En directo

Entrevista
Jon Ander Artola eta Yerai Gascon
Habi taldea

«Guretzako sekulako plazera da halako taldeekin oholtza partekatzea»

Habi bikoak ‘Lilura’ singlea kaleratu eta ohartzerako ‘Ohartu’ diskoa etorri zen, azaroaren 17an. Yerai Gascon eta Jon Ander Artola dira Habi, beno, eta Victor Sanchez ere bai, taldearen muinean sartuta baitago teknikaria ere. Ohituta gauzkaten indarrarekin dator Villabonako taldea. 

Audio_placeholder

«Guretzako sekulako plazera da halako taldeekin oholtza partekatzea»

Loading player...
Jon Ander Artola eta Yerai Gasconen Habi taldeak estudioko hirugarren lan luzea du ‘Ohartu’ diskoa.
Jon Ander Artola eta Yerai Gasconen Habi taldeak estudioko hirugarren lan luzea du ‘Ohartu’ diskoa. (Nagore ARIN)

‘Lilura’ kantuarekin etorri zen diskoa kaleratuko zenutenaren gogorarazpena, aurreko diskotik nahikoa jarraipen duen kantua. Erritmo aldetik erokeria bat da, ordea. Ba al dakizue zer konpasetan ari zareten?

Jon Ander Artola: Uf. Erritmoa berez nik eramaten dut eta ez dakit, zuk Yerai?

Yerai Gascon: Lau lauko konpasa duela esango nuke, baina bateriak hautsi egiten du erritmoetan. Hala ere gu ez gara ez math rock ez halakoetan ibiltzen, zerbait gogoko dugunean horrela geratzen da eta kitto. Ez dago halako hausnarketa sakonik gauza hauen atzean.

J.A.A.: Saiatu gara guretzat betiko erritmoak diren horietatik aldentzen eta kasu honetan bai badela berezia bateriaren erritmoa, baina gero errepikakorra denez, ohitu egiten zara. Lehenengo singlearekin, ‘Oinatzak’ kantuarekin, oso argi eduki genuen zein izan behar zen, baina honekin, bigarren singlea ateratzea bera ere zalantza egin genuen. Baina bideokliparekin ondo geratu zen eta pozik geratu gara.

Hitz sakonak dituen kantua da, baina hartzailea nor den ez zait oso argi geratu.

Y.G.: Abesten duena bera ezta? Nahiz eta hitz sakonak egon, saiatu gara metaforak-eta erabiliz kontzeptuak airera botatzeaz, lurrera ekartzeko gero. Galdera asko daude, gure buruari egiten dizkiogu ea zer ote den lilura hori argitu nahian, ea zer borroka eta zer oztopo dituen jakin nahian. Kantuarekin lilura hori sentitzen ez diguten gauza, pertsona, testuinguru… guztiei aurpegiratu nahi izan diegu gure ezintasuna.

Diskoa bera, ordea, ‘Oskol’ kantuarekin hasten da. Musikalki ere badu epikotasun bat zeinean oskol bat apurtu eta jaiotzen ari den norbait ikusi dezakegun. Metal ukitua du sarreran eta beste kanturen batean ere nabaritu dut hori.

Y.G.: Gitarraren soinua da mundu horretara eramaten zaituena, marrazkia bera pixka bat motelago jotzen bada stonerrean zaudelako, grunge ukitu bat ere bai. Egia da orokorrean gitarra indartu dugula disko honetan eta intro honetan ere bai, argi genuen diskoa honek irekiko zuela, epikoa zelako.

Biluztearen inguruan egiten den deskribapena ere oso berezia da.

Y.G.: Erronka bat bazen niretzat sexuari buruz idaztea, sexua bera aipatu gabe eta zikina izan gabe. Nik uste dut uneren batean sexua dagoenik ere ez dela ulertzen, beste era batera ere biluztu zaitezkeelako, baina hitzen bat edo beste esplizituagoa horregatik da. Musikalki badu indar bat, gorabehera asko du, Habiren unibertsokoa da.

