En directo
«Dream-popa pixka bat atzean geratu da eta soinu elektronikoekin probatzeko gogoz nintzen»
Musika berezia da Airu proiektuak sortzen duen eta halakoxea da ‘Con lo bueno y con pena’ ere, talde bilbotarrak atera duen lehen luzea. Patricia Echanove, Erik Gonzalez, Jon Gomez eta Irune Vega dira taldea osatzen dutenak. Azken hau izan da gurekin taldearen nondik norakoak kontatzeko.
«Dream-popa pixka bat atzean geratu da eta soinu elektronikoekin probatzeko gogoz nintzen»
Kaixo Irune, zer moduz?
Egun on, ongi eta zu?
Gustura, kafea hartu berritan.
Nik tea hartu dut.
Egia! Esnearekin, ezta?
Bai, kafea ez dudanez gustuko, esnatzeko pizgarri moduan hartzen dut. Nire ‘british’ aldea dela esango nuke.
Kantuetan ere baduzu ordea ‘british’ ukitu hori.
Bai bai, dena batera doala esango nuke.
Lehendabiziko lan luzea ateratzea prozesu luzea izan da.
Bai, guretzako bai. Abestiak 2021ean sortu ziren, nire kabuz demo batzuk sortuta. Gero, taldekideekin lokalean gauzak aldatu eta probak egiten ibili gara. Gero, Jon Aguirrezabalagarekin estudioan grabatu dugu eta azken ekoizpena hor etorri da. Hasieratik bukaeraraino, ia hiru urte pasa dira.
Gainera, lehendabiziko lana denean, dena berehala nahi izaten da eduki.
Beno, hori nire bizitzako arlo denetara pasatzen da, berehalakotasunaren sindromea daukat erabat.
Demoetatik azken emaitzaraino kantuak aldatzen ikusita, zer nolako bizipenak izan dituzu?
Denetarikoak izan dira. Agian pixka bat arraroa izan da, ‘demotitis’ pixka bat badudalako. Hau da, nik nire burua demoan dudanez, hau da, gauza asko nik eginak direnez, zerbait aldatzen badidate kosta egiten zait aldaketa hori onartzea. Hortaz, pazientziaz hartu behar izan dut guztia eta denbora pasa behar izaten dut abestien bigarren edota hirugarren bertsioa onartu ahal izateko. Hortaz, oso ondo dago eta interesgarria da abestia beste leku batetara doala ikustea.
Zeintzuk izan dira zure eraginak?
Bada, pentsatu beharra daukat. Joesef abeslari eskoziarra entzun dut dezente, r&b moduko bat egiten duena. Nilüfer Yanya indie artista ere asko entzun dut azkenaldian. Spotifyren algoritmoa asko erabiltzen dut gauza berriak entzuteko, nik nahi dudan tokira joan ordez espero ez ditudan gauzak ezagutzen joateko.
Hortaz, algoritmoaren edo adimen artifizialaren aldekoa zara?
Ez aldekoa eta ezta kontrakoa ere. Tresna bat gehiago da eta erabilera zuzena eman behar zaiola esango nuke, gainerakoan beldur pixka bat ere ematen dit.
Eta Spotify soilik erabiltzen duzu edota TikTok bezalako plataformetan ere topatzen dituzu gauzak?
Biak erabiltzen ditut baina TikTok bideoak ikusteko erabiltzen dut, Spotify da musikarako erabiltzen dudana.
‘Bailar sobre mi espalda’ kantuan argazki bat etortzen da burura halabeharrez, baina ironia moduko bat ere sumatzen diot kantuari.
Zer nolako ironia?
Ez dakit, niri kostatzen zait norbait nire gainan dantzan ikustea. Baina ironiarena edo, bada halako dikotomia bat, zerbaiten nahia baduzunean eta aldi berean hori gertatzerik ez duzunean nahi sortzen dena.
Bai, hori da. Portadaren irudian elefante bat ere badago eta hor irudikatzen dut nolabait ere kantua, animaliaren pisua norberaren gainean irudikatzen dut. Hala ere, mezua bestelakoa da; esan nahi dudana da askotan zerbait egiten duzula edota norabait joaten zarela, kontzienteki jakinda kalte egingo dizula.
