En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria
Entrevista
Ruper Ordorika
Musikaria

«Ez naiz kantu testimonialen ildokoa baina etorri bezala idatzita daude»

‘Lurra ikutu barik’ izeneko disko berriarekin dator Ruper Ordorika. Hiru musikari puska izan ditu alboan diskoa onduz, Leo Abrahams, Kenny Wollesen eta Jon Thorne. Hainbat urteren ostean, anaia Jonan ez den beste teknikari batekin ere grabatu du diskoa, Victor Sanchezekin, Adunako Elkar estudioan.

Audio_placeholder

«Ez naiz kantu testimonialen ildokoa baina etorri bezala idatzita daude»

Loading player...
‘Lurra ikutu barik’ diskoa aurkeztu zuen NAIZ Irratiko MusikHaria saioan Ruper Ordorikak.
‘Lurra ikutu barik’ diskoa aurkeztu zuen NAIZ Irratiko MusikHaria saioan Ruper Ordorikak. (Jon URBE | FOKU)

Ruper Ordorika, zer moduz?

Ongi, eskerrik asko.

Berezitasun bat badu kanpotik ikusita diskoak eta hori inguratu zaren musikarietan dago. Nola sortzen da hirukote horrekin lan egitearena?

Kennyrekin, oker ez banago, bederatzigarren diskoa da egiten dudan hau. Ameriketan nenbilela ezagutu nuen musikari handia da eta badut zortea. Oraintsu etortzekoa zen Donostiara Laurie Andersonekin baina bertan behera geratu da kontzertu hori. Disko honetarako, Donostiako Trinitate plazan, Jazzaldian, John Thornerekin etorri zenean bahitu nuen. Ez diskok Jon Thorne, baizik eta beste bat zen. Leo Abrahams nire aurreko disko batean egon zen, ‘Lurrean etzanda’-n, eta etorri zen Anohni artistarekin, Kursaalen jo zuen eta orduan probestu nuen bere parteak egiteko. Eta kontrabaxua jotzen duena da ezagutzen ez nuen bakarra, Jon Thorne, ingelesa eta harengana asko maite nuen eta berriki hil den beste kontrabaxu-jotzaile baten bidetik iritsi naiz, Danny Thompsonen eskutik. Nire esparruaren bila ibili naiz, baina, egiazki, datorren bezala hartu dut. Ez nuen ildo konkretu bati jarraiaka aritu, baizik eta kantuen menera eta laukoetan egin dugu.

Beste berezitasun bat lehen kantuaren hasieratik, ‘Garai batean’ abestiaren sarreratik, entzuten dugun bibrafonoa da. Presentzia nabarmena hartzen du diskoan.

Aunitz maite dut nik bibrafonoa eta Kennyk jotzen du eta lortu genuen bibrafono on bat, Tolosako musikari batek utzia. Probestu genuen, besterik gabe.

Abestia bete-betea entzuten da oihartzunari esker, baina lehen esalditik barruan mugitzen zaigu halako zerbait. Anaiari eskainitako kantua da?

Gertatu zaizkit gauza batzuk eta ezin albo batera utzi. Ez naiz bereziki kantu testimonialen ildokoa, baina etorri bezala idatzita daude. Horregatik, behar bada, jarri diot diskoari ‘Lurra ikutu barik’ izenburua. Nire sentsazioa da batzuetan ez ote zaren bidea baizik, nonbaitetik etortzen diren sentimenduak garraiatzen dituena. Eta bai, galera batzuk egon dira baina ez naiz laketzen horretan. Uste dut behar nuela hori egin eta horrela atera zait.

Heriotzari beldurra etortzen hasi ote zaizun ere pentsatu dut uneren batean.

Ez, egiazki uste dut zenbait gertaerak ardatzetik ateratzen zaituztela eta esaera klasiko bat da «ikaran jabilt oinetako lur hau», eta hortik abiatuta etorri da, baina ez dut ikararik zentzu horretan. Hala ere, esaten dutenez, bizitza gainbaloratuta dago, denbora gehiena heriotzan pasatzen dugulako, kar-kar.

Gitarraren efektuetan eta lan handia egin du Leo Abrahamsek. Soinu aniztasuna, teknika desberdinak…

Leo gitarra-jole handia izateaz gainera, produktore ere ibilia da eta hainbat taldetan, ezta? Blur, Eno… Bere dohainetako bat da bere artxiboa, berak sortutako soinuak eta lan asko egiten du horretan. Alde guztietara doa bere ordenagailuarekin. Badu musika buru ikaragarri bat eta asko ematen dio diskoari. Koproduktore bezala aipatuko nuke, nahiz eta ez dakidan zer den hori… Asko bideratu du soinua.

Nahasketak egiterako garaian presente egon da?

Berak bere zatiak bai, beti berarekin txekatzen da. Gainera, bada beste aldaketa bat disko honetan, nik anaiarekin egin izan dut lan azken urte luzeetan eta hau Victor Sanchezekin egin dut goiti eta beiti eta halako suertez nik maite dudan zintaren erabilerarekin. Nik uste dut igarri egiten dela soinuan eta halako gauzak, halako frikiladekin ibiltzen gara. Denborak beste bide batetik doaz, baina niretzat abantaila bat izan da halako tresnak eskura izatea.

