En directo

NAIZ Irratia
Entrevista
Yolanda Jubeto
EHUko irakasle eta ekonomia feministan aditua

«Goldinek ekarpena akademian egingo du, soldata arrakalan eragiteko mobilizazioa behar da»

Yolanda Jubeto EHUko irakasle eta ekonomia feministan aditua den doktorearekin sakondu dugu Claudia Goldin 2023ko Nobel Saridunaren lanean. Lan merkatuko genero arrakalen arrazoiak ikertzeagatik saritu dute Hardvard Unibertsitateko ekonomista. Ekarpena bereziki akademikoa izango da Jubetoren ustez.

Audio_placeholder

«Goldinek ekarpena akademian egingo du, soldata arrakalan eragiteko mobilizazioa behar da»

Loading player...
Yolanda Jubeto, artxibo irudi batean.
Yolanda Jubeto, artxibo irudi batean. (Monika del Valle | FOKU)

Claudia Goldin Hardvard Unibertsitateko ekonomilari estatubatuarrari eman  diote 2023ko Ekonomia Nobel Saria. Sari hori jasotzen duen hirugarren emakumea da eta lehena bakarkako lan bati esker eskuratu duena. Lan merkatuko genero arrakalen arrazoiak ikertu ditu eta lan horregatik jaso du nobela.

Yolanda Jubeto EHUko ekonomian doktorea da eta ibilbide handia egin du ekonomia feministaren arloan. Berekin batera aletu dugu Goldinen ekarpen teorikoa. Jubetok azaldu du Goldinek datu enpirikoak erabili dituela soldata arrakalaren oinarriak aztertzeko. Horitako elementuetako bat amatasuna da. Seme-alabak izaterakoan arrakala handitu egiten dela nabarmendu du Jubetok, haur bakoitzeko arrakala %7koa dela neurtu du Goldinek. Geroz eta haur gehiago, orduan eta arrakala handiagoa da gizon eta emakumeen artean. Emakumeen arteko arrakala ere ematen dela azaldu du, umerik gabekoen eta ama direnen artekoa, alegia.

Zaintza lanen antolaketa eta banaketak eragina du baita ere soldata arrakalan. Goldinek dio arrakalak handitzen direla emakumeek lanordu gutxiago egin eta ordutegi malguagoa nahi dutelako; hau da, lan munduan egiten duten jarduna ez dutelako lehenesten. Zaintza lanen banaketa injustu eta sexistari zein amatasunari, kristaleko sabaia ere gehitzen zaio. Enpresek gizonak nahiago dituzte, lan ordu gehiago eşkaini ditzakete-eta. Hala ondorioztatu ahal izan du Goldinek bere ikerketetan.

Malgutasuna eta langileak ordezkatzeko metodoak izan daitezke beraz neurri aplikagarriak enpresetan. Jubetok dio egun derrigorrezkoak diren berdintasun planek halakoak aurreikusi beharko lituzketela, baina garrantzitsuena betetzen direla ziurtatzeko kontrola dela dio.

Claudia Goldinen lanak akademian eragina izango duela uste du Jubetok, baina gizarte aldaketak eragiteko kalean egotearen beharra azpimarratu du. Ikerketak eta mobilizazioak, biak dira garrantzitsuak Jubetoren ustez.

Jaurlaritza Logoa