En directo

Alba Cabrera

Otomandar Inperioaren azken arrastoen atzetik

Kilometro luzeko bidaiak egitera ohituta daude Oiartza Pampliega eta bere familia. Furgonetaz, askotariko txokoak bisitatu dituzte eta horietako batean egingo dugu geldialdia saio honetan: Turkia.

Audio_placeholder

Otomandar Inperioaren azken arrastoen atzetik

Loading player...
Didimako aztarnategi arkeologikoa.
Didimako aztarnategi arkeologikoa. (Oiartza Pampliega)

Asteburuari eta, orokorrean, aisialdiari irrika handiz eusten diote Oiartza Pampliegak eta bere familiak. Etxe ibiltari batean mugitu ohi dira hara eta hona. Bada, saio honetan, Marco bikotekideak, Eneko semeak eta protagonistak berak, lau gurpilen gainean, urrutira egindako jauzia izango dugu hizpide: Turkia. «Orain bi hamarkada ezagutu genuen, motxila soinean. Oso garbi nuen berriro ere bisitatu nahi nuela. Askoz herrialde irekiagoarekin egin dugu topo», azaldu du NAIZ Irratian.

Pampliegaren hitzetan, bi bide omen daude furgonetarekin Turkiara ailegatzeko. Lehena, beraiek egin zutena, Europa zeharkatuz, herrialdez herrialde. Bigarren aukera Mediterraneo aldetik joatea da. Alegia, errepidea eta itsasoa uztartuz. Hala, Istanbulen sartuta iritsi ziren herrialdera, hilabeteko zeharkaldiari ekiteko prest. Haren begietan, hiri magikoa da, kultur ondarez josita, eta «bai hirian, bai herrialde osoan iluntze gorrixka bereziak» ikusi zituzten.

Hirigune frenetikotik irten eta Mediterraneo aldeko freskotasunaren bila abiatu ziren. Lehen geldialdia Egeo itsasoaren ertzean egin zuten, Efeso, Akyaka... Otomandar Inperiora denboran atzera salto egiteko asmoz. Kostatik kostara jauzi eginda, liziarren arrastoei jarraiki murgildu ziren Kas herrian, aintzinan, Mediterraneo aldean kokatutako lurretan. Merkatariak ziren eta harreman estua zuten egiptoarrekin. Elkarrizketatuaren esanetan, beren sinismenen zantzuak gaur egun ere ikus daitezke islatuta Turkiako hegoaldeko itsasertzean: «Mendiak induskatzen zituzten, harria zulatu, hildakoek etxea izaten jarrai zezaten. Ate forma dute. Hasiera batean, urrez beteta zeuden».

Sarkofagoetan nahiz hilobietan barrena, hustutako herri batera iritsi ziren: Kayaköy, lau mila harrizko etxe, bizilagunik gabe. «Masifikaziotik ihes egitea gustuko baduzu, egin beharreko geldialdia da» uste du bidaiariak.

Behin Pataran, Turkiako hondartzarik luzeenean dortoken artean ibilita, iparralderantz jo zuten, Kapadozia postal ezagunera, baita penintsulak eskainitako beste hamaika paraje ezagutzera ere. Itsas Beltzaren bueltan eman zioten amaiera bidaiari, Astigarragara itzuli aurretik. Motz gelditu zitzaion familiari hilabeteko egonaldia... Itzuliko al dira hirugarrenez Anatoliako altxorren bila?

Jaurlaritza Logoa