IRRATIA

Egunean behin², hirugarren denboraldi osteko aste berezia

Egunean Behinen hirugarren denboraldia datorren igandean amaituko da. Koronabirusaren eraginez, lan-taldeak astebeteko saio berezi bat dakar, ordea, hurrengo asterako. Mikel Lizarralde marketing arduradunak azaldu ditu xehetasunak.

Egunean Behin aplikazioaren denboraldi berezia.

Este navegador no soporta el elemento audio.


Euskal Herrian alerta egoera ezarri zenetik –koronabirusaren gaitza dela-eta– Egunean Behin aplikazioaren erabiltzaile diren askok egunean gehiagotan jokatzeko aukera eskatu zieten jokoaren sortzaileei. «Erdi bromaz, erdi serio», hala azaldu du Mikel Lizarralde Egunean Behin aplikazioaren marketing zuzendariak NAIZ Irratian.

Durangoko Plateruena antzokian prestatuta zuten hirugarren denboraldiko finala apirilaren 4rako. «Duela aste batzuk lankide batek esaten zuen, finala ezingo dugu egin. Ez genion sinesten». Baina azkenean hala izan da. 

Final hori ez da egingo, oraingoz, baina hirugarren denboraldia amaitzearekin bat hurrengo asterako eskaintza berezia prestatu dute, Egunean Behin². Laugarren denboraldian argi zuen lan-taldeak zuzenekoekin hasi nahi zuela, «astean behin zuzeneko baten bidez jendeak parte hartzeko aukera edukitzea», eta berrogeialdiko astean egingo dute.

Ezaugarri bereziak

Astelehenean ohiko moduan abiatuko da aldi berria, hamar galderako galdera sorta batekin. Baina asteartean hasiko dira zuzenekoekin. Egunero 150 pertsonek parte hartuko dute zuzeneko horretan. «Nor sailkatuko dira? Aurreko eguneko 50 onenak eta beste 100 zozketa bidez». Beste ezaugarri bereizgarri bat, pertsona bera ez da bitan zuzeneko horretara sailkatuko, «honela jende gehiagori aukera eman nahi diogu».

Zuzenekoa Youtube bidez emango dute, Egunean Behin kanaletik. Lizarraldek adierazi du egin zuten lehen finalean, Azpeitikoan konturatu zirela jendearentzat dibertigarria zela hori. «Konturatu ginen finala dibertigarria zela jokatzeko, baina baita ikusteko ere. Gauza kuriosoa da ikustea».

Ia 100.000 erabiltzaileren langan dator aplikazioaren eskaintza berria.