En directo

Bigarren Kafea

INDIGO: «Nik iluntasuna hartzen dut iturritzat aunintz»

Senpereko bardoa izan dugu gaurkoan gurean, Eneko, eta Indigo bere proiektu pertsonala aurkeztera etorri da, duela urte inguru abiaturiko bakarkako bidea. Eneko bera eta proiektuaren nondik norakoak ezagutu nahi izan ditugu Bigarren Kafean.

Audio_placeholder

INDIGO: «Nik iluntasuna hartzen dut iturritzat aunintz»

Loading player...

Bertsioak eginez ezagutu dugu Eneko Lamothe sarean, hala aritu baita azken hilabeteotan, baina bere sorkuntza pertsonalak egiten hasi da. Azken finean, bizitza osoa darama musikari estuki lotuta Enekok, etxean jasotakoa eta kantari aritu den testuinguruak inguratu du beti.

Gezi taldean aritutako da, baina bazuen bakarka ere sortzearen eta kantuak egitearen bideari ekiteko gogoa. «Nire logelan musika sortzen aritu naiz beti eta nire sorkuntzak aurkezteko gogoa nuen». Ez da, hala ere, ezerezetik jaiotako zerbait, musikaz inguratuta ibili da azken urteotan Eneko. «Indigo proiektua orain dela urtebete hasi nuen, eta ondotik beste lagun batzuk lotu dira proiektu horri; hasieran gezi taldean jotzen nuen, Senpereko beste gazte batzuekin, eta ibili ginen Iparraldean kontzertuak egiten, eta hatsa galtzen hasi zenean, erabaki genuen gelditzea».

Elkarrizketan galdetu nahi izan diogu talde dinamika baten baitan edota bakarka ibiltzearen nolakotasunen arteko ezberdintasuna, zein alde on eta txar dituen bakoitzak. «Askatasun gehiago duzu bakarka ibiltzean; bakarrik zarenean zuk duzu sortzen zure bidea».

Estiloari dagokionez, folk akustiko eta otzanaren munduan dabil Indigo, aurretik aritutako taldearen estilotik urrun, eta bere transmititzeko gogo eta moduari egokitzen zaion kolorean. Baina, zergatik gitarrarekin eta bakarka? «Lehenik, praktikotasunarengatik eta bestetik, estilo hori entzuten dudalako, goxotasuna partekatzeko aukera ematen dizu musika mota horrek».

Beste taldeen jardunak eta inspirazio iturriez ari ginela, hausnartzeari buruz ere aritu gara, eta berak hau egitera bultzatzen zaituzten artistak maite ditu, eta hala jardun nahi du. «Nik iluntasuna hartzen dut iturritzat aunintz, azken finean, artista gisa nahi duzuna da etxean egiten dituzun sorkuntzak garbira pasatzea, eta publikoarekin elkarbanatzea zaurgarritasun hori».

«Nire buruari ez diot mugarik jartzen» aipatu digu, oraingoz bakarka eta gitarra lagun dabil, baina aipatu digu etorkizunean beste taldekide batzuk izango dituela ondoan, eta orain sorkuntzak nolabait jantzi nahi dituela beste instrumentu eta soinuekin. Hori bai, gauza gehiegi gehitu gabe. «Maite dut gauzak aski arinak egoten direlarik, produkzioa arina izan dadila». Elkarrizketa osoan zehar aipatu du hitzei betidanik eman dien garrantzia, entzule zein sortzaile gisa. Alor horretan ere libre sentitzen da Eneko baina argi du bere komunikatzeko modua nolakoa den. «Lehenik, nik zailtasunak ditut zuzenki erraten diren gauzekin, metaforak gehiago gustatzen zaizki; neure buruari galdetzen diot ea nola erran dezakedan hori modu ez zuzenean». Poesia zalea ere bada Eneko.« Poesiak ez du legerik, nahi duenak egin dezake, nahi duen moduan».

Datozen hilabeteotan ekingo dio lehen lan batean bilduko dituen kantuak sortzeari, eta gu, adi egongo gara, etorkizunean, Senpereko bardoaren kantu goxo horiek etorriko direlako, hain bere duen forman.

Jaurlaritza Logoa