En directo

Iker Gurrutxaga
NAIZ Irratia. MusikHaria saioko gidaria

Gordintasunean maisu, Pelax taldeak ‘Esan gabe doa’ diskoa kaleratu du

Egian, Donostian, duela 11 urte hasi zuen bere bidea Unai Pelayo musikariak ‘Pelax’ moduan. Orduan bakarka aritzen zen, baina, gerora, sekulako taldea osatu eta bosgarren diskoa kaleratu dute orain, 2024ko urtarrilean. ‘Esan gabe doa’ diskoa, rock klasikoaren maitaleentzat entzuteko aproposa.

Audio_placeholder

Gordintasunean maisu, Pelax taldeak ‘Esan gabe doa’ diskoa kaleratu du

Loading player...
Berako Atala estudioan izan dira beste behin diskoa grabatzen Pelax taldekoak.
Berako Atala estudioan izan dira beste behin diskoa grabatzen Pelax taldekoak. (Unai PELAYO)

Artifiziorik gabeko musikaz hitz egiten ari gara azken denboran maiz. Gorka Urbizuk edota Ruper Ordorikak ateratako diskoak horren adibide nabarmentzat ditugu, oso organikoak direlako, misterio askorik ez dutenak. 

Tira, bada, Pelax taldeak denbora darama gisa horretara funtzionatzen eta gisa horretara kaleratu du ‘Esan gabe doa’ diskoa. Urtarrilaren 9an kaleratu zuen disko berria Egiako taldeak ohiko formazioan. Andoni Olaetxea, Iñigo Ozaeta, Unai Pelayo eta Iker Vazquez dira Pelax. Aurreko diskoarekin egin moduan, aurrejuzkurik ez sortzeko nahian, abestien izen nahikoa aseptikoak aukeratu dituzte. ‘Esan gabe doa’ eman diote tituluari, zalantza egin arren horrekin, izan ere aurreko diskoari ‘ABDE’ deitu zieten eta disko honetako kantuak zerotik zazptzikira izendatu dituzte, instrumentala, ‘5 lore’ salbu. «Hitzik ez duen kantu bakarra denez, lizentzia txiki hori hartu genezakeen. Baina ideia da jendeak musika entzutea bestelako pentsamendurik izan gabe aurretik, entzun eta atera ditzala bakoitzak bere ideiak», kontatu digu Unai Pelayok.

Iñigo Irazokiren Berako Atala estudioan grabatu dute eta oso modu sinplean funtzionatzen digutela kontatu digu Pelayok: «Ez ditugu ez mila pedal, ez ez dakit nik zenbat efektu eta halakoak erabiltzen. Gitarra eta anplifikagailu txukun bana edukitzea da gakoa guretzat. Nahi dugun soinu hori bi elementu horietatik ateratzeko bai egiten dugula lan, baina gero ez gara erotzen, norbera da soinua lortu behar duena».

Bost urte pasa dira disko batetik bestera eta gai oso pertsonaletatik abiatutako diskoa dela esan daiteke, gogoetak barrukoak direla oso. Musikalki, berriz, 70etara egingo dugu salto derrigorrean, horri eutsi diote, gitarren elkarrizketa dotore, erritmo dibertigarri eta soinu oso landuarekin. Desert rocka batzuetan, Elkano Browning Cream edota Atom Rhumbaren unibertsora gerturatze bat besteren batean, zortziko erritmoa ere entzun dugu… 

Zuzeneko taldea dira ordea, sekulako zuzenekoa eskaintzen baitute Pelax taldekoek. Aste honetan, martxoaren 16an, Tolosako Bonberenean izango dira Leihotikan nafarrekin batera. Datorren astean, berriz, Ondarroako gaztetxean, martxoaren 22an, Harat taldearekin oholtza partekatuz. Eta, azkenik, apirilaren 28an, igandearekin, Oñatiko Antixena gaztetxean izango dira ‘Esan gabe doa’ aurkezten. Bitartean, edizio fisikoa, biniloa edota CDa, beren bandcamp orrialdean eskuratu daiteke eta baita Balio Dute kolektiboaren web orrialdean ere.

Jaurlaritza Logoa