En directo
«Medikuntza ikasten hastea azken uneko hautu bat izan zen baina aldi berean, hasieratik argi izan nuen espezialitatea ginekologia izango zela; betidanik gustuko izan dudan alor bat da». Zentzu horretan, erresidentzia egiten ari zela master bat egin zuen eta orduan murgildu zen sexologiaren munduan. «Ginekologian lagunduko zidala pentsatu nuen. Osagarri modura heldu nion eta gaur egun ogibide ere bada. Sexologiarekin loturiko klaseak ematen ditut master batean».
Lankideen artean gaiaz jakintza gehiegi ez dutenek kezka azaltzen diotela aitortu du. «Jakintzarik ez duenak, nahi gabe eta asmo txarrik gabe, kaltea eragin dezaioke artatzen ari den pertsonari, laguntzen ari delakoan».
Klimaterioaren eta menopausiaren inguruko tailer bat ematera etorri da Madrildik Euskal Herrira eta tailer horren nondik norakoak ere kontatu dizkigu. «Tailerraren helburua menopausian eman daitezkeen aldeketak eta bizitzako etapa honen aniztasuna ezagutzea da».
«Menopausia izena jartzen diogu aro osoari baina berez, hitz horrek azken hilekoa esan nahi du. Azken hilekoaren momentu hori zehazten du eta une horretatik 12 hilabete igarota definitzen da. Menopausia deitzen diogun hori, berez klimaterioa da».
Ginekologoen kontsultan erdigunean jartzen direnak sintomak direla adierazi du Lopezek. «Horietatik tirata deserosotasunak eta bikote harremanetako gorabeherak somatu daitezke». Kontsultara doazen emakumeek medikuntzaz haratagoko ikuspegia jaso nahi izaten dutela ere gaineratu du. «Narratiba ez patologiko bat entzun nahi dute, beste emakumeen esperientziak jaso nahi dituzte».
Entzun Maria Lopez Altunarekin Bigarren Kafean izan dugun solasaldia.