En directo
Donostiako Praenaris estudioaren bigarren lana dugu Embers of the Evening. Joan den urteko azaroan The Silent Swan ederra kaleratu ondoren, buru-belarri ibili dira beldurrezko titulua prestatzen. Eguzkirik gabeko mundu ilunera bidaiatuko dugu hemen; zehazki, itsasargi misteriotsuaren bila dabilen ontziko marinela izango gara. Amesgaiztoak, iluntasuna eta hizketaldiak izango dira nagusi.
One Last Breath, bestalde, ondo ezagutzen dugun lana da. Maniac Panda Games nafartarra arduratzen dabil garapenaz, eta uste baino lehenago jasoko dugu: martxoaren 28an kaleratuko dute kontsoletan nahiz ordenagailuetan. 2.5D plataforma eta puzzle abenturan Gaia izakia izango gara: mundua berpizteko ardura edukiko dugu Limbo eta Inside klasikoen bidea jarraitzen duen jokoan.
Estudio handien albisteak ere ekarri ditugu gurera, nola ez: Capcom-eko japoniarrek Highlights deitutako bi ataleko aurkezpena egin dute, denetariko lan interesgarriak erakutsiz. Street Fighter 6ko Akuma ikusi dugu, adibidez, baita ‘Monster Hunter’ sagaren 20. urteurrena ospatzeko iragarpenak ere.
Bestalde, PlayStation 5aren hurrengo modeloaren zurrumurruak entzun ditugu. Hainbat iturriren arabera, PS5 Pro bertsioa prestatzen dabiltza Sony-koak. Ez du aldaketa esanguratsurik ekarriko itxura batean, baina PSSR bezalako funtzio interesgarriak aipatzen dira.
Bukatzeko, Fatal Fury: City of the Wolves, Animal Well eta Yellow Taxy Goes Vroom erakargarriei buruz hitz egin dugu saioan.