En directo

NAIZ irratia

«Zailtasunak borondatearekin gainditzen ditugu»

Donostiako udalak Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditzan ahaleginetan dabil PP. Agus Rodriguezek, EAJren zinismoa kritikatu du, popularren asmo bera duela argudiatuta. Hiru urtetan 160 afari bero banatzetik 240ko kopurura iritsi dira. Beharra geroz eta handiago da, baina baita zailtasunak ere.

Audio_placeholder

«Zailtasunak borondatearekin gainditzen ditugu»

Loading player...
Egunero banatzen ditu Agus Rodriguezek, Kaleko Afari Solidarioetako beste kideekin batera, afari beroak Donostiako kaleetan.
Egunero banatzen ditu Agus Rodriguezek, Kaleko Afari Solidarioetako beste kideekin batera, afari beroak Donostiako kaleetan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Egunero-egunero, 240 afari bero banatzen dituzte Donostiako kaleetan Kaleko Afari solidarioetako kideek. Hala egin dute hiru urtez, bolondreski. Agus Rodriguez egitasmoko kidea da. Baliabide eta azpiegitura gutxi dutela azaldu dio NAIZ irratiari, antolakuntza xumea da. WhatsApp talde baten bitartez antolatzen dira: nork kozinatuko duen, nork jasoko duen auzo elkartetik mahaia, nork egingo duen banaketa...

Oinarrizko beharrak asetzeko, oinarrizko otordu bat eskaintzen dute. Zenbait alderi politikok baina ez dute begi onez ikusten ekimena. Donostiako udalak Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditzan ahaleginetan dabil PP. Azaroko udalbatzarrean popularrek salatu dute egitasmoak ez dituela espazio publikoa erabiltzeko eta elikagaiak manipulatzeko legeak betetzen, eta horregatik debekatu beharko litzatekeela. Pasa den hilabetean saiakera bera egin zuten segurtasun arrazoiak argudiatuta. EAJren «zinismoa» kritikatu du Rodriguezek, jeltzaleek asmo bera dutela dio. Martin Ibabe zinegotziak Afari Solidarioak «kriminalizatzeko» bideak aztertzeko Udaltzaingoarekin bilerak egin dituela kontatu dio NAIZ irratiari. Azaldu duenez, hala esan zion PPko zinegotziak EAJkoari udalbatzan: «zuk ni adina gogo duzu afari hauekin amaitzeko»

Afari solidarioek egunero-egunero afari bero bat eskaintzen die Donostiako kaleetan bizi diren hainbat pertsonari. Uda aurretik 160 afari banatzetik 240ko kopurura iritsi dira azken aste hauetan. Beharra geroz eta handiago da. Hotzaren etorrerak lozakuen, arroparen eta bestelakoen eskaria handitu du. Egitasmoak ez du horri erantzuteko moduri eta beraz, Harrera Sarera bideratzen dituzte eskakizunak.

«Bihotzak irabazita», aurrera

Hiru urteko ibilbidea egin du egitasmoak. Askotan interpelatu dute Udala kalean bizi diren pertsonentzako aterabideak mahaigaineratu ditzan. Donostiako Udalak baliabide gehiago jartzeko inongo asmorik ez duela azaldu du Rodriguezek. Berriki egitasmoak aurrera egin ala ez eztabaidatu du batzar orokorrean, baliabide falta eta trabak pisutsuegiak baitira.  «Zailtasunak zailtasun», eustea erabaki dute.

Jangela sozial bat eraikitzeko proposamena ere luzatu diote Eneko Goiaren udalari. «Kaxoi batean gordeta» dagoela dio Rodriguezek. Udal-gobernuak Egiako auzoan aterpe integral bat eraikitzeko asmoa zuela jakinarazi dute. Proiektuaren berririk ez dute oraindik ordea.

Jaurlaritza Logoa