En directo

Entrevista
Amaiur Sarriegi
Realeko jokalaria

«Joan den sasoia gogorra izan zen faktore desberdinengatik, baina hori nire motxilara doa»

Iaz Realak zortzigarren egin zuen. «Ezin da esan sasoia positiboa izan zenik, Kopako finalera iritsi arren», adierazi du Sarriegik. Sanchez Vera entrenatzaile berriaz, kapitainak esan du «eraginkortasuna» lortu nahi duela. Ondo ikusten du taldea larunbateko lehiari begira: «Talentu handia dugu».

Audio_placeholder

«Joan den sasoia gogorra izan zen faktore desberdinengatik, baina hori nire motxilara doa»

Loading player...
Amaiur Sarriegi Realeko jokalaria, Zubietan.
Amaiur Sarriegi Realeko jokalaria, Zubietan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lehiarako grina ez du galdu Amaiur Sarriegi (Donostia, 2000) Realeko jokalariak, irrikaz dago ligari ekiteko. Sasoi honetan multzo luzeagoa du Realak. 24 jokalari daude guztira, iaz baino bost gehiago. Donostiako aurrelariaren ustez, «lehiakortasun handiagoa» izatea taldearen onerako da. Etorri berri diren jokalari guztiak «asko gustatu» zaizkio kapitainari, baina ez da ahaztu harrobitik indartsu datozenez.

Iragan denboraldiaz irakurketa zorrotza egin du: «Sendotasuna eta erregulartasuna falta izan zitzaigun». Alor pertsonalean ere sasoi gogorra izan zen aurrelariarentzat, «bai lesioengatik, baita jarraikortasun ezagatik ere», baina azpimarratu du «denboraldi txarretatik onetatik baino gehaigo» ikasten dela. Beraz, hori ere, bere motxilara. Larunbat honetan Sevillaren aurka neurtuko dituzte indarrak, Andaluzian (20.30ean).

Gogotsu hasteko?

Bai, denboraldiaurrea pixka bat luzea egiten da, sei-zazpi aste. Liga hasteko gogotsu gaude.

Nola joan da denboraldiaurrea?

Uste dut ondo joan dela. Jende berri dezente genuen, sistema berria, entrenatzaile berria... Dena pixka bat moldatzeko edo elkartzeko denbora behar da, eta oraindik prozesu horretan gaude, baina uste dut orokorrean sentsazioak oso onak direla.

Natalia Arroyoren lau urteko aroaren ostean, orain Jose Luis Sanchez Vera etorri da. Lan egiteko moduan aldaketa handia nabaritu duzue batetik bestera?

Bai, esango nuke guztiz desberdinak direla, bai jokatzeko moduan, bai erabiltzen duten marrazkian, baita taldea zuzentzeko duten moduan ere.

Sanchez Verarekin batera, Erika Vazquez duzue ere prestatzaile. Nork esango zuen, Athleticen bizitza oso eman, eta orain Realean prestatzaile. Taldekide izan zenuen?

Bai, denboraldiaurreak egin nituenean Athleticeko lehen taldearekin, eduki genuen harremana. Baina egia da lehen taldean ez nintzela oso finkatuta, orduan ez hainbeste.

Athleticen aurkako partidetarako baduzue aholkulari ona.

Bai, gainera gogotsu dago bera ere, denok bezala, eta asko laguntzen digu.

Ikusteko dago zer jokatzeko estilo izango duen Realak. Zuzenagoa beharbada?

Bai, izan daiteke. Uste dut eraginkortasuna lortu nahi duela Josek [Jose Luis Sanchez Vera entrenatzaileak], eta horretarako joko finkoago edo sendoago bat egin. Baina, egia da ere, jokatzea gustatzen zaiola, futbol erakargarria egitea, alegia.

