Instagram, jendearen etxeetara hurbiltzeko tresna
Etxeratze egun hauetan sare sozialak jendearen hurbiltasuna sentitzeko tresna bihurtu dira, eta behar bada horregatik, gero eta gehiago dira sare sozialen bidez zabaldu diren ekimenak. Zuriñe Hidalgok, adibidez, Instagram bidez 'Etxetik etxera' izeneko iniziatiba jarri du martxan. Horren bitartez, egunero gonbidatu desberdin bat eramaten du etxera modu birtualean.
Este navegador no soporta el elemento audio.
Esparru desberdinetako pertsonekin solasaldian aritzen da Zuriñe Hidalgo, 'Hesian' musika taldeko abeslaria. Dagoeneko Xabi Bandini musikariarekin eta Alex Txikon mendizalearekin izan da besteak beste. «Nire kasuan bakarrik egonda ez daukat kontzertu bat emateko aukerarik. Horregatik, etxetik bisita birtualak egitea bururatu zitzaidan» esan du gurean.
Berrogeialdiak bere gain dakarren hausnarketa pertsonalaren inguruan, abeslariak aipatu du bizi dugun «erritmo frenetikotik» esnatzeko aukera ona daukagula orain. Konfinamendua «lasaitasunez» hartu behar da haren ustez. Izan ere, Hidalgorentzat denbora librea aprobetxatzeko momentua da, haren hitzetan, «ez daukagu beste aukerarik».
Datozen egunetan Instagram bidez gonbidatu gehiagorekin egongo da Zuriñe Hidalgo.