En directo

NAIZ irratia

2018, 2019... eta Greba Feminista Orokorra

Biharko deialdiak inflexio puntua izan nahi du, baina mugimendu feministaren urtetako lanaren uzta da jasoko dena. Atzera begira jarri gara Informazioaren Harian, Greba Feminista Orokorraren aurreko deialdiak gogora ekartzeko.

Audio_placeholder

2018, 2019... eta Greba Feminista Orokorra

Loading player...

Lehen Greba Feminista Orokorra izango da bai, bi abizen horiek izango dituen lehena; eta kasu honetan, soilik Hego Euskal Herrian. Baina mugimendu feministak mugarri gehiago izan ditu honako inflexio puntura iritsi aurretik. Urte batzuk egin behar ditugu atzera biharko jardunaldiaren jatorria ulertzeko; zehazki, 2018ra.

Urte hartako martxoaren 8an ospatu zen lehen Greba Feminista Euskal Herrian. 1,6 milioi emakume planto egitera deitu zituen mugimendu feministak galdera zehatz baina zuzen bat mahai-gaineratuz: 'zer gertatuko litzateke emakumeek planto egingo bagenu?'.

Hala, Euskal Herriak mundu mailako deialdiekin bat egin zuen modu horretara. 2017an lanuzte txiki eta sinbolikoak egin ziren nazioarteko proposamenari atxikimendua adieraziz. Urtebete beranduago, erronkari aurre egiteko aukerekin topo egin zuen EH-ko mugimendu feministak. Emakume eta identitate disidenteak enplegu, zaintza, kontsumo eta ikasketa grebara deitu zituzten, eremu horietan patriarkatu zisheteropatriarkalaren ondorioz jasandako indarkeriari aurre egin asmoz.

2018ko martxoaren 8 hartan 200.000 pertsona mobilizatu ziren guztira; hiriburuetan, zehazki, 70.000 eguerdian eta 100.000 arratsaldean. Mugimendu feminitsak egun osoko greba eguna deitu zuten eta sindikatuek lanuzteak. 2019an greba deialdia errepikatu zen, baita martxoaren 8an ere. Aurreikuspenak gainditu zituen, baina batez ere, deialdien kopurua, grebaren deszentralizazioa, azpimarratu zuten antolatzaileek garaiko kroniketan irakur daitekeen moduan. 200 bat herri eta auzoetan egin ziren ekimen eta mobilizazioak egunean zehar, eta arratsaldean hiriburuetan lehertu zituen indar guztiak mugimendu feministak.

Nabarreria kalean piketeak, Iruñean, 2019ko greba feministan
Nabarreria kalean piketeak, Iruñean, 2019ko greba feministan

2020an ez zen greba feministarik egin, baina urtarrileko 30eko greba orokorrarekin bat egin zuen mugimendu feministak eta haren aldarriak presente egin ziren Euskal Herriko Eskubide Sozialen kartak, pentsionisten mugimenduarekin batera, bultzatutako deialdian.

Covid19aren izurriteak mundua hankaz gora jarri zuen. Eta krisi anizkoitzak osasungintzaren egoera kritikoa azaleratzeaz gaiz, zaintza lanen garrantzia azpimarratu zuen. Bizitzak erdigunean Koordinadorak zaintza lanen aitortzaren eta zaintza eskubide kolektiboaren inguruko hausnarketa abiatu zuen. Urtetako lan mardularen ostean, 2023ko martxoaren 8an dossier bat aurkeztu eta borrokarako dinamika iragarri zuen. Hilabete batzuetara izen-abizenak eta data jarri zitzaizkion ekimenari: 2023ko azaroaren 30ean, Greba Feminista Orokorra.

Jaurlaritza Logoa