J.A.A.: Kontinuista da, baina kantu honetako metal alde hori apustu bat izan da, propio egindakoa, bagenuelako beharra gure ohiko egoeratik ihes egitekoa. Nahiz eta entseatzerakoan inprobisatzen ibiltzen garen.

Disko honetara iritsi arte, hainbeste BPMtara jo duzue inoiz? Esan daiteke ‘Zama’ dela orain arteko kanturik azkarrena?

J.A.A.: Ez dut uste, ez, hain azkar inoiz jo dugunik. Kantu honetan izerdia botatzen dugu jotzerakoan.

Y.G.: Niretzat gitarreo horrek eta bateriak nahikoa sinplea dirudien arren, bi pertsonen artean hori sortu eta betetzea zaila izan da guretzat. Hori lortzeko lana egin behar izan dugu. Kotxean joateko kantua da niretzat, erritmoak martxan ibiltzera behartzen nau.

Soinu aldetik lehorragoa da, bai baterian zein gitarrean; gordinagoa da nolabait esatearren.

J.A.A.: Bai, hori nahi genuen bilatu. Abiadura bat hartzen duenean abestiak, definizio bat bilatu nahi diozu soinuari, gauza bakoitza bere tokian egon dadin. Kutxaren afinazioa, bonboarena ere bai… gora eraman genituen, definizio horren bila. Beste kantu batzuetan lodiago utzi ditugu, soinu enbolbenteagoa izatearren. Hemen garbiago egon behar zuen guztiak, gitarrak ere presentzia handia duelako.

Bateriaren afinazioa, ordea, zuzenekoetan ezin da aldatu. Erabakiren bat hartu beharko duzu hor.

J.A.A.: Zaila da erabaki hori, bai. Dena dela, zortea dut estudioan teknikari izan den Victor Sanchez etortzen dela zuzenean ere gurekin eta ekoizpenaz ere bera arduratu da. Hain ongi ezagutzen nau, kanpotik zer entzun behar den ere hain argi du, eskua sartzen duela bateriaren afinazioan kontzertu aurretik eta hor asko irabazten du. Dena dela, kutxan hasieran oso lodi edukitzea bilatzen genuen arren, orain soinu definituago eta altuago batetara bideratzen ari naiz.

Abestiaren hitzetara itzuliz, bizkar gaineko zama edo bularrekoa da okerragoa, Yerai?

Y.G.: Egoeraren arabera. Bihotz ondo baduzu, bizkarreko zama nahiago duzu eta alderantziz. Dena dela, okerragoa bularrekoa izango da, bizkarrekoa eserita konpontzen delako, ezta? Baina, hala ere ez dakit zer esan, lunbalgia dudalako oso gaztetatik.

Horregatik daramazu gitarra arina soinean?

Y.G.: Gitarra hau arina da, baditut beste batzuk baina hau bai, arina da. Dena dela, anplifikadoreak eta pedalerak pisua dute gero!

J.A.A.: Disko honetarako kustomizatutako pedalera bat osatu du Yeraik eta sekulako lana egin du zuzenekoari begira, flipatu egingo du ikusten duen edonork.

Y.G.: Astebete daramat belauniko egurra mozten, burdinak mozten, kableak soldatzen eta abar.

Ia-ia kantu bakoitzeko pedal desberdin bat entzuten dela esan dezakegu?

Y.G.: Ez, esaten dizut ezetz, baina zergatik uste duzu?

Ez denetan, baina hamar kantutik zazpitan zerbait desberdina entzun dudalako, baina izan daiteke pedal bakoitzaren balioak aldatzean ematen den zerbait ere.

