batzuk egin ostean grabatzen hasi ginen. Ez zen erraza izan, baina emaitzarekin pozik gaude», aipatu digu musikari oñatiarrak.

Besteen gainetik egoteko beharra, gaixotasun psikikoak edota Mediterraneo itsasoan dagoen krisi humanitarioa izan dituzte besteak beste kantuetan hizpide. «Gizarte integratzailea naiz eta ikasketak burutzen ari nintzela, Oñatiko harrera sarean egin nuen praktikaldia. Hartara, oso gertutik ezagutu ahal izan dut migrazioaren gaia», nabarmendu du Regueirok.

Musikarako doinu pisutsuak hautatu dituzte, «Oñatin bertan ohitura handia dagoela dirudi estilo hau lantzerako garaian. Potemkin edota Sharon Stoner bezalako taldeak erreferente izan dira horretan. Nahiz eta nik aitortu beharra daukadan ez dudala sekulan ere Potemkin zuzenean entzun». Regueirok algaraka kontatu digu hori, izan ere Iban Idigoras taldekidea Potemkin taldeko bateria-jotzailea izan zen eta Aixibar Urteaga, Bizarroko baxu-jotzailea dena egun, abeslaria.

Diskoa urtearen lehen erdian kaleratu zuten, eta horren inguruan nola aurkeztu hainbat buelta ematen ibili ziren. «Lehendabizi pentsatu genuen kantuak banaka banaka kaleratzea, baina Belako aurreratu zitzaigun. Gero, abesti bakoitza letrekin egindako bideoklip ilustratu batekin kaleratzea pentsatu genuen, baina Liher aurreratu zitzaigun. Beste batzuk izan balira, haserretu egingo nintzateke, baina miresten ditudan taldeak izanik… isilik geratu behar», esan digu oñatiarrak.

Hartara, USB memoriatan kaleratzeko erabakia hartu dute. Diskoaren formatutik zerbait desberdina eskaintzeko batetik, eta, bestetik, diskoa bera ere egungo kontsumitzeko modutik pixka bat aldentzen dela uste dutelako. «Hasieran eduki multimedia ugari sartzeko asmoa geneukan memoria bakoitzean: kontzerturen bateko irudiak, bideoklipa, kantuak, kantuak baina instrumentu bakoitzaren pista bere aldetik grabatuta… Baina gerora horretarako aukerarik ez zigula ematen konturatu ginenean, kantuak sartu ditugu bertan» eta hori da saltzeko dutena.

Diskoaren irudia, grabaketak bezalaxe, artisau eran egin dituzte. Hau da, berek egin dute guztia. «Egia esanda, garuna sarean bilatutako irudi batean oinarritzen da. Hau da, berezko irudia ez da gurea… Baina irudi hori oinarritzat hartuta, egun oso bat eskaini genion Ibanek eta biok egun geratu den irudia lortu arte», esan digu Regueirok. Diskoaren grabaketak eta nahasketak beren lokalean egin dituzte, «taldekidea den Tomasso Galatik sekulako lana» egin du horretan, gitarra jotzeaz gainera. Aipatutako lau kideez gainera, Iñigo Palacios gitarra-jotzaileak osatzen du boskotea.

Durangoko Azokan izan dute beren lana zuzenean aurkezteko modua eta kontzertu berriak iritsi zain daude. Bitartean, sortzen jarraitzen dutela aipatu digu Regueirok eta «2021ean lan berriren bat kalean izatea» ez litzatekeela ezustea esan digu Bizarro taldeko kideak.

Bitartean, konfort egoeratik ateratzeko abestiez gozatzea besterik ez zaigu geratzen.