Aitor Etxebarria, nostalgia pentagraman marrazten duen musikaria
Joan den astean estreinatu zenetik hitzetik hortzera dabil Koldo Almandozek zuzendutako 'Hondar ahoak' telesaila. Kritika eta ikusleak bat datoz produktuaren kalitate bikainari dagokionez. Telesailaren irudiak, tramak eta soinuak harrapatu gaituzte. Azken honi heldu diogu kultur tartean: Aitor Etxebarria 'Hondar ahoak' telesailaren soinu bandaren egilea izan da gurean.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Joan den asteazkenean estreinatu zenetik, ahoz aho dabil Koldo Almandozek zuzendutako 'Hondar ahoak' telesail berria. Kritika eta ikusleen gozamena esku beretik datoz zuzendari donostiarraren lana goraipatzean. Harrapatuta, horrelaxe gelditu ginen lehen unetik euskal kostaldearen irudi bikainak eta Boga Boga abestiaren bertsio malenkoniatsua uztartzen dituen sarrera bikainaren aurrean.
Aitor Etxebarria musikari gernikarrarena da bertsio hunkigarria, eta baita telesailaren soinu banda guztia ere. Proiektuaren hastapenetan jarri zen harremanetan Almandoz Etxebarriarekin. Irrikaz onartu zuen honek zuzendari donostiarraren mandatua, eta ekoizpen lan osoa gertutik jarraitu du. Nabari da emaitzan. Irudiak, antzezpenak, doinuak... guztiak bide beretik doaz, emaitza biribil bat osatuz.
Noirgeneroko nazioarteko telesailei batere inbidiarik ez dien lana osatu dute, eta Etxebarriaren lanak zer esan handia du horretan. Lortu itsasertzeko istorio goibel eta misteriotsuen nostalgia pentagrametan marrazten, malenkonia doinu bilakatzen.
Kontatu digu Boga Bogaren bertsioa Texaseko estudio berezi batean grabatu duela, eta oinarrian zatikatze bat dagoela 'bo' eta 'ga' silaben arteko joko bat. Kontatu digu zein plazera den, lan talde bikain batekin lan egitea, zein ederra den egindako lanaz harro sentitu ahal izatea. Horiek eta beste hainbat kontu izan ditugu hizpide kultur tartean Aitor Etxebarria lagun hartuta.