Y.G.: Habiren errezeta soulfooden petal mitiko bat eta JHSren bi dira, moonshine eta muffuleta, betiko fuzz pedalak simulatzen dituena. Hiru distortsio horiek erabiltzen ditut, akaso Rat bat ere entzun daiteke, baina konbinazioan. Hiru edo lau pedal dira distortsio guztiak, baina ahotsa ere distortsionatu dugu eta akaso horrek sortzen du gitarra beste modu batetara entzutea ere. Hori eta grabatu dugun moduak ere eragiten du horretan guztian, berriz anplifikatzeko zalea delako Victor eta teknika hori ere gure egin dugu diskoan.

J.A.A.: Bai, hor dago gakoa. Kantu bakoitzari gitarrari soinu propio bat eman zaio eta denbora asko eskaini genion horri.

Y.G.: Bai, gainera interesgarriena da gitarra-jotzailea ez zela horretan aritu, Jon Ander eta Victori izan zirelako horren arduradunak. Asko delegatzen dut haiengan. Gero aipatu behar da diskoa diskoa dela eta zuzenekoa beste kontu bat izango dela.

Lehen aipatu duzue ‘Oinatzak’ izan zela lehen singlea eta oso argi zenutela hori. Jon Anderrek kantua nola betetzen duen harrigarria da, oso jostari ikusi zaitut abesti honetan.

J.A.A.: Bai, nik ere horrela ikusten dut.

Y.G.: Broma ukitu bat badu abestiak, baina kantua oso dotore geratu dela esan dezaket. Madrilgo pop talde batzuk entzuten eman nuen denbora bat eta erdi-brometan edo kantu bat idatzi nuen, baina iragazkia pasa zuen. Abesti asko egiten ditut erdi-brometan eta Habiren kupulara bidaltzen ditut eta eztabaidatu egiten dugu horren gainean. Batzuetan iragazkia pasatzen du eta besteetan ez. Nik autotunearekin, bertsio elektroniko batean eta abar bidali nien, eta gustatu zitzaienean, Habira eraman eta hau izan da emaitza.

Madrilgo pop talde batzuk entzuten eman nuen denbora bat eta erdi-brometan edo kantu bat idatzi nuen, baina iragazkia pasa zuen.

J.A.A.: Esan dituen erreferentziak bagenekien hor zeudela, baina gero lokalera moldaketa bat ekartzen du gitarran eta ahotsean eta nik horri bateria erantsi behar izaten diot. Kanta entzun eta zer behar duen jakitea gustatzen zait bateria sortzerakoan, hortaz, kantu honek bai behar zuela jolas hori, erreferentziei begiratuta, erritmo oinarrizkoagoak diren arren, pop mundura eraman behar nuen bateria.

Esan dezakegu ‘Berde’ kantuan gitarrak atzerago geratzen direla eta ahotsak aurrerago?

Y.G.: Hausten den arte bai, anbiente intimoago bat izatea nahi genuen eta horregatik erabiltzen dira tinbalak eta abar. Diskoko balada dela esan dezakegu gitarra zerra bat bezala sartzen den arte. Aurreko laneko ‘Kondenatu’ abestiarekin lotzen dugun kantua da, guretzako intentzioa hori berbisitatzea izan zelako.

Kolaborazio bat ere badago, Nagore sartzen delako abesten. Berezia izango zen zuentzat, noski.

Y.G.: Oso berezia, oso-oso berezia. Baina ez zen nire ideia izan, hori ere argi utzi nahi dut. Egia da kantuak begi berde batzuen inguruan hitz egiten duela eta Nagore bada Habiren parte nolabait ere, kontzertuetara asko etortzen delako gurekin eta argazkiekin, bideokliplekin… laguntzen gaitu. Kasualitatez bikote eta bizikide gara eta bere begien inguruan, berarentzat idatzi nuen letra hau; berriz ere Habiren kupulara bidali nuen eta han eskuzabalik jaso zuten. Diskoa ilun samar ari zen geratzen eta abar eta honek maketatik abiatuta handitasuna lortu zuen, epiko samarra eta Jon Ander eta Victorrek proposatu zuten kolaborazio hau egotea. Nagorerentzat ere lehenengo aldia zen halako mikrofono baten aurrean abesten jartzea eta gugatik egin du, eta hori ohore bat da.

