Unai Apaolaza: «Euskal errepublika batekin gauza denak konponduko lirateke»
Asteburuan Euskal Errepublikaren eguna ospatu zuten Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Unai Apaolaza Errepublikaren aldeko Ehun dinamika herritarreko ordezkaria da eta Naiz Irratian azaldu du eguneroko arazo eta kezketatik abiatuz azaldu nahi dutela Euskal Errepublikaren beharra.
Este navegador no soporta el elemento audio.
«Pozik gaude eman dugun irudiarekin». Ehun dinamika herritarrak antolatuta Euskal Errepublikaren eguna ospatu dute otsailaren 15ean Euskal Herriko txoko ezberdinetan. Zehazki Zumaian, Hernanin, Mungian, Beran, Donibane Garazin, Larresoron, Pasaian, Oñatin, Aizarnazabalen, Galdakaon eta Donostian. Unai Apaolaza, dinamika heritarreko ordezkariak lortutako emaitzekin oso pozik daudela adierazi du Informazioaren Harian.
Ekimenaren helburua kezke zehatzetatik abiatuz edozein ekintzaren bitartez Euskal Errepublikaren beharra agerian uztea dela adierazi du Apaolazak. «Hori da independentismoa zabaltzeko bidea». Bizitza duin bat lortzeko ere burujabetza beharrezkoa dela azpimarratu du Apaolazak. Eraginik handiena izan dezakeen independentismoa behetik egituratzen hasten dena dela azaldu du. «Goitik hasten denak ez du aurpegirik, edukirik gabeko independentismo baten antza hartzen du».
Euskal Errepublikaren egunean besteak beste irratsaioak, muralak, propaganda banaketak eta eztabaidak egin zituzten Apaolazak azaldu duenez. Baita kalejira, bazkari eta bertsoak ere. Maiatzaren 16rako jarri dute hurrengo hitzordua, eta Apaolazak adierazi du hurrengo urratsa batzar bat egitea izango dela. «Egun dugun guztia hausnartu eta forma eman behar diogu».