En directo
Bukatu da Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Lege berriari zuzenketak aurkezteko epea eta azken unera arte probestu dute aukera legebiltzarkideek. Honek, ezustekoa eragin du, EAJk eta PSEk proposatutako zuzenketa batek A, B eta D ereduak bueltan ekartzeko eskatu baitu. Ikoitz Arrese EH Bilduko legebiltzarkidea legearen inguruan aritu da NAIZ Irratian.
«Unean-unean indarrean dauden hizkuntza-ereduen sisteman oinarrituta» dio kalapita eragin duen zuzenketak. Iragarri zen legearen xedea euskara ardatz izan zedila. Bi kontzeptu hauek bateragarriak dira?
Horretan sartu baino lehen atzera begiratu behar dugu. Fase berri honek agerian utzi du alderdi bakoitzak zirriborroari zer nolako zuzenketak egiten dizkiogun. Asteartean konturatu ginen hezkuntza akordioarekin eta dagoeneko publiko egin izan diren lege zirriborro ezberdinekin zerikusirik ez duten EAJ eta PSEk. HAin zuzen ere, oso delikatua izan daitekeen gai baten inguruan konfusioa sortu dezakeen zuzenketa bat, ereduak legean agertu behar direnaren aipamen hori.
Guk zuzenketa hori hartu genuen azkenengo minutuan erroldatu zutelako bi alderdiek, ez dakigulako zeri erantzuten dion. Orain arte egindako ibilbide luze, sakon eta argiaren ostean 2022ko apirilaren 7an adostu genuen hezkuntza akordio hark markatzen zituen hizkuntz-politikaren gaineko irizpideak errespetatzen ez dituen zuzenketa dela iruditzen zaigu.
EAJ eta PSEri ereduen inguruko interpretazioa eskatu zuen Pello Otxandianok asteazkenean. Erantzunik jaso duzue?
Ez, ez dugu inongo erantzunik jaso. Are gehiago, bai alderdi desberdinek zein gobernuko kide ezberdinek egin dituzten adierazpenek kontrajarriak izaten jarraitzen dute. Guretzako hau larria izatetik harago zentzugabekeria bat ere bada. Izan ere, zuzenketa berdina erroldatu duten bi alderdiak ari dira interpretazio ezberdinak egiten. Nire kide Pello Otxandianok eskatu duen bezala, nik ere eskatzen dut argitu dezatela benetan zer den zuzenketa horri dagokionean duten asmoa.
Gure ustez, lege artikulatu batek egin behar duena da ahalik eta zehaztasun eta argitasun gehien eman planteatzen diren helburuei. Kasu honetan, zuzenketa hau zioen azalpenean txertatzearekin eztabaida publikoan konfusioa besterik ez du sortzen.
Gobernuan diren alderdien zuzenketak azken unean heldu ziren. Espero zenuten halakorik?
Inondik inora. Akordioaren prozesua abiarazi zenean guretzako herri gisa estrategikoa zela hiru lurralde hauetan behintzat eztabaida abiaraztea. Hori dela eta, EH Bilduren batzar batek erabaki zuen buru belarri sartzea eztabaida eta prozesu guzti honetan. Horrela heldu ginen hezkuntza akordio historiko bat lortzera legebiltzarreko lau indar nagusienen artean. Ordura arte, baita asteartera arte ere, etengabeak izan dira, behar bezala, bai alderdi politikoen artean izan ditugun elkarrizketak eta baita hezkuntza komunitateko kide ezberdinekin izan dugun hartu emana.
Iruditzen zaigu tamainako prozesu baten aurrean gaudela, tamainako hezkuntza akordioa lortu genuela bere garaian eta tamainako hezkuntza legea lortu beharko genukeela aurrerantzean, honek gure herriari eta ikasleei suposatuko dienaren guztiagatik. Horregatik, nolabaiteko konfiantza bat eraiki da bi urte eta erdi hauetan. Eskatzen genuena zen hezkuntza akordio horren espirituari jarraituz legerik onena lortzeko ahalegina egitea eta astearte horretan ez dugu horrelakorik ikusi.
A eredua balekoa bada, lege- proposamenaren 68. artikuluak zehazten duen B2 azpimailaren lorpena posible ikusten duzu?
Inolaz ere ez. Urteetako esperientziak esaten digu hizkuntza ereduek, A eta B ereduek zalantza barik eta kasu batzuetan baita D ereduak ere, ez dutela bermatzen bere garaian Gernikako Estatutuaren 6.2 artikuluak jasotzen zuen hori: euskal ikasleek bi hizkuntza ofizialetan konpetentzia nahikoa lortu beharko luketela. Duela 40 urte sortu ziren tresnak dira hizkuntza ereduak eta ikusi dugu baloratzen hasiko ez naizen fruituak eman dituela, baina 2023ko Euskal Herri honetan eztabaida ereduak betikotzean kokatu nahi da eta gure ustez hau erabat anakronikoa da.
Kulturartekotasunak ekarri digu gure ikasgeletan dagoen errealitate soziolonguistikoa ez izatea duela 40 urte genuenaren berdina eta gaur egun hizkuntza bat edo bi izatetik harago sei eta zazpi hizkuntza ere badauzkagu. Alegia, duela 40 urte sortutako tresna batzuekin datozen 30 urteetarako balio behar duen legea garatu nahi dugu? Gure ustez, hezkuntzaren arloko eztabaidara ekarri eta gainontzeko interesak alboratuko bagenitu edozeinek esango luke hizkuntza ereduak lege proiektu honetan mantentzea bateraezina dela B2 helburuarekin.