Letrak ulertzea batzutan ez da hain erraza, ahotsaren erabilera eta estudioko tratamenduak dena nahiko modu nahasian jartzen duelako. Jendeak diskoari buelta emateko helburua du edota zuzenean dantza egitera gehiago gonbidatzea da nahia?
Abesti honetan ez da asmo espezifikorik egon, horrela irten zen, baina kantua bai nahi dugula zerbait dantzagarria izatea. Baina bai, entzunaldi bat baino gehiago eskatzen du, ahotsak oihartzuna duelako eta diskoak elementu asko dituelako. Hitzak oso garrantzitsuak dire niretzat, hortaz, entzunaldi bat baino gehiago ematea gomendatzen dut.
Letretan interpretaziorako tartea ematen duzu, zure barrutik ateratzen diren hitzek bide bat baduten arren. Eta horren adibide da ‘Coloco los pies’ kantua. Nik datorrenari aurre egiteko prest dagoen pertsona bat ikusten dut, nahiz eta galduta dagoen abestiko mundu horretan.
Bai, hortik doa kontua eta aldatzen saiatzeko beharra duen pertsona da. Istorio barregarri bat du hala ere honen atzean. Ez dakit ‘Ahora caigo’ izeneko lehiaketa ezagutzen ote duzun. Bertan, lehiakide bat kanporatua denean, aurkezleak halako tranpa batean oinak jartzeko eskatzen dio lehiakideari eta, ondorioz, urduritasun une bat sortzen da. Lehiakideak badaki jausi egingo dela, baina oinak ondo kokatzeko esaten diote. Bada, metafora hori bizitzara eramanda sortzen da ‘Coloco los pies’.
Gitarretan efektu asko erabiltzen dituzue?
Nik reverb bat eta chorus bat eta horrekin pozik nago. Baina, Erikek sekulako pedalera du, friki samarra da. Gauza asko aldatzen ditu, txikikeriak nire ustetan, baina ez da horrela agidanez.
Baxuaren presentzia hala ere asko nabarmenduko nuke. Demoetatik diskora zer nolako inpresioa egin dizu horrek?
Demoetan ez dago baxurik, edo oso gutxi, ahaztu egiten zaidalako. Abestiari sekulako indarra ematen dio baxuak eta bertan dagoen arte askotan ez zara konturatzen.
Dream-pop kutsua du ‘¿Cuánto más dices que va a dura?r’ abestiak.
Orain ez dut hainbeste esaten, baina duela bi urte bai esaten nuela dream-popa egiten genuela. Orain popa egiten dugula esaten dut, besterik gabe. Baina arrazoi duzu, ukitu hori badu abesti honek ezbairik gabe.
Beti azken tendentziei jarraika doan popa egiten duzu hala ere.
Bai, hala da. Momentuz ez dakigu zer egingo dugun honen ostean, baina esperimentazioan murgildu eta doinu elektronikoagoen bila joateko nahia ere badugu, orain artekoari eutsita, jakina.
Harreman baten aurrean gure buruari egiten diogun galdera nahiko ohikoa da izenburukoa.
Bai, baina ez doa hortik kantua. Esanahi asko izan ditzakeen arren, kaltegarria den toki batean zaude eta ez dakizu noiz aterako zaren hortik, eta ia-ia gustura egotera iristen zara toki txar horretan. Halako gauzak dira buruan ditudanak honen aurrean.
Adinaren kontua ere izan daiteke, 27 urte dituzu eta unibertsitate osteko garaia aldaketa garaia izaten da. Zer moduz daramazu hori?
Bada, okerren daramadana da lagunak batetik bestera dabiltzala ikustea, urrun daude, eta beren bizitzak asko aldatu direla ikustea estresagarria egiten zait.
Zure burua entzule ontzat daukazu? Hau da, beste bat zuri hitz egiten ari zaizunean, entzule ona zara?
Beste bat bere kontuez ari zaidanean? Lagun ona bada, bai. Ezagutzen ez dudan pertsona bat etorri eta astun jartzen bazait, horrekin ez.
Esaten dut ‘Cuenta cuenta cuenta’ pixka bat hortik ulertu dudalako. Hor diozu asko duzula kontatzeko baina parekoari esaten diozu kontatzeko behar duen hori.
