En directo
Dimako Artaun mendiko auzoan gaude, Urkiolako Parke Naturalaren inguruetan. Etxe gutxi batzuek osatzen dute eta horien artean, gain-gainean, Antzasti dugu. Lorategi zabal batek inguratzen du baserria, eta, belardia pasata, taberna txiki baina atsegin batek bertako salgaiak eskaintzen ditu.
Etxea barrutik ezagutu nahi izan dugu, ordea. Cristina Amezagak ireki dizkigu baserriko ateak eta, beheko pisuan sartu orduko, XIX. mende amaierako edo XX. mende hasierako korta batean aurkituko gara. Aitzakia aparta da etxearen kontzeptua semantikoki nola birmoldatu den ulertzeko.
Badira hainbat elementu garaiaren erakusle aproposak izaten direnak. Horietako bat da sukaldea, eta beheko pisu honetan erreplikatu dutenak asko kontatzen du. Korta zahar baten erdian, sukalde moderno samar honek eredu aldaketaren pista bat ematen digu.
Zoru mailako pisu honetan harrera egiten digun sukaldetik, lehenengo pisura igo gara, horrelako baserri baten bizileku espazioak ezagutzeko. Bertan, bestelako sukalde bat topatuko dugu: beheko sua, lanetik at bestelako hainbat istorioren lekuko den topalekua eta txikienen lehen gizarteratze prozesua. Amezagak ondo nabermendu duenez, «Baltzolako Kobetatik gertu gaude hemen», eta erraz eramaten gaitu irudimenak Mari edo Sugoiren inguruko kontakizunetara.
Horrekin batera, bi logelak, jangela batek eta botikak osatuko dute bigarren solairuaren irudia, ohiturak eraldatzen ari diren erakusgarri.
Industria iraultzak ohiturak ere irauli zituenekoa
Azken pisuan, goi-goian, paisaia erabat aldatu da. Gaur egungo bizimodura hurbiltzen gaituzten elementu ezagun gehiago aurkitzen ditugu, industria iraultzaren lekuko.
Modernitateko bildumaren kalitateak esaten digu oraindik ez dela objektua debaluatu, iraunkortasuna eta berrerabilera existitu egiten direla oraindik, baina desagertzeko bidean daude dagoeneko. Gainera, nabari da aisialdia sartu dela jokoan.
Berriki ospatu den landa eremuko emakumeen egunaren aitzakiarekin, hausnarketa sortu da Antzasti baserri barruan: ba al dago espazio komunik egungo landa eremuko bizimodu baten eta etxe honetan ikusitako bizimoduaren elementuen artean?
Izan ere, mantendu daitezke hainbat alderdi, baina modernitatearen ezaugarriek guztiok zeharkatzen gaituzte, eta emakumeongan bereziki, oso bizirik dago dikotomia hori. Bi mundu horiek uztartzea posible ote den galdetu diogu Cristinari: «baserrian lan egitea ez da ordutegi bat jarraitzea, pentsatu behar duzu bizitza eta lana bat izango direla», nabarmendu du. Horixe da, hain zuzen, Lorea Momeñe edo Maider Undaren kasua.
Zahar eta berri, atzo eta gaur
Egun, gutako askok gozagai ditugu garai hartan hiri handietako burgesiaren ezaugarri ziren teknologia eta bizimodu horiek. Aberatsak izan ez arren, Antzastin ikusitako bilakaera soziologikoak guztioi eragin digu hein batean. Badira antzinako mundu ikuskeratik berreskuragarriak liratekeen kontuak, baita goraipatzeko moduko erosotasun berriak ere.
Hala ere, erromantizazio puntu bat bada garai zaharrez hitz egiten dugunean. Euskal baserriez ari garenean, kasu. Amezagarekin izandako solasalditik ateratzen dugun ondorioa; nostalgian murgiltzea ondo dagoela tarteka, baina nostalgian galdu gabe.
Edonola ere, Antzastik ibilalditxo nostalgiko hori egiteko aukera ematen du, soziologiaren ikuspuntutik. Eta, akaso, «euskaldunon etxea» izenpean, esaten digu euskaldunon etxea etxe asko direla.