«Esango nuke guztiz desberdinak direla, bai jokatzeko moduan, bai erabiltzen duten marrazkian, baita taldea zuzentzeko duten moduan ere»


Jokalari askok ez dute utzi taldea, hiruk hain zuzen ere: Jensenek, Bernabek eta Iris Arnaizek. Lau Tejada kontatzen badugu. Etorri, ordea, asko etorri dira. Nola ikusi dituzu etorri berriak?

Uste dut oso-oso positiboak direla ekarri ditugun fitxaketak, ikusita daukaten maila. Bai Clara [Cahynova], bai Claire [Lavogez], adibidez, jende pixka bat helduagoa, batzuetan esperientzia emango diguna. Taldea gaztea baikara. Beheko taldetik ere igo direnak oso ondo dabiltza, eta lehiakortasuna emango digute. Lucia Pardo nik ez nuen hainbeste ezagutzen, baina hor aurrealdean oso-oso ona iruditzen zait, eta uste dut gauza asko egingo ditugula elkarrekin. Orokorrean etorri diren jokalari guztiak asko gustatu zaizkit.

Hain justu ere, jokatutako azken partidan, Euskal Herria Kopako finalean berarekin batera jokatu zenuen aurrean. Ondo moldatzen zarete?

Bai, uste dut oso erraza dela Luciarekin [Pardo] jokatzea. Oso ondo ulertzen du jokoa. Uste dut oso ondo konbinatzen dugula, bai Nereak [Eizagirre], bai berak, bai nik. Oso erraza da beraiekin jokatzea.

Horrez gain, harrobitik saltoa eman dute Nora Sarriegi eta Alazne Estensorok, eta Elene Guridi zuekin egongo da entrenatzen.

Bai, hori da. Bai “Sarri” [Sarriegi], bai Guridi, bai Alazne [Estensoro], lesioarekin prozesu horretan dago, baita Intza [Egiguren] ere, Malen [Solozabal] ere ibili da, jokalari oso gazteak dira, baina oso onak. Lekua egin nahi dute lehen taldean, eta zergatik ez, aukera asko dituzte gurekin egoteko.

Aurten multzo luzeagoa duzue, 24 jokalari zaudete taldean, iaz baino bost gehiago. Bada aldaketa. Lehiakortasun handiagoa egongo da?

Bai, guztiz. Ni horietakoa naiz, hori pentsatzen duenetakoa. Geroz eta lehiakortasun handiagoak ekartzen du jendeak maila hoberena bilatzea. Autoexigentzia hori, ondokoak estutzen duenean, zuk ere estutu beharra. Uste dut beti positiboa dela.

Zortzigarren amaitu zenuten ligan, Kopara sailkatzeko ozta-ozta, baina azkenean barrura. Zer balorazio egiten duzu joan den denboraldiaz?

Orokorrean ezin da esan denboraldia positiboa izan zenik. Egia da Kopako finalera iristeko lorpena hor dagoela, baina horrek ez du kentzen denboraldi guztian zehar falta izan zitzaigun erregulartasuna, maila, sendotasuna, bai atzean, bai aurrean. Uste dut gauza batek ez duela bestea kentzen. Realari, guri, jokalarioi, denoi pixka bat gehiago eskatu behar zaigu.

Esango didazu “partidaz partida”, baina helbururen bat jarriko zenuten ala?

Sevillako partida [barrez]. Sevillako partida, hurrengoa Bartzelona, eta hurrengoa iruditzen zait jada urruti dagoela. Uste dut horrela hobeto joango dela kontua. Hasten zarenean hasieratik pixka bat presio hori sartzen, edo emaitzen aldetik, emaitza bat finkatzen edo postu bat edo sailkapen bat, nire ustez okerragoa izaten da. Beraz, Sevilla.

Beste era batera galdetuko dizut. Helburua ez, zuk zer itxaropen duzu, nola ikusten duzu taldea?

