En directo

Iker Gurrutxaga
Donostia
Entrevista
Antton Aranburu eta Beñat Urteaga
Mihise taldeko kideak

«Ez dugu klaketa baten gainean jo nahi, askatasun hori nahi dugu»

Bost urte behar izan ditu Mihise talde usurbildarrak ‘Kronik@’ diskoa kaleratu eta ‘Ahaldatu’ argitaratu bitartean. Bizitzak aldatu ditu, bost urtek askorako ematen duelako eta musikan ere aldaketa batzuk badakartzate bigarren lan luze honetan.

Audio_placeholder

«Ez dugu klaketa baten gainean jo nahi, askatasun hori nahi dugu»

Loading player...
Mihise taldeko kideak.
Mihise taldeko kideak. (Ibai Arrieta)

Kaixo bikote, zer moduz?

Beñat Urteaga: Ondo, pozik hemen izateaz. 

Diskoaren irteera nolakoa izan da?

Antton Aranburu: Oraingoz, oso ona. Lagun artean eta zabaldu genuenean erantzun oso ona jaso genuen. Oraindik ere ibilbide askorik ez du egin, baina eman ditugun aurkezpen kontzertuekin kontentu gaude, primeran oraingoz.

Urria hasieran atera zen diskoa da «Ahaldatu». Lehen konpasetatik jostari zatozte eta lehen erritmoan jendea izutu ere egingo zenuten, reggaeton itxura baitu. 

Beñat Urteaga: [Barrez] Gustatzen zaigu ebidenteegiak ez diren gauzak egitea guri ere eta sorpresatxoak ematea, bakoitza beste toki batean kokatzera behartuz-edo.

Lan berria eta soinu berriak ere bai, nahiz eta teklatuak eta halakoak aurretik ere agertzen ziren zuen musikan. 

B.U.: Lehendabiziko kantuaren hasierari helduz berriro, pelikula bat ikusten ari nintzen eta soinu bandak atentzioa eman zidan. Sofan nintzela erritmo berezi hau sentitu nuen eta lokalera eraman nuen. Inprobisatuz sortzen ditugu kantuak eta hor hasi ginen eraikitzen gure jatorrizko instrumentuekin, baxua, gitarra eta bateriarekin.

A.A.: Esan daiteke nolabait ere kantuak hasiera bat duela eta atzetik Mihise datorrela. Nahiz eta bestea ere Mihise den, kontuz. Eta hori polita da, zerbait berria eta desberdina eskaini eta taldearen esentzia uztartzearena.

Ahotsetan halako goxotasun bat ere sumatu dizuet, Bon Iver edota Parcels bezalako erreferentziak ekarriz burura.

B.U.: Guk Radiohead aipatu izan dugu, baina bai, diozunetik ere badu eta izan zitezkeen lasai asko.

Ahotsena bada aldaketaren adierazleetako bat?

B.U.: Nik uste dut baietz. Aurreko diskoan aurrerapausoa musika ia instrumentala egitetik abestera pasatzea izan zen bezala, disko honetan ni akaso abeslariago izan naiz eta ahotsen melodiak ohikoagoak-edo, abeslari batek egingo lituzkeenak gehiago direla.

A.A.: Nik uste ausartu egin garela. Lehen diskoan izan zen ahotsak sartu genituela, baina gutxi eta oraingoan melodiak daude, beste lanketa bat izan dute eta atrebitzea ere izan dela esango nuke.

B.U.: Azkenean aurreko diskoarekin urte batzuetan kontzertuak eman ditugu eta norbera ere kantoreago sentitzen da ezta? Gaitasuna edo konfiantza edo… sentitzeko beste modu bat da, ezta? 

Horregatik izango da «ahaldatu», ezta? Aldatu, ahaldundu… Baina modu instrospektiboan edota kanpora zabaltzeko mezu moduan dator?

B.U.: Bost urte pasa dira aurreko diskoa atera genuenetik eta, noski, gure bizitzetan ere gauza asko pasa dira bost urte hauetan. Gurasotasunak egon dira Olasaren aldetik [Mikel Olasagasti, bateria-jotzailea], bikote harremanak, lan aldaketak, ikasketak…  Azkenean, horrekin bai esan dezakegula aldaketa bizitza honetan zerbait konstantea dela. Gainera, gure aitak esaldi hori asko erabiltzen zuen eta disko kontzeptual bat egitekotan, eta horren ideia bagenbeukan bueltaka, hari horri tiraka hasiko ginela argi geneukan.

A.A.: Azkenean da bost urte hauetan izandako bizipen horien islada diskoan jasotzea. 

Lehen abesti energiko horren ostean interludio moduko bat dator, ezta? «Bazabiltza (Pintzeladak I)».

A.A.: Bai, aurreko kantuan intentsitate altu horretatik gatoz. Lasaitzeko momentu bat da, arnasa hartu eta hurrengo abestian berriz ere zaplastekoa emateko prest.

B.U.: Nik hau beti ikusi dut zelai zabal baten moduan edota bailara erraldoi batean bazina bezala, pixkanaka aurrera joango bazina bezala. Anttonek lehen sintetizadore akordeak jo zituenetik sentitu dut horrela. Baxuak egiten du akaso ibiltzearen prozesu hori eta izenburua hortik ere badator.

A.A.: Eta hemen ere guretzat berria den beste egoera bat dago. Betiko erritmoetatik eta aldenduz, pasadizo lasai berri batetara goaz.

