En directo

Entrevista
Usoa Ostolaza
Laboral Kutxako txirrindularia

«Orain guri tokatzen zaigu erakustea Giroko gonbidapena merezi genuela; hanka onekin goaz»

Estreinakoz korrituko du Laboral Kutxak Italiako Giroa, baita Ostolazak ere. Ekainean egin du eztanda zarauztarrak Pirinioetako Tourrean bere lehen garaipen profesionala Aubisqueko etapan lortuta, eta Espainiako Txapelketan gailenduta. Igande honetan hasiko dute Giroa, erlojuaren aurka.

Audio_placeholder

«Orain guri tokatzen zaigu erakustea Giroko gonbidapena merezi genuela; hanka onekin goaz»

Loading player...
Usoa Ostolaza Laboral Kutxako txirrindularia Espainiako Txapelketan.
Usoa Ostolaza Laboral Kutxako txirrindularia Espainiako Txapelketan. (Sprint Cycling)

Azken aste hauek mugituak izan dira Usoa Ostolaza (1998, Zarautz) Laboral Kutxako txirrindulariarentzat, baina gogoko bidean aldaparik ez. Lan «gogorra» egin arren, emaitzak ez dira «beti iristen», baina oraingo honetan jo dute kolpea mahai gainean; hirukoitza, gainera. Yurani Blancok lortu zuen Laboral Kutxaren lehen garaipena Eibarren –Ostolazak bigarren egin zuen–, eta ekainean iritsi da zarauztarraren garaipen bikoitza; bata Pirinioetako Tourreko Aubisqueko etapan, eta bestea, berriz, errepideko Espainiako Txapelketan.

Pixkanaka haien lekua ari dira bilatzen tropelean, eta Italiako Girora «ilusio handiarekin» doaz. Helburu nagusia Ane Santestebanek sailkapen orokorrean zerbait «polita» egitea da. Talde «sendoa» dutela nabarmendu arren, zarauztarrak uste du orain «errealitatea» ez dela Giroan edo Tourrean garaipen bat lortzea. Italiako lasterketara sasoi bete-betean iritsiko da, haren esanetan, «gutxitik gehiagora» korritzen du, «diesel bat» da. Zazpigarren etapa menditsua gustatzen zaio gehien. Oro har, «asko gozatzen» ari da ibilbideaz, txirrindularitzaz.

Hainbeste elkarrizketekin, tarterik izan al duzu maleta prestatzeko?

Azken aste hauek pixka bat mugituak izan dira, baina azkenean gustura zabiltzanean, sentsazioak onak direnean, eta gogotsu zaudenean, gustura egiten da dena. Maleta prest dut Italiara joateko.

Gauzak ondo egiten ari zareten seinale.

Bai, uste dut talde dinamika on batean sartzen ari garela. Beti ez dira emaitza onak etortzen, nahiz eta lan gogorra egin. Baina egia esan azkenaldian pozik gaude lortzen ari garen emaitzekin, eta uste dut urte hasieratik orain arte ere, taldea pixkanaka geroz eta hobeto dagoela, nork bere burua ere hobeto ikusten du. Gehiago ezagutzen dugu elkar, eta horren isla da talde lan hobea egiten dugula. Pixkanaka gure lekua bilatzen ari gara tropelean.

Errepideko Espainiako Txapelketa irabazi zenuen orain dela bi aste. Egun hauetan barneratu duzu lortutakoa?

Pixka bat aste mugitua izan da, eta elkarrizketa dezente eduki ditut. Entrenatzen ere jarraitu behar izan dut datozen helburuetarako, orduan egia esan ez dut eduki denbora askorik pentsatzeko gertatutakoaren inguruan. Orain denbora pasatu dela pixka bat joan naiz asimilatzen egin duguna talde bezala azken aste hauetan. Momentuan kosta egiten da sinestea, denok amesten dugu beti garaipen batekin, eta lan gogorra egiten dugu etxean, baina emaitzak ez dira beti ateratzen, eta ateratzen direnean, disfrutatu egin behar dira, eta motibazio bezala erabili datorrenerako.

Aipatu duzu behin baino gehiagotan taldearen helburua irabaztea zela. Hala ere, gauza bat da helburu izatea, eta beste gauza bat lortzea. Gainera, zuk altxatu zenituen besoak helmuga marran.

Zaila da beti garaipena lortzea. Hala ere, kirolari orok amesten dugu garaipenarekin. Gose hori eduki egin behar da, eta Espainiako Txapelketan hori zen gure helburua talde bezala. Helburu erreal bat zen irabaztea, eta egia da nik pertsonalki zail ikusten nuela helburu hori lortzea, ez zen ezinezkoa noski, baina azken urteetan Mavi Garcia izan da Espainiako txapelduna, eta azkenaldian erakutsi du oso indartsu dagoela. Gure abantaila zen talde sendo bat genuela, eta talde lan on batekin, beti ere bidea erraztu egiten da garaipena lortzeko. Dena ondo atera zen larunbat horretan. Besoak altxatzea lortu genuen, eta ikaragarri pozik geratu ginen egindako lanarekin, eta nire kasuan bai Pirinioetako garaipenarekin, baita Espainiako Txapelketarekin ere.