Jon Ander, erruaren zatia zurea denez, noiz etortzen zaizue burura Nagoreren izena.

J.A.A.: Kanta jaso genuen unean ikusi genuen nondik zihoan abestia eta haren esanahia. Maketa grabatu genuenean ongi geratu zen, baina ikusten genuen beste ahots baten beharra, emakume ahotsa behar zuela ere bai. Bai abestiak behar zuelako, baina baita berezia izango zelako Yerairen ahotsa emakume baten ahotsarekin nahastea. Besterik gabe, Nagoreren izena etorri zen eta hortik aurrerakoa badakigu. Estudioan ginen grabatzen ordurako eta hor ez dago atzera bueltarik. Victor eta biok ez genekien Nagoreren ahotsa nolakoa zen, baina fidatu ginen Yeraik esandakoaz.

Y.G.: Nik hauei esaten nien badakiela abesten, etxean entzun izan dudalako. Bada, hauek fidatu ziren eta aurrera.

Dena dela, maitasun kantua dela esan duzue, baina beste begi berde batzuk ere ikusi ditut abestian. Alzheimerra duen batena edota guraso izan berri den norbaiten begirada ere ikusi ditut hor.

Y.G.: Eta hori da niretzat interesgarriena. Ez nago esaten zeinen ongi geunden une konkretu batean eta hori ere bilatua da, kontzeptuala izatearena. «Eskuen hatzez hitzak zenbatzen», horrek mila gauza esan ditzake eta bakoitzak bere momentu batetan kokatuko du.

‘Zapatak’ abestiaren kasuan, berriz, oso grafikoa dela iruditu zait, gerra egoera bat ikusten dut.

Y.G.: Kasualitatea da, baina hau idatzi genuenean Ukrainako gerra ere ez zegoen martxan. Ukrainakoa ‘Helmuga’ atera genuenean gertatu zen eta hau aurretik geneukan eginda. Zapaten zatia soilik neukan idatzita eta buruan genuen kontzeptua etxean bakarrik geratu den batena zen. Umeak joan eta bakarrik geratu den guraso batena, arazo mentalak eduki eta bakarrik bizi den bat edota adinez aurrera joan eta etxe horren bakardadean etxeak berak izandako bizitzari so jarri dena. Hori nahi genuen kontatu, baina gu nahikoa grafikoak gara eta hautsi, odola, dardara… aipatuta, badirudi oraintxe Gazako etxe batean gaudela kantuan.

Abestiaren introa oso dotorea da, berezia da kolpe horiekin hastea. Eta gero kolpe bat ere lapurtzen duzue… ez dakit, sekulako burutazioa iruditzen zait.

Y.G.: Jon Anderren ideia izan zen, nik ahotsarekin banuelako halako melodiatxo bat buruan baina ez gehiago. Normalean Jon Ander izaten da halako ideiak dituena, gitarrarentzako buelta bat duen zerbait berarentzat bi buelta bihurtzen direlako. Ez daukagu teoria musikalik, baina kanta bi ikuspegi desberdinetatik ikusten dugu. Niretzako konpas bat dena berarentzat ez da eta hori oso dotorea izaten da.

J.A.A.: Egia esanda nik ez dut gogoan nola sortu zen, baina bai unean sortu zela, ez zela pentsatu eta probak eginda izan. Hori dut gogoan, baina bestela, hor dago artistaren zera hori.

Y.G.: Eta esan behar dut ‘Zama’ eta ‘Zapatak’ iazko abenduan zeudela maketa moduan eginda, bi horiek genituela aipatu genien Elkarrekoei diskoa egiteko nahia genuela. Pentsa, bi abesti horiek bi mundu oso desberdin direla, gero diskoa ere horrelakoa izan da.

