Zuzenean
Xboxek jauzi multiplataforma egingo du. Aurreko Game Erauntsia irratsaioan zurrumurruak aipatzen genituen, eta Phil Spencer-en taldeak baieztatu egin du azkenik: lau bideojoko PlayStation zein Nintendo kontsoletara eramango ditu… oraingoz.
Iragarpena Xboxen podcast ofizialeko saio berezian egin dute, baina tituluen izenak zehaztu gabe; hala eta guztiz ere, ideia batzuk ditugu, auskalo asmatzen dugun edo ez. Esklusiboak indarra galtzen dabiltzatela dio Spencerrek, eta horren inguruan hausnartu dugu gurean. Arrazoia dauka?
Bideojokoen beste bi enpresa handiak ekarri ditugu, gainera, Game Erauntsiara. PlayStation-ek finantza txosten berria argitaratu du, bideojokoei zein kontsolei buruzko datuak eskainiz. Dirudienez, hurrengo urte fiskalean ez dute PS Studios-en frankizia handien titulu berririk kaleratuko: ez dugu God of War, The Last of Us edo Uncharted berririk ikusiko 2025 erdira arte, gutxienez.
Nintendo-ren aldetik, bestalde, Switch kontsolaren oinordekoari buruzko zurrumurruak entzun ditugu. Hainbat hedabide eta iturri esanguratsuk gauza bera diote: Switch 2aren merkaturatzea berandutu dute japoniarrek. 2024 bukaeran ikustea espero genuen, baina azkenik 2025eko lehen hiruhilekora itxaron beharko dugula dirudi.
Aspaldiko partez analisiaren txokoa prestatu dugu, bukatzeko. Tunic zoragarrian murgildu gara oraingoan: The Legend of Zelda klasikoak Dark Souls kutsuarekin nahasten dituen abentura ederra da.
Esploratzen eta borrokatzen ariko gara azeritxo abenturazalea kontrolatuz; hala ere, Andrew Shouldice garatzailearen lana dirudiena baino askoz gehiago da, sekretu misteriotsuak gordetzen baititu… eta euskaratuta dago!