Mavi Garciak azken bi kilometroetan erasoa jo zuenean, zer pentsatu zenuen? «Joan zaitez bai, oraintxe harrapatuko zaitut eta».

Aubisqueko Pirinioetako etapa horretan irabazi nuenean ere, pixka bat estrategia berdina izan zen. Egia da ez duela zerikusirik Espainiako Txapelketan bi kilometro falta zirelako helmugarako. Aubisque, berriz, mendate luze eta gogor bat da. Baina askotan kostatzen zait hasierako abiatze horretan, saiatzen naiz pixka bat burua hotz edukitzen, eta pixka bat indarrak neurtzen. Ikusten dudanean zenbat falta den, begiratzen dut gutxi gorabehera zenbat wattioetan noan eta nire indarrak neurtzen saiatzen naiz. Espainiako Txapelketan Mavik [Garciak] metro batzuk hartu zituen, baina gero indar horiek neurtzen joan nintzen. Ikusten nuen Yurani Blanco taldekidea aurretik zegoela, eta Maviren helburua zela Yurani lehenbailehen pasatzea bere garaipena ziurtatzeko. Orduan, saiatu nintzen indarrak ondo neurtzen, eta azkenean ondo atera zitzaidan. Beti ez da ondo ateratzen [barrez], baina nork bere burua ondo ezagutu behar du, eta horren baitan estrategia pentsatu.

«Uste dut orain errealitatea ez dela Giro batean edo Tourrean garaipena lortzea»

Ez da arrotza zu atzetik aurrera egiten ikustea. Amateur mailan eta bakarrik korritzen zenuenean ere, txirrindulari bat baino gehiagok esan izan dute zuk beti atzetik aurrera egiten zenuela.

Uste dut nire gorputza ezagutzen noala denboran aurrera joan ahala, eta ohartu naiz beti gutxitik gehiagora joaten naizela. Horrela neurtzen ditut ondo nire indarrak. Askotan, Aubisquen kasuan bezala, mendate luze baten aurrean, jendea agian azkarregi hasten da, noski bakoitzak bere estrategia du, baina normalean ez zait pasatzen hasieran gehiegi eman, eta gero indarrik gabe geratzea. Normalean ez naiz indar gabe geratzen, gutxitik gehiagora joaten naiz. Batzuetan gehiegi gordetzen ditut indarrak, hori ere egia da, helmugara iristen zarenean konturatzen zara gehiegi gorde duzula batzuetan. Norberak bere estrategia du, eta ni pixka bat diesel naiz. Abiadura puntua ere badut, baina hori izaten da orokorrean nire korritzeko modua.

Pirinioetako Tourrean ere etapa bat irabazi eta sailkapen orokorra poltsikoratu zenuen. Eta ez nolanahiko etapa, Aubisquekoa irabazi zenuen. Profesionaletan lehena.

Oso berezia izan zen egun hori. Ikusten genuen etaparen aurretik ondo egiteko aukera genuela, eta uste dut indarrak ondo neurtu nituela, bai nik, baita Yurani Blanco taldekideak ere. Oso etapa polita izan zen. Asko gozatu nuen, behe-lainoa eta dena zegoen, eta bukaeran amaiera polita izan zen.

Taldea hazten doan bezala, zu ere harekin batera ahazten zoaz. Zu zara hazkunde horren isla?

Ez nuke horrela esango. Idoia Eraso taldekidea eta biok gaude hasieratik taldean, gure laugarren urtea da Laboral Kutxan. Taldean denbora gehien goazen txirrindulariak gara. Biok ikusi dugu taldearen hazkuntza. Urtez urte txirrindulari batzuk atera dira, eta beste berri batzuk etorri dira. Taldeak estruktura aldetik egin dituen aurrerapauso guztiak ikusten goaz urtez urte, barrutik bizitzen. Gu ere txirrindulari bezala hazten goaz pixkanaka. Idoia oso gazte hasi zen, eta nire kasuan, triatloitik nentorren. Ikasteko asko nuen, eta bide horretan taldearekin batera hazten goaz. Egia esan oso polita da hori barrutik ikustea, hori bizitzea. Asko ari naiz gozatzen ibilbide honetaz, txirrindularitzaz.

Orain sasoi bete-betean zaudela esango zenuke?

Bai, azkenaldian sentsazio onak izaten ari naiz. Azken entrenamendu hauetan ondo sentitu naiz, baina gero ikusi behar Giroan nola dauden hankak. Baina oraingoz itxura ona hartzen diot Giroari, bai pertsonalki, baita talde bezala ere. Uste dut talde sendoa dugula. Saiatuko gara Ane Santestebanekin sailkapen orokor polit bat egiten, eta ahalik eta gehien elkar laguntzen. Talde bezala lehen aldiz egongo gara bertan, baita Tourrean ere abuztuan, eta ilusio handiarekin goaz, eta uste dut hanka onekin ere bai.