Bai, izan ere ‘Orbela’ kantuak hardcore mundura eramaten gaitu, izan zitekeen ‘El corazón del sapo’ taldearen intro bat.

J.A.A.: Bai bai, guztiz. Hor dago Corazón, Kuraia, Berri… Eta hainbeste entzun ditugunak. Hortaz, normala da hori guztia gugan egotea eta garrantzitsua ere bada halako erreferentziak izatea. Askotan esan izan didate halakoak ez dakit zer talde gogoratzen diela eta abar, eta niri berdin dit, eta batzuetan ere pozik antza hori badu.

Dena dela, sarrera eta gero Habiren esparrura eramaten duzue kantua, eta bada halako efektu bat kantua gorpuzten duena, pedalen bat edo…

Y.G.: Ez, ez zara jabetu hortaz. Gitarra monotik estereora irekitzen da eta niri ere harridura sortu zidan eta Victorri azalpenak eskatu behar izan nizkion nahasketak egiterakoan. Baina kantu hau guretzat oso azkarra zen eta Habin gero beti zerbait txertatu behar izaten dugu abiadura eta intentsitate hori jaisteko, bada, hemen ez genuen jaitsi nahi izan. Nahiz eta bi minutu motzean geratu kantua, nahi genuen hori lortu dugu, aurrera eta goazen hurrengora.

Nahiz eta bi minutu motzean geratu kantua, nahi genuen hori lortu dugu, aurrera eta goazen hurrengora.

Gogoeta bat ere sorrarazi dit abestiak, eskuetan odola bizitzaren fase bat edo bestea izan, zeinen desberdina den.

Y.G.: Nire buruan borroka bat zegoen buruan, zuk zure buruarekin izan dezakezuna, horri zein unetan egin diezaiokezun aurre pentsarazten duena. Baina Habin kantu bakoitzean eszena bat kontatzen dugu, horren gainean egiten ditugu kantak, autodidakta moduan hori egiten ikasi dugu. Badago egoera bat eta gero etortzen da mezu zabalago bat, irekiagoa izateko nahiarekin.

Gaia zeharo aldatuko dut norabidez eta galdera hau botako dizuet: zuotako inork badu loturarik mundu latinoarekin?

J.A.A.: Egia esan ez, baina bai atera zaigula nahikoa kantu latinoa.

Niretzat bossa-novatik edaten du kantu honek, baina gero metala, emoa… denetarik duen kantu bat da.

J.A.A.: Bossa-novarena aipatu genuen guk ere sortzen ari ginela, kontzienteki egindako erritmo bat da. Haustearena jolas bat da.

Y.G.: Ausarta eta desberdina da, nahiz eta Habiren errezeta baten lehengai guztiak badituen. Nahasketa eta ekoizpena bereziak ditu, koro politak, ahotsari bozgorailu efektu hori ematea… Single moduan ikusten genuen, baina altxorraren artean gorde nahi izan dugu ea jendeak topatzen duen ikusteko. Baina bai, guretzako bada kantu indartsua.

Katu bati idatzitako kantua da?

Y.G.: Nahikoa modu esplizituan idatzia da. Norbaitek hortz meheak eta ilea botatzen badu, akaso izan daiteke gaixotasunen baten ondorioa, baina etxean dudan katuari egina da. Lokalean agertu zen behin eta Jon Anderrek esan zidan euria egiten zuela, hotza, azaroa zen… eta 2019ko azarotik etxean dago. Letra batzuk banituen honen inguruan eta hortik atera da. Azkenean diskoa egitearen prozesua nahikoa frenetikoa izan da, zaila, presiopean ari ginelako, baina aberasgarria ere izan da, emaitza txukun bat emateko gai izan garelako. Horregatik, tiradera batean gordeta nituen hitz hauek berreskuratu ditut abesti honetarako.

Ekoizpenaz hitz eginda, ‘Galtzen’ kantuan dezentekoa da, perkusio hotsak eta guzti daudelako. Kantu nahikoa futurista ez al da Habiren munduan?