Gauza da, gertaera baten aurrean, zuk bizipen batzuk izaten dituzula baina beste batek ikuspegi desberdina eduki dezakeela. Hortaz, nire egia absolutua ez izateko, bestearen bertsioa jakitea ere garrantzitsua iruditzen zait. Batzuetan kanpoko begirada bat ongi etortzen da autokritikarako ere.
Esan dizute inoiz bossanova itxura duela kantu honek?
Beste lagun batek esan zidan baita ere ukitu latino bat baduela, baina ez dakit zergatik. Hasieratik horrela dago eginda eta ez du aldaketarik izan, gitarra eta ahotsa eta kitto, abestia biluzik utzi dugu.
’Es por tu bien’ kantua justu kontrakoa da. Koktel potente bat da, 60etatik 80etarako elementu asko nahasten ditu.
Hau bai aldatu dela hasierako demotik azkeneko emaitzaraino asko. Ziurrenik aipatu duzunagatik, sintetizadoreetako hartu ditugun soinuek asko eragin du.
Hor Jon Agirrezabalagaren eskua egongo da tartean, ezta?
Jonek estudioan sintetizadore asko ditu eta erabili ditugu, eta hori ni MIDI teklatuarekin pozik nintzela. Polita da sintetizadore berriak probatzea eta erabiltzea, baina niretzako ez da hainbesterako, hor Erik eta Jon taldekideak dira frikiagoak eta aldaketa asko egin dituzte hor.
Errimekin ere jolas asko egin duzu.
Ea, utzi pentsatzen… a, bada, bai! Ez naiz konturatu abesti honetan halakorik egin dudanik ere!
Elur bolaren fenomenoa ikusten dut mezuan. Hau da, arazo txiki bat geroz eta handiagoa egiten ari dela.
Izan daiteke nire bizitzan ere horrela ibiltzen naizela pixka bat. Saxo kaotiko bat sartu genuen eta sintetizadore bat azpitik eta, bukaeran, grano pixka bat eman genion. Sonikoki hori bilatu genuen.
Eta bukaeran halako katarsi bat badago.
Katarsia, interesgarria.
‘Intento mirarte como si no tuvieses otra elección’, izenburu luzea duen abestia. Krisi egoera bat ikusten dut hemen, parean duenari aurpegira begiratu ezin duen pertsona bat.
Agian lotuta egon daiteke. Parean duzunak badakizu gauzak txarto egiten ari dela, baina aldatu daitekeela sinistuta zaude. Hortaz, enpatia ariketa moduko bat da hor sortzen dena, nahiz eta merezi ez duela jakin badakizu parekoa defendatuko duzula.
Kantatzerakoan drill kutsua nabari zaio, baina ez da halakorik entzuten ia bukaera arte. Oso trataera berezia eman diozue abestiari.
Sen Senraren ukitua duela esan didate batzuk. Niretzako dream-popa pixka bat atzean geratu da eta soinu elektronikoekin probatzeko gogoz nintzen eta Abletonarekin trasteatzen ibili naiz. Bateria elektronikoak, ahotsa aldatu… Eta, gero, Jonek ekoizpena egin duenean, hori guztia nabarmendu egin du.
Nahiz eta diskoan ez doazen jarraian, ‘En el más allá’ abestiarekin lotura ikusten diot aurretik aipatu dugunari.
Bai, izan daiteke. Musikalki akaso ez daude hain lotuta baina, esanahi aldetik, bai badirela aurretik nola sentitzen nintzen eta gero nola sentitzen naizen esaten duten kantuak.
Baxu oso funkya duen eta perkusioan oso discoa iruitu zaidan abestia da.
Nik, egia esanda, ez dut funk askorik entzuten, baina bateria hau nonbait topatu nuen eta horretatik abiatuta sortu nuen gainerako guztia.
Esan daiteke disko honetako musikan atal emozionalari garrantzia handia eman diozula?
Bada, baietz esan daiteke. Letrek gauza asko transmititzen dituzte, baina ahotsik gabe ere esplikatu dezakezu nola sentitzen zaren eta sakontasuna ematea posible da.
Eta ‘Más del límite’ kantuan sakontasun hori topatu dut nik. Gaizki maitatzearen inguruan ari zarela iruditu zait.