Ezta ametsik gozoenean ere ez zenuen amestuko Giroa korritzea.

Egia esan ez. Orain dela lau urte hasi nintzenean txirrindularitza probatzen, eta Laboral Kutxa taldean hasi nintzenean, nire momentuko helburua ez zen txirrindularia izatea, oraindik triatloiarekin ari bainintzen uztartzen. Eta orain benetan txirrindulari sentitzen naiz, eta ilusioz eta gogoz nago ikusteko txirrindularitzak zer emango didan datozen urteetan. Iaz bai zen nire ametsa Giroan edo Tourrean egotea, eta azkenean lortu dugu. Taldeak bi gonbidapen lortu ditu bi lasterketa garrantzitsu horietarako. Gonbidapen horiek lortuta, orain guri tokatzen zaigu erakustea merezi genuela gonbidapen hori, eta prest gaudela bi lasterketa on egiteko.

«Orain txirrindulari sentitzen naiz, ilusioz eta gogoz nago ikusteko txirrindularitzak zer emango didan datozen urteetan»

Seikote hau zoazte Italiara: Nadia Quagliotto, Laura Tomasi eta Cristina Tonetti italiarrak, Aileen Schweikar alemaniarra eta Santesteban eta zu. Beharbada hutsunerik nabariena Yurani Blanco da?

Yuraniren asmoa gehiago da Tourra prestatzea. Saiatzen gara lasterketetan taldekideak aldatzen, eta Yuraniren kasuan nahiago zuen Tourrera begira jarri. Gainera, oso egoera onean dago Yurani, erakutsi du azken lasterketetan zein ondo dagoen, baina azkenean lasterketa asko ditugu, eta bere kasuan Tourrean jarriko du arreta osoa. Ane [Santesteban] eta biok bi lasterketak egingo ditugu. Baina Yuranik etxean gogor entrenatu eta Tourrera begira jarriko da.

Taldearen helburua Santesteban laguntzea izango da, baina zein helburu izango duzu zuk?

Anerekin saiatuko gara sailkapen orokorrean postu on bat lortzen. Hala ere, uste dut taldea sendo dagoela, eta talde polita daramagula Aneri horretan laguntzeko, bere babes moduan egoteko. Nire kasuan, Aneri ahal den guztian laguntzen saiatuko naiz, eta azken aldiko sentsazioak izan berriz ere Giroan. Horrez gain, lehen aldia izango denez lasterketan, gozatu ere egingo dugu horrelako lasterketa garrantzitsu eta berezi batez.

Zortzi etapa dituzue, eta denetarik dago; etapa menditsuak, esprinterako aproposak, eta erlojupeko bat ere, lehen etapan. Zein gustatzen zaizu gehien?

Zalantzarik gabe zazpigarrena, gogorrena dela iruditzen zait. Desnibel askoko etapa da, bi mendate gogor dauzka, eta niri horrelako etapak gustatzen zaizkit gehien. Orokorrean etapa luzeak gustatzen zaizkit, baina batez ere zailtasuna dutenak. Desnibel askoko etapak, eta mendate luzeak dira gehien bat gustatzen zaizkidanak. Orokorrean zortzi etapak gustatzen zaizkit, Giro polita da, baina bat aukeratu beharko banuke zazpigarrena aukeratuko nuke.

Garaipenarekin amestu daiteke edo maila oso altua da?

Amesteko beti dago aukera, eta ona da horrekin amestea, baina uste dut ez dela orain errealitatea Giro batean edo Tourrean garaipena lortzea. Beti saiatuko gara eta amestuko dugu horrekin, baina azkenean maila handia aurkituko dugu, bai Giroan, bai Tourrean, gehien bat azken horretan. Hemen mundu mailako txirrindulari onenak egongo dira. Hala ere, talde sendoa dugula iruditzen zait, eta zerbait polita egiteko aukera dugula. Noski, saiatuko gara etaparen bat irabazten, eta sailkapen orokorrean aurrean ikusten gure burua, baina egia esan hemen maila handia egongo da. Aurten ez bada etortzen ea datorren urtean etortzen den garaipena [barrez].

Nor ikusten duzu faborito nagusia Giroa irabazteko?

Egia esan ez dakit. Ikusi ditut talde batzuk zein txirrindulari eramango dituzten, baina den-denak ez dakizkit. Ez nuke jakingo esaten lehen hiruretan zein txirrindulari izango diren. Azken hiru etapen zailtasuna ikusita, argi dago igotzaileek edukiko dutela erraztasun gehiena sailkapen orokorrean aurrean egoteko. Etapa horietan egongo dira alderik handienak, eta hor igotzaileek dituzte nabarmentzeko aukerak sailkapen orokorrera begira.

Jaurlaritza Logoa