En directo
Manifestazio nazionala da larunbatekoa. Arreta deitzen du Azpeitian izateak, azken aldian ohikoagoa da hiriburuetan edo herri kozkorrenetan izatea. Zergatik Azpeitian?
Horrelako plataformetan antolatzean bilatzen da indarguneak non dauden eta jendea mugitzeko aukera zer herrik eskaintzen duen. Azpeitian proiektu sorta ederra dago eta aukera ona iruditu zaigu bertan egitea. Gainera, aurreko urtean Gasteizen izan zen manifestaldia eta, aurten, herri txikiago batera jo nahi genuen.
Euskal Herria Bizirik plataforma da deitzailea. Zer helburu du plataformak?
Hiru aldarriren bueltako deialdia osatu dugu. Lehena, instituzioetatik alderdi politikoak hartzen ari diren neurrien salaketa egitea. Hazkunde ekonomikoa lehenesten ari dira auzi ekologikoaren aurrean. Bigarrena, auzi ekologikoaren salaketa. Egun, instituzio eta enpresen aldetik egiten ari den apustu guztia auzi klimatikoa gainditzera begirakoa da eta begirada akotatuegia da hori. Izan ere, 9 muga biofisiko daude eta horietako bat baino ez da klimarena. Ezin zaio bakarrari egin erreferentzia besteetan okerrera egingo genukeelako.
Hirugarren helburua da egungo eredu ekonomikoa salatzea. Hazkuntza ekonomikoa eta aberastasuna esku gutxi batzuetan metatzea helburu du eta honek dakar muga biofisikoen gaindipena. Energia berriztagarrien zabalpena, mehategiak… horrelako proiektu guztiek dute funtsean hazkuntza ekonomikoaren beharra duen sistema batean gaudela, etengabe haztea behar duena.
‘Lurraren defentsan’ da larunbateko ekimen sortaren leloa. Lurraren urbanizazioa ez da gaur goizeko kontua. Hala ere, posible da azken urte gutxitako mugimenduek gaia lehen lerrora ekarri izana? Lurralde Plan Sektorialak, Tapia Legea, trantsizio ekologiko eta klima aldaketaren legea… Neurri esanguratsuak hartu dira.
Orain martxan jartzea nahi den berriztagarrien zabalpena ematea lortzen bada orain planteatzen duten moduan, mendi gain gehienak hormigoiz eta bidez beteko dituzte, Arabako eta Nafarroako lursail asko plaka fotoboltaiko eta eolikoekin… beraz, planteatzen den urbanizazio maila oso handia da eta horretarako baliabideak prestatu dituzte.
EH Bizirik proiektu txikitzaileen aurkako plataforma da. Hala ere, azken aldian eolikoek hartu dute nagusitasuna eta tokiko talde ugari sortu dira Euskal Herrian zehar. Zer lan betetzen du egoera honetan EH Bizirik plataformak?
Sare moduan ari da funtzionatzen. Lekuan leku ematen ari diren proiektuen inposaketa honen aurrean erantzun sozial handia eman da eta saretu eta erantzun kolektibo bat emateko beharra ikusi da.
Jakin badakigu egungo eredua ez dela jasangarria eta lehengaien erauzketa eta energia sorkuntza bilakatu dela gako. Kontsumo energetiko handia duen territorioa da gurea, batez ere isurialde atlantiko industriala, eta ingurunea libre nahi dugu baina nonbaitetik erauzi beharko da bada energia eta materiala?
Benetan, honen atzean sistema kapitalistaren hazkundearen beharra ezkutatzen da. Batetik dago, guk behar dugun energia eta lehengai material kopurua bertara ekartzea produzitzen jarraitzeko, hori horrela da eta EH Biziriketik ez diogu uko egiten baizik eta dioguna da hori nola egiten den dagoela auziaren muinean. Ezin dugu gutxi batzuek aberastasuna metatzea helburu duen sistena ekonomiko baten baitan naturako baliabideak xahutzen jarraitu. Hori da arazoa: egungo eredua ez dago bideratuta munduko biztanleon beharrak asetzera.
Guztion beharrak asetzera begira jartzen garenean, hor ikusi beharko da energia berriztagarriek zer leku izan beharko duten, zer ekarri beharko den kanpotik eta zer ustiatuko den bertan. Beti ere, pertsona guztion ongizatea helburu izanik.
Horrelako instalazioek inbertsio izugarria eskatzen dute. Posible da botere ekonomikoa duenaren menera jarri gabe horrelako azpiegiturak eraikitzea?
Bai, horretarako egin behar dena da daukanari kendu. Esku gutxi batzuetan botere handia dago pilatuta, beraz, boterea kendu behar zaie herritarren intereserako baliatzeko.
Egun osoko egitaraua
Goizeko hamarretan hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izanen da. `Euskal feminismoa lurraren defentsan´, ´Eztabaidarako lehen zertzeladak´, ´Krisi ekosozialaren testuinguruan agroekologiatik datozen ekarpenak lurreratzen´, ´Biodibertsitatearen galera: kausak eta ondorioak´, `Trantsizio energetiko korporatiboa eta megaproiektuak´, `Valle Susa. Italiako AHTaren aukako mugimendua´. Tailerrak buktatua, eguerdian, bi mahain inguru antolatu dira, Aragoiko ´Plataforma defensa territorio cincovillas´ eta Galiziako 'Ecoloxistas Galicia atlantica e verde' taldeekin. Arratsaldeko 14:30etan izanen da bazkaria eta 18:00etan abiatuko manifestazioa Azpeitiko plazatik.