Taldea oso ondo ikusten dut. Talentu asko dago, jende on asko dugu postu guztietan, lehiakortasuna dugu, jokalari asko ditugu... Uste dut gauza positibo asko daudela zerbait polita egiteko. Esan dizudan bezala, uste dut ez dugula gure burua presiopean jarri behar, eta uste dut gu garena ateratzen bada, zerbait polita aterako dela.

Lehen hiru partidak etxetik kanpo jokatuko dituzue. Ez dakit horrek eragin handia izan dezakeen hasiera honetan.

Egia da taldeak zailak direla, eta etxetik kanpo, baina horrela tokatu da. Gauza horiek ez ditugu guk erabakitzen. Onartu egin behar ditugu, eta ahal den moduan jorratu.

Nola ikusten duzu liga?

Uste dut mugimendu asko egon dela, jende dezente joan dela, bai Ingalaterrara, bai beste ligetara, eta aldi berean ere, jendea etorri dela. Talde askok egin dute pixka bat eraldaketa moduko bat edo aldaketa sakon bat, Realak bezala. Gure kasuan bezala, badaude beste hiru-lau-bost talde, eta horrek beti dakar ezjakintasuna; ea aurten Sevilla nola ibiliko den, ea Atletico Madril joan diren eta etorri diren hainbeste jokalarirekin nola ibiliko den. Positiboa da ere mugimendua egotea taldeen artean.

Athletic eta Eibar, nola ikusten dituzu?

Ondo ikusten ditut. Denboraldiaurrean aukera izan dugu elkarren aurka jokatzeko. Uste dut txukun ibiliko direla. Athletic joan den denboraldian hasi zen aurrerapausoak ematen, Eibar ere oso erraz salbatu zen, eta uste dut beraien helburuak oso-oso goiz lortu zituztela. Oso sendoak diren bi talde dira, eta guri arazoak ekarriko dizkigutenak ziur.

«Realari, guri, jokalarioi, denoi pixka bat gehiago eskatu behar diogu»

Joan den denboraldia zuretzat gogorra izan zen?

Uste dut baietz. Azkenean faktore desberdinengatik, bai lesioengatik, bai jarraikortasun ezagatik. Emaitza aldetik ere ez zen izan nik espero nuena, eta logikoki gogorra izan zen, baina uste dut urte txarretatik onetatik baino gehiago ikasten dela. Hori nire motxilara doa, eta nire prozesura, Amaiur hori sortzeko bide horretara.

Nahi baino gutxiago altxatu zenituen besoak gola ospatzeko?

Bai, noski noski. Nire helburua beti da ahalik maila altuena ematea. Hori askotan gol, goleko pase edo minutuetan ikusten da, eta egia da joan den denboraldian ez nuela hori lortu Nire buruari hobekuntza bat exijitu behar diot eta alor guztietan aurrerapausoa ematen saiatuko naiz.

Lehenengo partida Sevillaren aurka kanpoan.

Sevillak proiektu berri bat du, jokalari berriak, baina baita galdu dituen jokalari garrantzitsuak ere. Oso joko zuzena egiten dute, oso bertikalak dira, ez dute asko arriskatzen atzean. Imajinatzen dut baloiaren jabetza guk edukiko dugula, eta alde horretatik, saiatu behar dugu beraiek atzean sartzen, ahalik zulo gehien aurkitzeko, bilatzeko, erasotzeko, eta jokaldiak bukatzeko. Uste baitut haiek kontraerasoan finak direla, eta hori bilatuko dutela.

Partida guztietan da garrantzitsuak hiru puntuak lortzea, baina ikusita hurrengo aurkaria Bartzelona dela, oraingo honetan are gehiago?

Gaur egungo ligak duen maila ikusita aurkari guztiak dira oso zailak. Argi dago bigarren jardunaldia ere zaila dela, baina lehenengoa ere zaila da, eta hirugarrena ere, eta laugarrena. Orduan, garrantzitsua beti da ahalik puntu gehien lortzea.

Jaurlaritza Logoa