En directo

Peli Lekuona

«Haurren aisialdia ez da luxu bat, garapen normalerako nahitaezkoa duten zerbait baizik»

Aurten ere udalekuak antolatu ditu Save The Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Ekimenaren berezitasuna da gizarte bazterketa arriskuan dauden 380 haur direla xede taldea. Horri buruz hitz egiteko NAIZ Irratian izan dugu Pilar Kaltzada, erakundeko presidentea.

Audio_placeholder

«Haurren aisialdia ez da luxu bat, garapen normalerako nahitaezkoa duten zerbait baizik»

Loading player...
Pilar Kaltzada, Save The Children GKEko burua.
Pilar Kaltzada, Save The Children GKEko burua. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Egoera zaurgarrian dauden familientzat, sarritan, ezinezkoa izaten da udako aisialdi eskaintza baliatzea. Izan ere, hilean aurreikusitako hazkuntza inbertsioaren %20 baino gehiago erabili beharko lukete jarduera horiek gozagai izateko. Save The Children-ek aukera hori ahalbidetzen du, uda desberdin bat posible egiteko bidean.

Pilar Kaltzada erakundeko presidentearen arabera, «guretzat urteko unerik berezienetako bat da, eta badakigu bertara etortzen diren haurrentzat ere halaxe dela». Izan ere, gaineratu duenez, «asko dira gure inguruan haurrentzako antolatzen diren udako jarduerak, baina bakanak, egoera bereziki zaurgarrian dauden haurrei begira propio antolatutakoak».

Udan hutsune asko gelditzen dira haurraren bizitza normalizatua bermatu ahal izateko, eta hutsune horiek betetzen saiatzen dira erakundetik, urtean zehar sistema formalak eskaintzen dituenez bestelako baliabideak familien eskura jarriz. Sistema hori eskolak betetzen du normalean (haurren hezkuntza eta sozializazio tresna gisa, eta baita familiarentzako kontziliazio baliabide ezinbesteko bezala), baina «udan huts egiten du katebegi horrek». Hala, familiak hartzen du bere gain ardura hori, «baina hori egin dezakeenik ezin dugu bermetzat hartu eta, gainera, familia euskarririk gabeko haurrak ere izaten dira gurean».

Laguntzen etenagatik udan ematen den ahanztura hori tarteko, Kaltzadak nabarmendu du etxean geratu behar izaten direla haur ugari, horrek dakarren guztiarekin. «Esaten digute bereziki maite dituztela udalekuak kalera eta hondartzara ateratzen direlako», kontatu du.

Horrekin batera, otordua bertan egiteko aukera ere bermatzen dute, eskolako otordua izaten baita kasu horietan «elikadura orekatuari eusteko bide bakarra ikasturtean zehar».

Aisialdia bermatzea

Bizitza baldintzei buruzko azken inkestaren arabera, hamar etxetatik bizpahirutan ezinezkoa da udako aisialdia eskaintzea haurrei. Azken bi urteetan, gainera, egoera ekonomikoak okerrera egin du.

Kaltzadak gogora ekarri du aisialdia dela «egoera ekonomiko zailean zaudenean kentzen duzun lehen gauza, eta gure interbentzioak agerira ekartzen duena da haurren aisialdia ez dela inolaz ere zerbait gehigarria edo luxua, baizik eta haurrek garapen eta bizitza normala izan dezaten nahitaezkoa duten zerbait».

Merkatu prezioetan gaur egun dagoen eskaintzarekin, familia askorentzat ohiko udako jarduerak ez dira egiazko aukera, ezin diotelako kostu horri aurre egin. Hortaz, ekitate irizpideari jarraiki, «beste aukera batzuk landu behar dira».

Hamargarren edizioa

Save The Children eskarmentuko erakundea da udalekuen alorrean. Hain zuzen ere, Bilbon eta Gasteizen hamargarren urtea dute aurten, eta Barakaldon seigarrena.

Egungo datuen arabera, premiarik handieneko guneak dira eta inguruko haurrak hartzen dituzte horietan, neurriko programak ezarrita, baina asmoa ekimena zabaltzea da.

«Pobreziaren erradiografia egiten dugunean ikusten dugu normalean guraso bakarreko familiekin lan egiten dugula, ama eta haur bat nukleo bakoitzeko», esan du Kaltzadak. Horregatik, familiek eskertzen dute udan haurrentzako propio diseinatutako ekintzak «zaintza eta berme guztiekin» diseinatzea.

Elkarlana gako

Erakunde publikoek arlo horretan egin dezaketen lanari buruz galdetuta, Kaltzadak nabarmendu du eragile desberdinen arteko lankidetza «argia» dela eta premiak elkarrekin aztertzen dituztela. Ekitatea abiapuntu hartuta, elkarlan hori da «bidea», euren aburuz.

Gobernuz Kanpoko Erakundeko presidenteak gogorarazi digu gizarteak ere badituela bere tresnak, eta osagarritasun ikuspuntutik bestelako eskaintza egitea ere «oso garrantzitsua» dela.

«Gure datuak eta gizartearen egitura ikusita, gurea izan liteke belaunaldi baten buruan haur pobreziarekin amaitzea helburu duen herri bat», amaitu du.

Jaurlaritza Logoa