En directo

Eli Pagola

«Kapitalaren birkonfigurazioan, lan gatazkek aldagai ekosoziala ere izango dute»

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen mundu martxarekin eta gune Ekosozialistarekin batera,  Jardunaldiak izan zituen joan den maiatzaren 11n Iruñean eta Bilbon. 50 bat agente sozial eta sindikadu batu ziren mobilizaziora Alternatiba ekosozial justua aldarri.

Audio_placeholder

«Kapitalaren birkonfigurazioan, lan gatazkek aldagai ekosoziala ere izango dute»

Loading player...
Joan den maiatzaren 11an, Iruñean egin zen trantsizio ekosozialaren aldeko martxa.
Joan den maiatzaren 11an, Iruñean egin zen trantsizio ekosozialaren aldeko martxa. (Jagoba Manterola)

Endika Perez LAB sindikatuko eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako kidea batu da REAS Nafarroako Piturekin osatzen dugun saiora.

Zer balorazio egiten duzue iragan maiatzaren 11ko mobilizaziotik?

Oraindik ez dugu eragile guztion balorazio konpartiturik egiteko modurik ez dugu izan. Hala ere, nik uste dut bistakoa dela positiboa dela, gutxienez, jauzi garrantzitsua eman delako. Azken urtetan Karta Sozialaren barruan biltzen garen hainbat eragile gogoeta prozesu batean egon gara eta horietan etengabe atera den kontua izan da aldarrikapen eta ekinbide komun horretan badela aldagai bat, nolabait, pisu edo garrantzia hartzen joan beharko lukeena eta hori da krisi ekosoziala.

Maiatzaren 11 ibilbide baten mugarria izan da, ez amaiera. Eta positiboa hainbat eragilek bat egin dugulako aldarrikapen komun batzuetan eta trantsizio eta alternatiba ekosozial justurako norabidean elkarrekin partekatu dugulako bide bat, mobilizazio egun bat eta gogoeta batzuk.

Su Txikien Itsasoa da mugimendu desberdinak biltzen dituen plataforma, denak ere trantsizio ekosozialaren bueltan oinarri amankomun bat adostuta. Nola osatzen da lankidetza hori?

Batzuetan nekeza da tarteka nahasten direlako norberak ekartzen dituen lehentasunak eta irakurketak. Baina, uste dut, prozesu emankorra ari dela izaten, kontuan hartuz, Karta Sozialak bere burua birformulatu eta egungo erronkei erantzuteko espazio komun eta aliantza soziosindikalerako eremu eraginkor bat bilakatzeko prozesu bat dela. Hain zuzen ere, hainbat eragile eta mugimendutatik interpelazio zuzen bat dago horrelako prozesu bat martxan jartzeko eta horri erantzuten dio Su Txikien Itsasoa dinamikaren bidez.

Zazpi aldarri zehatz plazaratu dituzue. Lankidetzarako oinarri egonkor bat izaten lagun dezake?

Egia da batzuetan egin nahi izaten ditugula aldarrikapen taula luzeegiak, dena sartu nahi dugula. Hala ere, labur eta zehatz izanda ere, erakusten du zer nolako aniztasuna biltzen dugun, egoeraren irakurketa sakona egiten da eta baditugu proposamenak egoerari aurre egiteko. Puntu horien bidez, eragile bakoitzak bere burua islatua ikusten du eta, era berean, besteei leku egiteaz gain, borroka komunari ekarpen bat egiten dio.

LAB sindikatuko kide zaren heinean, tentu handiz landu beharreko gaia izango zen trantsizioarena, ezta? Lan arloaren eraldaketak eragin zuzena du enpleguan.

Agian horren kontziente garelako, uste dugu sindikalgintzak badituela hainbat erronka. Lehena da asmatzea eguneroko praktikan, ekintza sindikalean eta gatazka laboraletan pedagogia egiten eta borrokak ikuspegi ekosozialarekin ere eraikitzen. Krisi ekologikoak, modu agerikoagoan edo ezkutukoagoan, gero eta gehiago eragingo du hainbat gatazka laboraletan; zerikusia izango dute planetaren muga biofisikoekin lehengaien arazoarekin, krisi energetikoarekin edo bioaniztasunaren galerarekin. Bestela esanda, kapitalaren birkonfigurazio horretan, deslokalizazio prozesuek, enplegu suntsiketek eta kaleratzeek aldagai horiek ere izango dituzte atzean.

Arlo horretan, beste zein erronka ditu sindikalgintzak?

Ekintza sindikalean ere tresnak eraiki beharko ditugu, bai ideologikoak beste jendarte eredu bat eraikitzeko, baina baita ere helduleku errealak emateko langileei gatazka zehatz horietan ongi kokatuta egoteko. Izan ere, sindikalgintza tradizionalak gero eta erantzun gutxiago emateko aukera izango du eraldaketa horretan parte hartzen ez badu.
Beste erronka bat da tokian toki egiten ditugun bataila zehatzen gain, behar dugula alternatiba orokorrago bat eraiki, fronte komun bat, lantokietan borrokatuko duena, kalean borrokatuko duena eta politika publikoak eraldatzeko bokazioa izango duena. Zentzu horretan, sindikalgintzak ezinbestekoa du beste eragile sozial batzuekin aliantzak sortzea eta agenda partekatuak izatea sakoneko aldaketan eman daitezen langileen mesedetan.

Jaurlaritza Logoa