EAJ eta PSEren 26. zuzenketak nabarmentzen du, besteak beste, euskara ardatz duen hizkuntza proiektua bi hizkuntza ofizialetan egituratuko dela eta ikuspuntu eleanitza izango duela, helburu linguistikoak betetzeko. Hemen ez da B2 maila aipatzen eta zuzenketaren justifikazioak argi dio hiru hizkuntzei tratamendu integratua emango zaiela. Honek ez du iradokitzen hiru hizkuntzak parekoak izango direla?
Zuzenketa horrek islatu nahi du hezkuntza akordioan jada aurreikusi genuen kontu bat: euskara ardatz duen marko eleaniztun bat garatuko genuela. Marko hori ez dago definitua, behar du hezkuntza eztabaida bat, materiala eta bitartekoak beharko ditu eta hori gero ikastetxez ikastetxe nola garatu zehaztu beharko da. Garapen programatikoan adostu genuen datozen urteetan, legea onartu eta gutxira, aditu talde batek garatuko zuela eredu eleaniztun hori, euskara ardatz duena.
EAJk eta PSEk egin duten 26. zuzenketa horren helburua konpartitzen dugu, aipatu berri dudana jasotzen duelako. Horregatik, ez dugu ulertzen zuzenketa bezala lehenengo zioen azalpenean blindatzea eta inkorporatzea hezkuntza ereduak, ez bada hezkuntza alorretik harago dagoen bestelako interesen batengatik. Hezkuntza akordioak oso zehatz zioen zein den helburua, eta EAJk eta PSEk sartu duten marko eleaniztunaren inguruko zuzenketa horrek bestelako norabide bat planetatzen du.
Etengabean eskatzen ari garena da bi alderdiek bertsio bera kaleratu dezatela eta zioen azalpeneko zuzenketa horren irismen eta helburuak zeintzuk diren ahalik eta argien azaldu ditzatela. Asteon gauza nahiko xelebreak ikusi ditugu. Adibidez, Eneko Anduezak hizkuntza ereduen nolabaiteko apologia egin du, inolako argudio pedagogikorik eman gabe. Halaber, Bildarratz sailburua ikusi dugu esaten hizkuntza ereduak transformatu eta garatu beharko direla eta bide bat egin beharko dutela norabide horretan. Une honetan gertuago gaude Bildarratzen adierazpenetatik Anduezarenetatik baino.
Hizkuntzari dagozkion arloan hainbat zuzenketa gauzatu dituzue. Hor aldarrikatzen dira, euskara hizkuntza propioa dela edota hizkuntza helburuen ebaluazioa eta jarraipena. Kezka duzue airean gelditzea B2 eta B1 helburuen ebaluazioa?
Uste dugu zuzenketekin konpondu eta ziurtatu daitekeela. Gure helburua xede bat markatu eta horretarako tresna eta mekanismoak sortzea zen. Helburua euskarazko eta gaztelerazko gaitasunean B2 maila lortzea litzateke, ikasleek DBH4 bukatzen dutenerako. Horrek eskatzen du ikastetxez ikastetxe hizkuntza proiektuak garatzea helburu horiek lortzeko. Ikastetxe bakoitzeko ikasleen egoera sozioekonomiko, soziokultural eta soziolinguistikoa erabat ezberdina da eta horrek lan oso sakona eskatuko du.
Horregatik, lege batean idatzita dagoenetik harago prozesu sozial bat ere beharko dugu guzti hau garatzeko. Inplikatu beharko dira familiak, irakasle eta profesionalak, ikasleak eta baita eskola komunitatetik kanpoko eragiletza guzti hori. Ekosistema berri bat sortu beharko da helburu hori lortzeko.
Horregatik, ebaluazio hori ahalik eta ondoen egitea bermatzeko zuzenketa horiek erroldatu genituen asteartean. Adibidez, indize soziolinguistiko berri bat sortzearen zuzenketa. Uste dugu hizkuntzen aferari heltzeko beharrezkoa dela, ikastetxe batek jakin dezan modu zehatzean bere errealitate soziolinguistikoa zein den.
Egoera honetan EH Bilduk botoaren balantzan non ikusten du bere burua: baiezkoan, ezezkoan ala abstentzioan?
Zorionez, eztabaidatzeko aste asko dauzkagu aurretik eta EH Bilduk bukaeran erabakiko du bere bozka zein norabidetan eman. Gainera, konpromiso hori hartu genuen bilkideekin, eta horretarako propio deitutako Batzar Nazional batek erabakiko du prozesu honen bukaeran bozka zein izango den.
Uste dut goiz dela oraindik hori definitzeko, zuzenketan ditugulako eztabaidatzeko. Esan dezakeguna da hezkuntza akordioaren letra eta espiritua errespetatzen den lege proiektu bat egongo baldin bada legebiltzarreko osoko bilkuran bozkatzeko, guk horren alde bozkatuko dugula. Bestela, ezin izango diogu gure babesa eman. Baina, esan bezala, azken bozka hori, EH Bilduren kidegoak erabakiko du.