En directo
Pop berriaren alkimista deitu izan zaio, baina ez du soilik pop-a egin: hain zuzen, jazzaren testuingurutik zetorren Quincy Jones (Chicago, 1933), klubetan tronpeta jole izatetik lehenbizi, eta jazz izar handienen orkestrentzako abestiak sortu, konponketak egin eta ekoiztetik geroago. Beraz, jazzean ikasitako guztia hartu eta, funk tanta batzuk hemen, soul tanta batzuk han, XX. mendeko nazioarteko musika zaharberritzeko gakoetako bat izan zen Jones.
Ray Charles, Sarah Vaughan edota Frank Sinatra bezalakoekin lan egin ostean, 80. hamarkadan pop-a irauliko zuen izarrarekin, Michael Jacksonekin, bikote artistikoa osatzeagatik izango da bereziki gogoratua. Binomio itzel honek hiru disko aterako zituen elkarrekin: Off the wall (1979), Thriller (1982) eta Bad (1987), eta hiruekin, zetozen hamarkadetako pop-aren gidalerro berriak zehaztu zituzten. Egungo izarrik handienak diren Beyoncé, The Weeknd edota Bruno Mars ondare horren jarraitzaile zuzen kontsideratzen dira.
Horrez guztiaz gain, 73 filmetarako soinu bandak ere sortu zituen bere 91 urteetan. Ez da makala Quincy Jonesek bere intuizio musikalari eta ausardiari jarraituz lortu zuena, beraz, ordubeteko saio monografikoa merezi zuen Naiz irratian.