En directo

NAIZ irratia

ADI eta Ari | Adberbioak sortzeko formula

[2x1] Ikasgai honetan adberbioak sortzeko formula ikasi dugu.

Audio_placeholder

ADI eta Ari | Adberbioak sortzeko formula

Loading player...
El buque de rescate Aita Mari volverá a poner rumbo al Mediterráneo.
El buque de rescate Aita Mari volverá a poner rumbo al Mediterráneo. (@maydayterraneo)

NEREA:
Kaixo, Ander.

ANDER:
Egun on, Nerea. Zer moduz?

NEREA:
Aita Mari salbamenduko itsasontziari buruzko kontuak irakurtzen. Bederatzigarren misioan dihardute Mediterraneoan.

ANDER:
Baimena eman zieten orduan?

NEREA:
Bai, otsailean. Derrigorrezko ikuskapenak egin eta inspektoreek zorionak eman zizkieten, Aita Mariren egoera bikainarengatik.

ANDER:
Helburua da itsasoan noraezean dauden errefuxiatuei laguntzea eta portu seguruetara eramatea, ezta?

NEREA:
Hala da. Aita Marik Mediterraneoan egindako zortzi misioetan mila pertsona baino gehiago erreskatatu ditu.

ANDER:
Hegaluzeak arrantzatzeko itsasontzi bat izan zen Aita Mari, eta salbamendurako egokituta dago gaur egun.

NEREA:
Salbamenduan, gobernuz kanpoko erakunde baten moldean funtzionatzen du.

ANDER:
Azkeneko aldian, Italiako Gobernuak zigor espediente bat ezarri al zion Aita Mari ontziari?

NEREA:
Italiako Gobernua saiatzen da kontrol zorrotzak egiten, trabak ipintzen, inspekzio zorrotzak egiten, Aita Mari portuan denbora ahalik gehienen geldirik edukitzen.

ANDER:
Zenbat lagun joan dira bederatzigarren misioan?

NEREA:
NAIZ Irratian entzun dut hamahiru laguneko eskifaia dela: kapitaina, marinelak, makinen teknikariak, sukaldaria eta, noski, erreskate eta osasun boluntarioak.

AUDIOA - MIKEL SAN SEBASTIAN

NEREA:
Mikel San Sebastian boluntarioaren hitzak ziren horiek. Lehendabiziko aldia da Aita Mari itsasontzian joan dena salbamendu lanetara.

ANDER:
Tamalez itsasoaren eta haizearen aurka ibili behar dutela aipatu du.

NEREA:
Tamalez hitzak zoritxarrez esan nahi du. Adberbioak dira.

ANDER:
Tamalez adberbioak baditu beste sinonimo batzuk: zorigaitzez, damurik, ondikoz, maluruski.

NEREA:
Urtero-urtero, zoritxarrez, Mediterraneoan afrikar asko erreskatatu behar izaten dituzte.

ANDER:
Esan duzuna egia gordina eta lotsagarria da, damurik.

NEREA:
Ondikoz, jende asko hiltzen da itsasoan.

ANDER:
Tamalez eta zoritxarrez adberbioen kontrakoa edo antonimoa da zorionez.

NEREA:
Andra Mari bezalako salbamendu ontziek, zorionez, migratzaile franko erreskatatzen dituzte itsasoaren erdian.

ANDER:
Zorionez ere adberbioa da, jakina.

NEREA:
Zorionez hitzaren sinonimoak dira beharrik, fortunaz, ordu onean.

ANDER:
Beharrik da gertatu Andra Marik mila migratzaile baino gehiago salbatu dituela bost urtetan.

NEREA:
Beharrik hitzak eta eskerrak hitzak antzeko eran funtzionatzen dute. Beharrik Andra Marik itsasorako baimenak lortu dituen.

ANDER:
Ordu onean abiatu dira Mediterraneora.

NEREA:
Eskerrak borondate oneko jendea dagoela.


 

AUDIOA - MIKEL SAN SEBASTIAN


NEREA:
Tamalez, eskuin muturreko gobernuak oso gogorrak izaten dira immigrazio kontuetan.

ANDER:
Baina, zorionez, modu batera edo bestera laguntza humanitarioa antolatzea lortzen da oraindik ere.

NEREA:
Zorionez eta zoritxarrez bezalako formarekin zein adberbio gogoratzen dituzu?

ANDER:
Esate baterako, derrigorrez eta nahitaez. Adberbio hauek ere -ez atzizkia txertaturik eratzen dira.

NEREA:
Ezinbestez hitza ere halaxe osatuta dagoela dirudi.

ANDER:
Adibidez ere molde horretakoa da. Eta aurrez, eta berez, eta faborez, eta funtsez, eta gehienez, edo gutxienez.

NEREA:
Baita ere... halabeharrez, eta honenbestez, eta kolpez, eta nekez, eta suertez, eta tanpez, eta zinez, eta beste asko.

ANDER:
Zer ikasi dugu gaur?

NEREA:
Zorionez, adberbioak eratzeko formula erraz askoa dela -ez atzizkia baliatzea.

ANDER:
Egunez eta gauez, horiek biak ere adberbioak dira, ezta?

NEREA:
Bai, bai. Pozez eta saminez bezala. Edo negarrez eta barrez.

ANDER:
Ze formula praktikoa, aizu! Mesedez, eman egizkidazu beste zenbait adibide.

NEREA:
Entzutez eta ikustez berehala antzemango dituzu zeuk.

ANDER:
Etxera itzuliko naiz, Nerea. Gosez eta egarriz nago.

NEREA:
Bizikletan joango al zara?

ANDER:
Ez. Gaur, oinez. Hurren arte.

NEREA:
Adio, Ander.

Hemen entzun dezakezue Iñaki Goñi eta Mikel San Sebastiani egindako elkarrizketa.

Jaurlaritza Logoa