En directo

Maite Bidarte

Bigarren Kafea eta Zebrabidea indar eta gogoberrituta datoz

«Berritu ala hil» diote askok, NAIZ irratian bigarrenekorako inongo intentziorik antzematen ez denez, berrikuntzekin datoz Bigarren Kafea eta Zebrabidea magazinak. Udako oporralditik bueltan, astelehen honetan, irailak 9, abiatuko dute denboraldi berria.

Audio_placeholder

Bigarren Kafea eta Zebrabidea indar eta gogoberrituta datoz

Loading player...
Bigarren Kafea magazineko lan taldea 300. saioa ospatzen Donostiako Aquariumean
Bigarren Kafea magazineko lan taldea 300. saioa ospatzen Donostiako Aquariumean (Andoni Canellada | Foku)

Abuztuari agur esan berritan martxa hartzen ari da NAIZ irratiko programazioa. Informazioaren Hariko kideak izan ziren lehenak, eta astelehenean, Bigarren Kafea (10:00-12:00) eta Zebrabidea (16:00-18:00) magazinen txanda izango da. Ahots berriak, sekzio inspiratzaileak, estreinako tertuliakideak... eta baita irrati fikzioa ere! Askorako emango du hastear den denboraldiak. Bigarren Kafeko Goiuri Ezeiza eta Zebrabideko Oihana Azkuek eman dituzte xehetasunak.

NAIZ irratiko entzule fidela bazara ohartuko zinen dagoeneko lehen berritasunaz: Zebrabidea magazinera gehituko da denboraldi honetan Oihana Azkue. Sara Iriarteren lekua hartuta, «irrikaz, baina soseguz» dagoela aitortu du Azkuek. Iazko aurkezle-bikotea formatuarekin jarraituko du saioak eta Antxeta Irratiko Ekhiñe Zapiain izango du bidelagun Azkuek Arrosa Sarearen baitan sortutako magazinean. Nahiz eta erronka honi heldu 'Paraleloan' kultur elkarrizketak ez ditu alde batera utziko, kultur elkarrizketaren tarteak jarraituko du, pilula motzekin aste tartez, eta sakoneko elkarrizketekin, asteburuan (igandeak, 20.00tan).

Jarrai dezagun bada Zebrabideko berritasunak zerrendatzen. Arrosa Sareko irratien parte hartze handiagoa egongo da tertulietan; liburu, film eta musika proposamenik ez da faltako. Azken ardura horietan arituko dira Ion Etxebarria 'Okantza', Xabi Maeztu 'Triski' eta Ignazio Arakistain. Baratze eder bat nahi baduzu Areitz Soroa Baserri Eskolako Ion Colino aditu beharko duzu. Sano eta ongi elikatua egoteko Maddi Etxeberria. Trikiti doinuak gustuko badituzu, jakin, hamabostero, Euskal Herriko Trikiti Elkarteko Andoitz Anzizarrek gurutzatuko duela Zebrabidea.

Ekhiñe Zapiain eta Oihana Azkue, Zebrabideko gidariak.

Denboraldia hasteko prest dago Bigarren Kafeako crew-a ere. «Kafeinak asko laguntzen du» esan du barrez Goiuri Ezeizak. Iñigo Asensio eta berak aurkeztuko dute aurten ere NAIZ irratiko goizetako magazina eta iazko tripulazioa izango dute ondoan aurkezle lanak txandakatzen: June Romatet, Gartxot Unsain, Julen Goikoetxea eta Oihana Maritorena.

Berrikuntzetan ez dira atzean geratuko. Adibidez, hain arrotza den mundu juridikoa hurbilekoa egingo du EMA abokatu taldeko Maite Tolosak, «demagun alokairuan maizter zaudela eta arazoak dituzula, ba duda denak argituko dizkigu», aurreratu du Ezeizak.

Berrikuntzak berrikuntza, bueltan izango dira ohiko kolaboratzaileak: psikologiaz arituko da Donna Apellaniz, inteligentzia artifizialaz Unai Elordi; gaurkotasun saltseroa ekarriko du Josune Velez de Mendizabalek, abestiak aztertzen jarraituko du Maialen Tellabidek eta, uhinen bidez bada ere, bidaia esperientziarik ez da faltako Josu Iztueta eta Angel Cuerdorekin. Zerrendara gehitzen dira aurten ere Gartxot Unsain musikariaren 'Doinuetatik haratago' tartea eta asteazkenetako elkarrizketa akustikoak.

Kafe nobela, ‘Habana 1937’

Bigarren Kafea saioko berrikuntzen artean dago, dirdira bereziarekin, Kafe nobela atala. ‘Habana 1937’ izango da lehena eta hiru kapituluko seriea izango da. Muturreko egoerak hala behartuta, Euskal Herriko milaka umek pairatu zuten exodoa birsortuko du ‘Habana 1937’ Kafe nobelak. 'Basque Children of 37 UK' elkartearen artxibategia izan dute abiapuntu bertako gertakizun historikoetan oinarritutako soinu-fikzio hau sortzeko.

2020tik 2023ra bitartean, Charles Roberts eta Lady Cecilia Roberts of Boothbyren ondorengoek artxibo zabal bat utzi zuten Ingalaterrako Carlisle Archive Centre artxibategian. Fitxategi horietako bat Wilfrid Roberts eta Leah Manningen arteko korrespondentzia da.

Leah Manning Alderdi Laboristako aktibista nabarmena izan zen, 1937ko apirilaren 24an Bilbora iritsi zena Espainiako Sorospen Batzorde Bateratu Nazionaleko (NJCSR) agente gisa, Eusko Alderdi Jeltzaleak gonbidatuta. Izan ere, 1937ko martxoan Elorrio eta Durangon frankistek egindako bonbardaketen ondorioz, euskal gobernuak, Madrileko gobernu errepublikarrarekin batera, euskal haurrak leku seguruetara eraman nahi zituen. Agertu berri diren gutunek Manningek Robertsekin (North Cumberlandeko diputatu liberala eta ebakuazioaren beste antolatzaileetako bat) izandako elkarrizketak erakusten ditu, batzuetan tentsioz beteak.

Telegrama horietan oinarrituta, Bigarren Kafeak 'Kafe Nobelak: Habana' podcast-a prestatu du. Goiuri Eceizaren zuzendaritzapean, hainbat ahotsek 1937ko udaberrira eramango gaituzte: Xabi Tolosa, Oihana Maritorena, Iker Gurrutxaga, Iñigo Asensio eta Julen Goikoetxea.

Jaurlaritza Logoa