En directo

Peli Lekuona - Hegoi Belategi

Euskararen alde «ziklo berri bat» martxan jartzera deitu du Euskal Konfederazioak

Garapen soziolinguistiko kezkagarriaren aurrean, «euskararen koofizialtasuna ezartzeko beharra» berretsi du Euskal Konfederazioak eta manifestazioa deitu du Baionan udazkenerako. «Frantses Konstituzioaren bigarren artikulua aldatzea» izango da «lehen pausoa», Sebastien Castetek aurreratu duenez. 

Euskararen alde «ziklo berri bat» martxan jartzera deitu du Euskal Konfederazioak

Loading player...
Azaroko mobilizazioa deitzeko Euskal Konfederazioak Baionan deitutako agerraldia.
Azaroko mobilizazioa deitzeko Euskal Konfederazioak Baionan deitutako agerraldia. (Nahia Garat )

Atsekabean erori ordez, Euskal Konfederazioan lan dinamika berria abian izango dute datozen hilabeteetan euskarak bizi duena larrialdi egoera dela argi duten eta honi buelta emateko prest dauden eragile sozial eta politikoekin indarrak batzeko. Finean, egungo testuingurua gaindituz, «ziklo berri bat» hastea da Euskal Konfederazioko ordezkari Sebastien Castetek proposatzen duena: «baditugu datu bereziki kezkagarriak hiztun kopuruari eta erabilerari dagokienez. Arazoaren muina argia da, hizkuntza politikak ez direla behar bezalakoak», adierazi du NAIZ Irratian. 

«Euskarak behera egin baldin badu azken hamarkadetan, ez da kasualitatea», ohartarazi du Castetek. «Hizkuntza politika desegoki baten ondorio da, hain zuzen, frantses Estatuko administrazio ezberdinek ezartzen duten hizkuntza politikaren ondorio», gaineratu du. Egoera larria denez, konponbideek ere tamainakoak behar dute eta anbizioz jokatuko dute Euskal Konfederazioan. Castetek berretsi du, «euskararen koofizialtasuna ezartzeko beharra» eta helburu horri tiraka euskal herritar guztiak deitu ditu Baionan azaroaren 21ean egingo den manifestazioan parte hartzera. Esparru politiko eta judizialean ez duen babesa topatzen duelako euskarak gizartean. Casteten arabera, «Ipar Euskal Herrian jendea euskara gosez da». 

Jarraitu beharreko bide-orria zehaztuta dute. «Argi dugu lehen pausua dela frantses Konstituzioaren bigarren artikulua aldatzea», dio Castetek, aurreratuz bilera erronda batean murgilduta daudela eragile ezberdinekin, Euskal Herrian eta frantses Estatuaren baitako gainontzeko nazioetan. Ildo berean, koofizialtasunari bide emateko lege proposamen berri bat aurrera atera dadin lan egingo dute. 

Frantses hizkuntzaren supremazismoan oinarrituta dago hein handi batean Estatua bera eta jakin badakiten arren askorentzat marra gorri bat izango dela, ez du amore emango Euskal Konfederazioak. «Galtzen diren borrokak, ematen ez direnak direlako», helburuari tinko eutsiko diotela aurreratu du Euskal Konfederazioko ordezkariak, euskararen etorkizuna baita jokoan dagoena.

Edozein kasutan, badira baikor izateko arrazoiak, 2021eko Molac Legearen bide parlamentarioa gogora ekarrita. «Hori duela zenbait urte inork ez zuen pentsatuko horrelako legerik bozkatuko zenik». Auzitegi konstituzionalak legearen eragina mugatu zuen arren, urrats historikotzat jo zen estaturik gabeko nazioetan, ordura arte mugiezinak ziruditelako Frantzia jakobinoaren oinarriak. 

Jaurlaritza Logoa