En directo

NAIZ Irratia
Entrevista
Amagoia Gurrutxaga
Lanarteako koordinatzailea

«Gure etxeko edozein torloju proportzioan babestuago dago, edozein liburu edo antzezlan baino»

Kultura negozio txarra dela askotan esan ohi da, are gehiago Euskal Herrian. Amagoia Gurrutxaga Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko koordinatzailea mintzatu da autonomoen erregulazioak dituen korapiloez, kulturgintzak dituen arazoez, eta jendeak sektorearekiko dituen aurreiritziez.

Amagoia Gurrutxaga Lanarteko kidea
Amagoia Gurrutxaga Lanarteko kidea (Endika PORTILLO)

Kultura negozio txarra dela askotan esaten da, are gehiago Euskal Herrian. Euskara langileen eta kulturgileen sektoreaz hitz egin du Amagoia Gurrutxaga Lanartea Euskararen Langile Profesionalen Elkarteko koordinatzaileak. Horrez gain, ‘Ez gatoz Paristik’ kultur podcasta gidatzen du.

2019ko maiatzaren 25ean egin zuen Lanarteak I. Batzar Nazionala, kultur arloko langile autonomo zenbaitek deituta. Kulturgileak konturatu ziren nahiko arazo komunak zituztela, zama administratiboak, askotan autonomoen kuota ezin ordaindu... Ohartu zirenean arazoa kolektiboa zela, diziplina arteko planteamendu bat egin zuten.

Hortik etorri zen 2020ean Lanartea elkarte bezala erregistratzea. Gerora etorri da autonomoez gaindiko kolektibo oso heterogeneo bat batu nahia, ia inork ezin duelako ehuneko ehun aritu sormenetik edo interpretaziotik.

Bi arazo nagusi aipatu ditu euskaraz jardutearen zailtasunaren inguruan. «Gure berri ez du inork, ez bada propio eta militantziaz edo kontzientzia zehatz baten ondorioz bila joaten. Hor izugarrizko gabezia dugu. Gure ekoizpenaren berriaren inguruko zabalkuntza desastre hutsa da, eta erakundeek ez dute laguntzarik ematen, nahiz eta esan hizkuntza propioa dela, eta babestu beharrekoa. Hori esaten da, baina gero hori gauzatzkeo tresna eta baliabideak ez ditugu inplementatzen».

Bestea, berriz, kopuru aldetik ere, Gurrutxagak adierazi du «milioika hartzaile potentzial dituzten bi hizkuntza hegemonikorekin konbibitzen dugula, gehi, ingelesezko produkzioaren etengabeko zaparradarekin».

Hor jendeari bistaratzea «oso zaila» egiten zaiola gaineratu du, «EITBk berak ere ez dio bere buruari ematen behar beste». Bestalde, haren ustetan, merkatuaren lege hutsak ekartzen du, «txikiaren, kasu honetan gurearen, desegitea».

Gurrutxagak adierazi du gizartea oso seguru dagoela kulturgintza langileak daudela «hiper subentzionatuta», eta ez da horrela. «Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aurrekontuetan oso txikia da kulturari ematen zaiona, eta erdia baino gehixeago EITBk eramaten du».

Bestalde, autonomen erregulazioaz ere aritu da, eta kulturgileek egun bizi duten egoera lazgarria mahaigaineratu du.

Gurrutxagak ‘Ez Gatoz Paristik’ kultur podcasta sortu eta gidatzen du. Bi helbururekin sortu zuen, batetik, sektoreko jendearengana iristeko tresna bat izatea, dauzkagun arazoei buruz gogoeta egiteko bide batzuk irekitzea, eta bestetik, agenda markatzea, gai horiek gizarteratzeko. 

Jaurlaritza Logoa