En directo
Azken asteotan albiste izan da Gaintxurizketa zeharkatzen duen GI-636 errepidea. Bizilagunak kalera irten dira, azken bi urteetan zazpi hildako egon dira, eta orain aurreikusi dute aferari irtenbidea emateko pasarela bat eraikiko dutela errepide gainean.
Azken erabaki horretara heldu aurretik, Don Bosco Formakuntza Profesionalerako ikasle talde batek proposamena egin zuen 2023an, Joana de Almeida gazteak errepidea zeharkatzen zebilela izan zuen istripu hilkorrak eraginda. Lan horren egileetako bat da Eider Iragorri, eta NAIZ Irratian izan dugu.
Iaz egin zuten lana, baina orduz geroztik ez da aldaketa handirik egon. Proposamenez abiatu zuten, baina berehala sentitu zuten horrekiko inplikazioa; kontziente ziren urrunetik zetorrela borroka hori. Eider Iragorrik ez du espero datozen urteetan aldaketarik gertatzea, baina «esperantza» agertu du noizbait iritsiko dela.
Azaldu digunez, dentsitate handiko errepide horretan urtetik urtera hazi da trafikoa, hasieran hainbesterakoa ez bazen ere. Denborarekin inbertsio esanguratsuak izan dira, biribilgunean esaterako, baina egokitzapenak ibilgailuentzat bakarrik egon dira bideratuta. Auzoaren eta auzokoengan, ordea, ez da arretarik jarri.
Arazo bakoitzeko, konponbide bat
Azken lanetako bat Errekalde Hotela izan da, Gaintxurizketako biribilgunearen hirugarren erreiaren zaharberritzearekin batera. Iragorrik ez du uste lanen ostean ibilgailuen abiadura handitu denik, baina azpimarratu du hortik igarotzen diren ibilgailu berrientzat sorpresa izaten dela inguru horretan oinezkoak topatzea.
Beste puntu beltzetako bat Euskotrenen geltokia da. Perrene auzora, hotelera edo inguruko enpresetara gerturatzeko, bai ala bai, errepidea erditik zeharkatu behar da eta ez dago inolako pasabide edo semafororik. Eremu horretan, gainera, ez dago ez kale-argirik, ez abiadura mugatzeko seinalerik. Hor jarri zuten fokua, besteak beste, eta ondorioztatu zuten gaineko pasarela bat izan zitekeela ibilgailuei zein oinezkoei bidea errazteko egitura aproposa.
Don Boscoko ikasleek jasotako proposamenen artean lehenengoa hiru errei dauden eremuan hirugarrena kentzea izan zen. Bigarren proposamenak oinezkoentzako pasabidea eta topoaren geltokiaren inguruan botoi bidezko semaforoa ezartzea jasotzen zituen eta, hirugarrenik, proposatu zuten bidezidor bat egokitzea Perrene auzora sartzeko.
Lan honek zerikusi handia du Joana de Almeida gaztearekin; istripuan hil zen 2023ko urtarrilean. Lagun eta bizilagunekin hitz egiteko aukera izan dute lanaren egileek, baita hausnartzekoa ere, eta konklusioa garbia da: inguru horretatik ibiltzea «hil ala biziko» kontua izan daitekeela.
Iragorriren esanetan, egoera ez da bideragarria familientzat, izan ere, haur edo adineko batek ez du gazte baten trebetasun bera izango gurutzatzeko garaian. Badira auzoa utzi behar izan dutenak, baina «edozeinek ez dauka aukera etxea saldu eta beste nonbaitera joateko».
Amaitzeko, aipatu du Iragorrik hedabideetatik arreta jaso izan dutela, baina Gipuzkoako Foru Aldundiarena atzeratu egin dela. Errepide gaineko pasabidea, behintzat, aurreikusita dago dagoeneko.