En directo
Sad-trap, hyperpop eta pop-punka sortzen ditu Rig3l artista goizuetarrak. Margolanak ere egiten ditu, artearen diziplina hori ere baduelako gogoa. Baina, egunerokoan, zerbak, porruak edota azenarioak ere ontzen ditu etxeko baratzean. Bi mundu guztiz desberdin, itxuraz kontrajarriak diruditenak, baina, argi dagoenez, erabat bateragarriak bihurtu ditu Rig3lek.
2020an kaleratu zuen lehen abestia, ‘Azken geltokia’ deiturikoa goizuetarrak. Gerora, urtez-urte hainbat single kaleratu ostean, 2023ko azaroan sei kantuko EP bat osatu zuen eta horren edizio fisikoa ere kaleratu du Rig3lek. Hala ere, emariak ez du etenik izan eta 2024 honen hasieran ‘Hidra’ izeneko singlea kaleratu du Xarrieta eta Txuso artistekin batera.
Zuzenekoak ematen ari denetik, Goizuetako ‘goi-menditik’ kalera jaitsi denetik, ez da hain ‘sad’ eta pozik dago Rig3l. Zuzenekoetan asko gozatzen du eta egiten ari denari zentzua eman diete zuzenekoek kontatu digunez. Aste honetan bertan Iruña Rock jaialdian izango da bere musika aurkezten, plaza handia inondik ere artista nafarrarentzat.
Jolaserako deia
Soundcloud plataforman ere duela hiru aste kantu bat publikatu zuen eta bere instagram kontutik deia egin die nahi dutenei abesti horrekin jolas egiteko: «Idatzi, abestu eta jolastu Soundcloudera igo berri dudan abestiaren hutsuneetan. Badago indar berezi bat elkartasunean…». Nahi duenak, badaki, hor du Rig3lekin elkarlanean aritzeko modua.
Gertukoa, garbia eta emozionala, horrela definitu dezakegu Rig3l, sad-trapean barrunbeetatik hitz egiten digun artista.