En directo
Abesti solteak kaleratzetik disko bat osatzera denbora eman badute ere, prestaketa lan horrek beste fase batean murgildu du Ithaka talde oriotarra. Abuztuan izan ziren Urtzi Izaren gidaritzapean Bilboko Eten Espazio Sonoroan diskoa grabatzen eta bide horretan egindako lanak eman ditu bere fruituak.
Ez da denbora gehiegi pasa MusikHaria saioan diskoa aurkeztu zutenetik, baina badirudi asko egin behar dugula atzera, taldearen ibilbidea ere abiada bizian doalako.
‘Amestu dezagun’ kantuarekin ezagutu genuen taldea, oraindik ere zuzeneko errepertorioan mantentzen duten kantu ‘zahar’ bakarrenetakoa. Hor ikusi zen taldeak bazuela intentzio bat, nahi bat, baina esperimentazio fasean ibili ziren atzetik etorri ziren gainerako singleetan.
NAIZ Irratiko uhinetan aurkeztu zuten ‘Kristalezko’, beren irratiko lehen elkarrizketan, eta hor dagoeneko ikusi genuen bazetorrela aldaketa bat. Ordutik hona, Belako taldearekin Toledon edota Kordoban eskaini dituzte kontzertuak, kanpoan gehiago ere izan dira eta, orain, otsailaren 22an, lagun dituzten EIRE taldekoekin batera Bilboko Kafe Antzokian izango dira ‘Biluzten’ diskoa aurkeztuz.
Rock doinuak dituzten bederatzi abestiz osatutako diskoa da ‘Biluzten’, energia dosi garrantzitsuak dituena. Debuteko lana izateko pozik egoteko moduan daude oriotarrak, are gehiago diskoak izan duen harrerarekin. Ea zer nolako bidea egiten duen talde gazte honek.