En directo
Bakarkako bideari ekitea ez da erabaki erraza izaten askotan. Musikan Marlik edota Neona taldeetan aritua, Patxuko Nice proiektuan sartu berri, Akaleiak bakarkako diskoari heldu zion iaz urtea bukatu aurretik. Oihana Rodriguez zumaiarra dago guztiaren atzean, teklatu-jotzaile bezala ikusi izan duguna, orain frontwoman dena.
‘Nork’ izeneko kantu indartsu batekin ezagutu genuen proiektua, gerora diskoan sartu ez den abestiarekin. Gerora beste 10 pieza berrirekin osatu du ‘Ondoloin’ diskoa Ixak Arruti, Andres Insua eta David Gorriti taldekideekin batera.
Loaren gaiak asko eragin du Akaleiaren bizian eta horri eta bestelako barne-gogoetei tiraka osatu ditu kantuen hitzak. Musikalki, berriz, ekletiko samarra den pop musika osatu du. Batzuetan metal ingurura joan baita, eta, beste batzuetan, 2000etako dance musikatik gertuago ibili. Hori, esplizituko La Oreja De Van Gogh aipatzen duen unera arte.
Etxean, Zumaian, konplize eta lagun izan duen Iurgi Taboadaren Ozen Estudioan grabatu du guztia eta dagoeneko zuzeneko batzuk ere eskaini dituzte, azkenak Zornotzan eta Bilbon. Datorrenen zain, guk MusikHaria saioan izandako elkarrizketa berreskuratu nahi izan dugu, pasioa duen artista honen proiektua ezagutzera eman asmoz. Hori bai baitauka Akaleiak sobera, musikarako grina eta artearekiko pasioa. Kantuz kantu kontatu dizkigu diskoaren nondik norakoak eta baita sorkuntza prozesua nolakoa izan den ere. Xehetasunak jakin nahi izatekotan, beraz, entzun goiko aldean dagoen elkarrizketa, merezi du.