Zaplastekoa esan duzuen moduan segidan etortzen da, eta berezia iruditu zait, ze kantua izpirituz pixka bat pop-punk edota hardcore melodikoa deitzen den horretan kokatzen dut «Dena eman» abestia.

A.A.: Bada bai, izan daiteke. Hasiera batean, Usurbilgo Kulturguneak antolatu zuen azoka eder batetarako, hango moda desfilerako, sortu genuen kantua. Oinarri bat     hartu eta sintetizadoreekin jolasean ibili ginen Beñat eta biok. Bada, horko sorkuntza-jolas horretatik, ideia hau etorri zen, gero Olasak erritmoa sartu zion eta beste pelikula guztiz desberdin batean bukatu du. Kantuak bere freskotasun hori badu eta kontzienteki hartu genuen erabakia izan zen kolpetik abesten sartzearena. Gure tendentzia instrumentalera jotzea izan da, intro batetik abiatu eta halako kontuak, eta masaileko horren isla bezala, lehen segundutik indartsu eta energiaz beteta abesten hasi gara. Ederra kantua! 

B.U.: Bai, azkenean gure-gurea ez den toki batetik sortu da kantua eta gero egia da, era berean, biltzen duela disko honen gauza asko. Akaso laburpen bezala ere ona dela.

Sintetizadoreetan zer nolako gailuak erabili dituzue? Estilo desberdinetakoak entzun ahal izan ditugu lehen konpasetatik eta, gainera, Alejo Orbegozo «Ke Lepo» ere inguruan izan duzue.?

A.A.: Aldaketa handi bat egon da hor lehendabiziko diskotik hona. Jolas moduan ekarri genituen lokalera sintetizadore txiki batzuk eta jolas izatetik diskoan tokia hartzera pasa ziren. Baina, oraingoan, alderantziz izan da, sorkuntzaren prozesu hasieratik egon dira sintetizadoreak eta haiekin ere sortu dugu. Sintetizadore motari dagokionez, Beñatek Moog subsquent 37 mitikoa du, halako baxu potolo, sendo eta nahi denean zorrotzak eskaintzen dituena. NIk, Sequential etxeko Take 5 sintetizadorea ekarri dut, halako polifoniak sortzeko gaitasuna duena, ‘lead’ estiloko soinuak dituena, baina baita ‘pad’ moduan jotzeko goxo-goxo batzuk ere.

Bakoitzak, hortaz, bere instrumentu nagusiaren pareko sintetizadorea duela esan dezakegu.

B.U.: Bai, bakoitzak bere jatorrizko instrumentua ordezkatzen du sintetizadoretik. Nik baxuak eta berak melodikoagoak.

A.A.: Eta, aipatzekoa baita ere, diskoko grabaketan, Alejori laguntza eskatu geniola eta salbazio bat izan zela. Esan dun moduan, bere armategi guztia ekarri zuen eta bere materialaz gainera, bere ikuspegia ere gehitu zion diskoari, eta asko nabaritzen da. Aupa Alejo, eskerrik asko!

Hau orain zuzenekoetara eraman behar duzue. Nola egingo duzue bi instrumentuak defendatu ahal izateko?

A.A.: Bada, hor dago erronka handienetako bat diskotik zuzenera pasatzeko garaian. Hiru gara eta bi esku bai, baina lau ez ditugu. Diskoan aldaketa horiek guztiak egiten ditugu, baina zuzenean abesti batzuetan sintetizadoreak xumeago entzungo dira, ez duelako halako geruza festarik izango, baina Olasak pad bat eramango du eta pad horretik soinuren bat edo beste jaurtiko du eta hor sortuko da halako atmosfera kargatu bat. Baina, argi utzi nahi dugu padean grabatuta sartu dugun hori, kontzienteki hautatutako soinuak direla, ez dugulako nahi klaketa baten gainean jo eta askatasun hori sentitu nahi dugulako. Hortaz, bai egongo dela grabatutako soinurik, baina ez diskoko zehaztasun eta diskoko soinuarekin.

B.U.: Mikeli tokatu zaio entzuten duen horri jarraitzea, baina kantuak sortzerakoan zuzenean defendatzeko ideiarekin sortzen ditugu. Lokalean joz sortzen ditugu abestiak eta diskoan zatiren batean elementu asko dauden arren, kenduko duguna da sinteren baten bigarren ahotsen bat eta halako kontuak.

Edizio fisikoa, beste artelan bat. Nork egin du?

B.U.: Gaur hemen falta denak, Olasagasti jaunak, Mikelek. Bada, taldeak Mihise izena duenez, lehen diskoarekin mihise baten gainean koadro bat egin genuen eta, bigarren honetan, bada, beste hainbeste. Formatua oso antzekoa da, baina guri gauzak lotzea gustatzen zaigun horretan, berezitasun bat badu, bi azalak lotuta daudela. Aurreko diskoa zuri-beltzean eta hiru tanta beltzekin gu hiruak ordezkatuz ageri ziren bezala. Disko hau gainean jarriko balitz, sustrai haietatik hiru kolore funtsezkoetan eztanda egiten du denak. Hortik sortzen dira kolore nahasketa guztiak.

Kontzertuak abian.

A.A.: Urte buakerakoak eginda, urtarrilaren 9an Tolosako Bonberenean izango gara. 

Jaurlaritza Logoa