Zuzenean

Musikan ibiliak dira eta bideak erakutsitakoaren eta handik ikasitakoaren ondorioz sortu da Bisai taldea. Hirukote moduan datoz eta Mikel Irazokik ekoitzitako lana da estreinako ‘Hemen naiz’. Irazokiren eskua nabari da sintetizadore eta halakoen erabileran, ez baita alferrik nazioarteko artistekin lanean aritzen Berako musikaria.
Ahots efektu ugari, gitarretan lan handia, erritmoetan jostari… Baina batez ere kantu goibelak osatu dituztela esan daiteke. Malenkonia asko duena eta rock gogorra bigun bihurtzera bideratu dute. Hau da, izpiritua nabari da non dagoen, baina, haiek esan moduan, «2025eko rock disko bat» egin nahi izan dute.
Idoia Asurmendiren kolaborazioa izan dute ‘Merezi duenak’ kantuan eta Ruper Ordorikaren ‘Zaindu maite duzun hori’ kantuaren bertsioa ere sartu dute 11 abesti dituen diskoan. Dagoeneko hamalau kontzertu eman dituzte, baina ziur gehiago ere etorriko direla. Bitartean, ezagutu diskoaren xehetasun guztiak MusikHaria saioan Mayordomok eta Urrozek eskaini zuten elkarrizketa entzunda.
Gero norberak ikusiko du bere bisaia zein modutara jarriko duen, alai, triste, haserre edo itxaropentsu. Denetariko abestiak topatuko dituzue ‘Hemen naiz’ diskoan.