Bada, ni ez nindoan hortik. Azkenean beti toki berera bueltatzen naiz, baina, abesti hau marra gorrien inguruan doa. Hau da, badakizunean zerbait ez zaizula komeni, marra gorri bat jartzen duzu nahi duzunaren eta ez duzunaren artean, baina batzuetan marra horiek gainditu egiten dira eta hori zure kalterako da.
2021ean egindako kantua da ‘Es todo un encierro’ kantua, ezta? Oso post-pandemikoa iruditu zait.
Post eta pandemia betekoa ere bai. Lehen itxialdia Bilboko Alde Zaharrean pasa nuen, lagun batzuekin bizitzen ari nintzela, baina, gero, bigarren bat pasa behar izan nuen Frantzian. 2020ko ekainean neurri oso gogorrak izan genituen han, hemen dena lasaitzen joan zen bitartean.
Estocolmo sindrome pixka batekin ikusi zaitut abestian.
Bueno, izan daiteke. Azkenean esan nahi nuena zen berdin zuela Bilbon, Frantzian, non egon, depresibo samar nintzela eta edonon egonda ere gauzak ez direla aldatuko.
‘¿Qué es lo que sabes de mi?’ abestia 50etako balada rockabillya da, deskolokatzen nau.
Bada, niretzat, ‘Cuenta cuenta cuenta’ abestiaren munduan kokatzen da, baina batez ere ekoizpenagatik.
Kantuan egiten den galdera hori askotan egiten dugu.
Bai, baina hemen beste buelta bat eman diot abestiari. Norbait ezagutzen ari gareneko ohiko galderak egiten aritu ordez, konturatzen zara parekoak ez duela errekzionatzen eta dena zuk kontatu diozula, ez dizula ezer galdetzen, eta zugan interesik ba ote duen zalantza sortzen zaizu.
‘Verte de espaldas’; bizkarretik begiratzea norbait testuinguruaren arabera asko aldatzen da.
Zerbait nostalgikoa ere izan daiteke, pentsa. Kasu honetan desirarekin lotuko nuke nik abestia, baina denetarik izan diteke.
Diskoaren diseinuari eta, orokorrean, taldearen irudiari garrantzia handia eman diozue.
Urtarrilean egin genituen argazkietan ilea, makilajea, adimen artifizialaren erabilera, jantziak… gauza asko erabili genituen eta oso zainduak izan ziren, bideoklipa bezala. Orain egin ditugunetan, naturalago ikusten gara. Zuzenekoetarako ez naiz askorik transformatzen, bai zaintzen dudala irudia, baina ez gehiegi. Diskoaren diseinua, berriz, Gorka Larcanek egina da. Gauza asko egiten ditu eta orain euskal kulturaren eta ilearen arteko erlazioa lantzen ari da, horren inguruko eskultura moduko batzuk egiten ari da.
Diseinuarekin zer zen bilatzen zenutena? Iluna delako eta naifa aldi berean.
Bi buru dituen arratoi bat da azalekoa. Baina buru bat pozik dago eta bestea haserre, horiek dira ‘lo bueno’ eta ‘la pena’, gorputz bakarrean, denok ditugulako bi aldi horiek.
Kontzertuak noiz dituzue?
Bartzelonan abiatu genuen bira azaroaren 9an eta 10ean Castellón izan ginen. Euskal Herrian lehenengoz Iruñean izango gara, azaroaren 17an, Txintxarrin. Gero abenduaren 1ean Santanderren, 2an Oviedon eta 6an Donostiako DabaDaban emango ditugu kontzertuak. Bilbon, urtarrilaren 25ean aurkeztuko dugu diskoa, Kafe Antzokiko Kutxa Beltzean, eta, bukatzeko, apirilean Madrilgo Sound Isidro festan arituko gera. Baina jarraitu sareetan adi egoten, gehiago etorriko dira-eta.
Zuzenekoetara doanak zer espero behar du?
Nik uste dut zuzenekoa aldatzen doala hasieratik bukatzen den arte. Lehen zuzenekoetan instrumentazio bat erabiltzen genuen eta orain elementuak gehitzen eta aldatzen doaz, hortaz, entzulearentzat esperientzia desberdina izango dela esango nuke.
Bada, benetan, gozatu ezazuela!
Mila esker.