En directo
Zinebi dokumental eta labur jaialdia abiatu da ostiral honetan, azaroak 8, Bilbon. Estreinaldien artean euskal ekoizpenak ere badaude. Besteak beste, Beñat Iturriozen 'Enarak' eta Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak, Ainhoa Andrakak zuzendutako 'Itoiz udako sesioak', biak dira dokumentalak. Horretaz gain, 'Tasio' eta 'La muerte de Mikel' film zaharberrituak ikusteko aukera izanen da Zinebin.
Asteko gomendioen zerrenda ere osatu dugu noski, karteldegiko zein plataformako estreinaldiak.
Marco, Aitor Arregi eta Jon Garaño
Veneziako jaialdian estreinatu eta Donostiako Perlak sailetik pasa ondoren Moriartiarren ekoiztetxeko azken lana estreinatuko da ostiral honetan, azaroak 8, zine aretoetan. Jon Garaño eta Aitor Arregi zuzendariek Enric Marco iruzurgilearen bizitza eraman dute pantaila handira. Enric Marco inoiz existitu gabeko deportatua izan zen, iritzi publikoaren eta bere familiaren aurrean imajinatzen zaila zen gezur bati eusteko gai izan zen gizona: nazien kontzentrazio-esparru batean preso hartu zutela. Karismatikoa eta sinesgarria, Holokaustoaren Biktimen Espainiako Elkarteko presidente izateraino iritsi zen Marco, eta bertan, mirespena piztu zuen bere ustezko ausardia eta sufrimenduagatik. Harik eta egun batean historialari batek bere kontakizuna erabat faltsua dela jakin zuen arte.
Hemen duzue
Donostiako Zinemaldian Aitor Arregi eta Jon Garaño Bigarren Kafea saioan izan ziren filmari buruz hitz egiten. Donostian, 3000 lagunen aurrean erakutsi zuten filma, Belodromoan.
La cocina, Alonso Ruizpalacios
Bazkaltzeko puntako ordua da The Grillen, New Yorkeko turistentzako tranpa gisara funtzionatzen duen jatetxean, eta ehundaka bezerori arreta eskaintzeko prestatzen ari dira langileak. Gertakari batek, ordea, eguna zaildu du: Kutxatik dirua desagertu da eta langile guztiak galdekatzen ari dira. Horietako gehienak legez kanpoko etorkinak dira, eta beren lana defendatzeko borrokatzen dute, hiri erraldoian duten leku bakarra, plater ugari prestatzen dituzten bitartean, jantokitik iristen diren eskaeren etengabeko fluxuaren erritmoari jarraitzea besterik ez baitute.
El clan de hierro, Movistar +
80ko hamarkadaren hasieran, borroka libre profesionalaren mundu lehiakorrean historia egin zuten Von Erich anaia banaezinen bizitzan oinarrituriko filma. Tragediaren eta garaipenaren bidez, entrenatzaile ere izandako aitaren itzalpean, anaiek loria betierekoa bilatu zuten kirolaren agertoki garrantzitsuenean.
La quimera, Movistar +
Denok dugu quimera edo ameskeria bat, egin nahi dugun zerbait, eduki nahi duguna, baina inoiz aurkitu ez duguna. ‘Tombaroli’ bandarentzat, antzinako hilobi eta aztarnategi arkeologikoen lapurrentzat, adibidez, lan egiteari uztea eta ahalegin handirik egin gabe aberastea litzateke. Arthurentzat, aldiz, ameskeriak Benjaminen antza du, galdu zuen emakumearena. Canneseko Sail Ofizialean estreinatu zen filma, eta ondoren Seminci jaialdian ere izan zen, berea izan zen Zilarrezko galburua.