En directo

NAIZ Irratia

«Lurraldetasuna ardatz, 2025ean nazioartean ekimenik egitea ez dugu baztertzen»

Bi urteko plana eskuartean du Gure Eskuk, larunbatean Batzar Orokorra ospatu ostean. Zuzendaritza aldaketarekin batera, egitasmo berriak iragarri dituzte. Josu Etxaburu bozermaileak nazio mailan zein nazioartean ekiteko asmoaren berri eman du NAIZ irratian.

Audio_placeholder

«Lurraldetasuna ardatz, 2025ean nazioartean ekimenik egitea ez dugu baztertzen»

Loading player...
Josu Etxaburu, Gure Eskuko bozeramailea, Bilbon urrian egindako ekitaldian.
Josu Etxaburu, Gure Eskuko bozeramailea, Bilbon urrian egindako ekitaldian. (Marisol Ramirez | FOKU)

Gure Eskuk urteroko Batzar Nagusia egin zuen joan den larunbatean Gasteizen, eta bi urteko plan bat aurkeztu du: herriz herri maila nazionalean eta nazioartean mobilizazioak egitea. NAIZ Irratian egon da Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramailea, eta etorkizunera begira bi gako nabarmendu ditu: akordio soziopolitiko zabala lortzea, munduko subiranistekin elkarlanean, eta nazioarteko aitortza izatea. Hori eskuratzeko ezinbestekotzat jo du «gizarte aktiboa eta ahuldundua» izatea.

Gure Eskuk bi ekimen jarriko ditu martxan datorren urterako: Gure Eskuko eskola bat, eta maratoi bat. Etxabururen hitzetan eskolaren helburua da prestakuntza teoriko zein praktikoa izatea, eta denentzat zabalik egongo bada ere, bereziki gazteen ahulduntzean ahalegin bat egin nahi dute. Maratoia, berriz, epe laburreko «ekimen hibrido» bat da, eta asmoa da herri bakoitzean bideo bat egitea galdera honi erantzunda: Zerk baitzen gaitu Euskal Herrira?

Gaurko testuinguru politikoaz ere mintzatu da, eta nabarmendu du heldutasun politiko bat erakusteko garaia dela: «Heldutasun politiko horretan, eta bakoitzak bereari eustea izaki, eztabaidagai izan behar da XXI. mendeko Euskal Herria nola eraman nahi dugun XXII. mendera. Horren inguruan, herri adostasun zabalak aurkitu behar ditugu, garaia iristen denean, eta gainera, sinetsita gaude eta anbizio horrekin goaz, jakin dezaten, behintzat, zein den euskal herritarrok luzatzen dugun egitasmoa».

Euskal Herrian begia jartzeaz gain, Katalunian ere jarri du, nabarmenduta etorkizunera begira asko dutela jokoan: «Bakoitzak gure bidea egiteaz gain, elkarrekin aritzeak ere uste dut Euskal Herriarentzat eta Kataluniarentzat lagungarria izan daitekeela».

Aurrera begira, datozen bi urteetan, Gure Eskuk lurraldetasuna ardatz hartu nahi du, eta 2025erako, nazioartera salto eginda, ez du baztertzen afera horren inguruko ekimen erraldoi bat egitea.

Jaurlaritza Logoa