J.A.A.: Lehenengo txandan grabatu eta sortu genuen kantua da. Gure artean elektronika sartzearen ideia sortu zen eta uneren batean diskoa bera ere elektronikoagoa egitea pentsatu genuen, hau da, ukitu elektroniko dezente duena. Baina ikusten denez guztiz kontrakoa atera da, nahiz eta abesti honetan badagoen oinarri elektronikorik, eta horren arrazoia hasieran egin genuela da. Hori bai, jota eta sortuta dago, nahiz eta elektronikoa den.

Txori ehizatuaren metafora horretan, zeri begira jarri behar gara Yerai?

Y.G.: Luma taldeko nire lagun Adriani egindako kantua zen, orduan oso poperoa zen eta oso desberdina. Bada, esan dizudan moduan, ideien erreskatean ibili nintzen eta ez dut gogoan zeri idatzi ote nion abesti hau sortu nuenean. Hau idatzi duela 12 urte idatzi nuen eta gogoan du zerbaiten atzetik joatearen inguruan ari nintzela. Garaian ez nuen erlazio toxikoaren inguruko gogoeta handirik egina, baina hortik baduela esango nuke. Niri gustatzen zitzaidan ehiztaria edota autopsia bezalako hitzak sartzen direlako, eta duela 12 urteko Yerai horri fidela izatea ere nahi nuen, letra aldatu gabe.

Kontzertu dezente dituzue eta batzuk artista interesgarriekin partekatuta, hala nola Liher, Sara Zozaya edota Cala Vento taldeekin. Eta, nola ez, Etxekalte taldearekin ere bai Bermeon. Bira hasiera polita duzue.

Y.G.: Bateren bat edo beste gehiago ere badago ixteke oraindik. Urtarriletik aurrera Gasteziko Jimmy Jazzen, Gernikako Astran, Amurrioko Burubion, Azpeitiko Sanagustinen edota Bermeoko Nuntxakun izango da gu ikusteko aukerari.

J.A.A.: Eta daudenen tartean baino, bira luzatu egingo dela esango nuke. Oso pozik gaude aurkezpen bira honekin. Egia da Bidean Produkzioak dagoela gure atzetik lan handia egiten eta gure hirugarren lan honekin sendotasuna bilatzen bagenuen, bada kontzertu zerrenda hori bada sendotasun horren isla. Jotzen dugun tokiengatik eta jotzen dugun artistengatik ere bai, guretzako sekulako plazera delako halako taldeekin oholtza partekatzea. Egurra!

Y.G.: Egurra!

Diskoaren diseinua oraingoan ere zuek egin duzue?

J.A.A.: Etxean eginda, gauza gehienak bezala, bideoklipa ere etxe giroan egin dugulako. Lehenengo diskoan diseinua kanpoko batek egin zigun, ‘Loratu’ izan ezik, bertigoa sentitu genuelako nahiz eta Yerai eta biok diseinatzaileak garen. Diskoaren diseinua ere oso metaleroa da, beltza eta gorria.

Y.G.: Grindcore edota hardcore mundukoa izan zitekeen begi nini itxurako azal hori.

Elkar zaintzea eta bai, baina komunikatzearen garrantzia azpimarratuz ixten duzue diskoa ‘Ohartu’ abestiarekin.

Y.G.: Oso interesgarriak dira hartzen dituzun mezuak. Hemen, pertsona batek borroka guztien abanderatu izatea ezinezkoa dela esan nahi nuen, delegatu behar duzula askotan. Ezin zara ekologistena, feministena, anti-arrazistena… izan. Bakarrik ezin da mundua aldatu eta presio hori kentzeko abesti bat da. Lasai egon, besteei utzi gauzak egiten guztion onuraren alde eta zuk ere egin itzazu haiek egin ezin dituztenentzat.

Habian toki bat egin daitekeela beste batentzat, alegia.

Y.G.: Horixe eta bera!

Jaurlaritza Logoa