En directo

Bigarren Kafea

«Ijito erreferenteak izatea beharrezkoa da, batez ere emakume gazteek bide berriak ezagutzeko»

Emakume ijito erreferenteak ezagutarazteko asmoz Topaketa Pedagogiko eta Feministak antolatu ditu Kera elkarteak urrirako

Audio_placeholder

«Ijito erreferenteak izatea beharrezkoa da, batez ere emakume gazteek bide berriak ezagutzeko»

Loading player...
Kera Elkartea / Palmira Dual Jimenez
Kera Elkartea / Palmira Dual Jimenez (Bigarren Kafea)

Gizakia bizitzeko prestatzen den eraikina izan daiteke etxe bat, baita erosotasuna, hizkuntza bat edo pertsona bat ere. Kultura bat izan daiteke, bizitegi, bizileku edo familia. Erromitxelaz, Euskal Herriko ijito herriaren hizkuntzan, etxea Kera da, horregatik hartu du emakume ijitoen elkarteak haien izentzat. 

«Gure helburua emakumeen bizitza kalitatea hobetzea da. Akonpainamendua egitea, hezkuntza garatu dezaten laguntzea… Horretarako hitzaldiak, tailerrak eta beste egiten ditugu», kontatu du elkarteko kide den Palmira Dual Jimenezek. 

Kontatu du ezjakintasun handia dagoela ijitoen inguruan, eta horretan lana egitea dela haien bidea: «Emakume ijitooi motxilak asko pisatzen digu. Gure bizitza ezagutzea ere garrantzitsua da. Zer gertatu da historikoki eta emakumeek zein paper izan dute?».  Gainera, aipatu du ijito ez direnez gain, emakume ijito gazteek guztia jakitea ere garrantzitsua dela. 

Honen baitan sortu zituzten duela lau urte topaketa pedagogiko eta feministak, eta aurten, urriaren 10 eta 11ean egingo dituzte Donostian. «Ijitoentzat eta gizarte osoarentzat bateragarria den zerbait egin nahi genuen, lotura sortzeko. Hortik etorri zen jardunaldiak antolatzeko ideia. Aurten abokatuak ekarriko ditugu», azaldu du Dualek. 

Edonor gerturatu daiteke topaketetara, ikasteko asmoz dagoen oro gonbidatu nahi baitute, eta bertan erreferenteak sortu eta elkar ezagutzea sustatu nahi dute: «Ijito erreferenteak izatea beharrezkoa dugu, batez ere emakume gazteek bide berriak ezagutzeko». Beraz, honen berri nahi izanez gero, urriaren 10 eta 11ean Donostiako EHUko magna aretoan antolatu dituzte Topaketa Pedagogiko eta Feministak.

Jaurlaritza Logoa