Kantu denak kontrabaxuarekin daude jota?

Hau bada Jon Thornek baduen bitxikeria bat. Bere izena zabaldu zen talde elektroniko batekin, Lamb taldearekin. Kontra-baxuarekin jotzen zuen bost edo sei urtez bira handietan, baina musika elektronikoa egiten. Kontrabaxua jotzen du, baina ez modu akademiko batean.

‘Gauzak noiz hobetuko zain’ abestia iluna dela esaten badugu, ez gabiltza oker, ezta?

Hau egiazko istorio bat da. Pandemia sasoian, etxean itxirik ginenean, mugak itxi zituzten. Ekarri zuten armada Pirinioetara eta abar eta mutiko afrikarrak Irundik ezin pasata ibili ziren eta mendiz hasi ziren pasatzen, euskaldunek hainbeste mendetan eraikitako bideetatik, beren Pariserako ametsean. Gauza sinple bat da, ikusten baduzu mendiko errepide albotik pertsona xuri bat mendizalea edo onddozalea dela pentsatzen duzu, baina beltz bat ikusten baduzu, ihesi doan norbait dela pentsatzen duzu. Mugaldean bizi izanda, halako asko ikusteko beharra izan nuen eta kantu hau egin nuen.

Gizartearen inmobilismoari kritika bat ere egiten diozu hemen, ezta?

Errealitate bat aipatzen dut. Lehendabizi izua zabaltzen da eta, gero, horren ondorioak ikusten ari gara oraintxe, bost urte beranduago. Jendea gelarazten egunerokoan, halako ezintasun bat zabaltzen da gertakizun guztien aurrean, badirudi ez duzula zereginik eta hori aipatzen dut. «Beldurra bera zaldi», esaten zuen liburuak.

Musikara itzuliz, diskoan dauden xehetasunak eta batez ere gitarra geruzak nahasterakoan asko erotu zarete?

Nik esaten nion Victorri ezin gaitezkeela okertu. Hain dira onak, bata bultzatzen badugu bestea galduko dugula, baina ez dugula alferrik galduko lana. Denak badu intentzio musikal handi bat. Gainera, abestien itzulpenak bidaltzen dizkiegu, haiek eskatuta, abestiaren beren zatiak osatzeko ezinbestekoa egiten zaielako.

‘Goiztiria’ abestia entzunda, galdetu behar dizut. Bakardadeari beldurra diozu?

Ez, ez dut beldurrik. Ez dut horrela ikustatzen kantua ere. Bakarrik da batzuetan kantuak egiten dituzula ia-ia otoitz gisara, zerbait ez dadin gerta, ezta? Beste errealitate bat deitzeko eta nik uste dut saiatzen naizela etortzen zaizkidan ideia makurragoak edo beltzagoak argitara eramaten. Saiatu naiz, beharbada, gai bati jarraiki idazten kantuak disko honetan, baina ez dut lortu. Etorri bezala egin ditut. Badut sentsazio hori, ez dakit garbi adierazten, baina norbera da motorra batzuetan eta besteetan nonbaitetik datorren hori bideratzen duzu, ezta? Bada, disko hau, bigarren horrekin lotzen dut. Bai azala, bai izenburua, bai dena…

Ramon Zuriarrainen artelan bat da diskoaren azalera eraman duzuna, ulertzeko ez dena erreza. Berak zer ideia plasmatu nahi izan du edo zuk zer eskatu diozu berari?

Egina zen margo bat da. Nik ikusi nuen eta pentsatu: «Hau da nik ‘Lurra ikutu barik’ irudikatzeko modua». Ekain galerian dago margo hau eta eskatu genion, nahiz eta bera pertsonalki ez ezagutu.

Azken kantuak, ‘Denak du bere sasoia’, ez du bonborik. Oso berezia iruditu zait hori.

Ez, bibrafonoa, kontrabaxua, gitarrak eta perkusio pixka bat baino ez du. Kantu hau egin eta gero ohartu nintzen testu hau hit bat izan zela, The Birds taldearena, ‘Turn, turn, turn’ eta era berean Pete Seegerrek ere bazuen honen beste bertsio bat, bizi guztian entzun duguna, baina ez genekien hitz hauek zituenik, nahiz eta doinuarekin zerikusirik izan ez. “Kohelet” liburua, edota “Ecclesiastes” deitua baita ere, judutarren sinismenetan ere oso garrantzizkoa dena da, nahiz eta Bibliaren liburuetako bat den.

Zu sasoiko zaudela argi geratu da disko honetan. Orain badituzu aurkezpen kontzertuak?

Larzabalen, Behe Nafarroan, hasiko gara lan horietan, abenduaren 7an. Donostiako Victoria Eugenian dugu abenduaren 13an, abenduaren 20an Bilboko Kafe Antzokioan urtero legez, 23an Arrasateko Amaia Antzokian, Azkoitiko Baztartxon 27an eta urtarrilaren 3an Gasteizen. Horiek egingo ditugu diskoa babesteko eta gero, nik uste, udaberri aldera ekingo diogula gainerakoari.

Bada, mila esker Ruper.

Zuri. Nahi duzun arte, eskerrik asko.

Jaurlaritza Logoa