En directo

Hegoi Belategi

Eguraldi «kaskarra» gora-behera, Mantxako kanala igerian zeharkatuko du Iskander Sagarminagak

Denboraleak behartutako atzerapenaren ostean, bere ur hotzengatik ezaguna den Mantxako kanala zeharkatuko du igerian Iskander Sagarminagak hilaren 4an. 34 kilometro eta 13 bat ordu. Itsasontzitik «babesa» emanez Eider Eibar bikotekide eta ilustratzailea izango du.

Audio_placeholder

Eguraldi «kaskarra» gora-behera, Mantxako kanala igerian zeharkatuko du Iskander Sagarminagak

Loading player...
Iskander Sagarminagak muturreko hainbat igerialdi burutu ditu azken urteotan.
Iskander Sagarminagak muturreko hainbat igerialdi burutu ditu azken urteotan. (Iskander Sagarminaga)

Igerialdia hasi baino 12 ordu lehenago, Ingalaterrako Folkstone hiritik erantzun dio Naiz Irratiaren deiari Iskander Sagarminaga galdakaoztarrak. Dena prest Mantxako kanala igarotzeko eta haren ahotsaren tonua entzunda, lasai ere. Arrazoiak egon badaudelako urduri egoteko; marea biziak saihestu nahi zituzten arren igerialdia egun batzuk atzeratu behar izan du eguraldi txarraren ondorioz eta etxe honi bere adierazpenak eskaini orduko, egoera ez zen onena itsasoan. «Gaur oraindik haizetsu dago giroa. Atzo sekulako olatuak egon ziren. Igerian aritu naiz, baina portuan sartuta eta asko atera gabe. Ez da kasik irten igerilaririk azken 10 egunetan. Beraz bai, eguraldi oso kaskarra», azaldu du Sagarminagak. Bazen bere aurretik abiatu behar zen beste igerilari bat, baina atzera egin du. Sagarminagak aldiz, eramango duen itsasontziko kapitainaren hitza nahikoa du, «kapitainak dio ongi ikusten duela uretara jaurtitzea eta nik ere hala uste dut».

Baldintza hauetan zergatik burutu halako balentria? «Horrelako erronketan asko disfrutatzen dudalako», erantzun du Sagarminagak. Beldurra baino, itsasoari «errespetua» diola adierazi du, baina «konbentzituta» dagoela eta batez ere helbururako «ongi entrenatuta». Dena ondo bidean, ostiraleko goizaldean hasiko du igerialdia, Britainia Handia eta Frantziar Estatua banatzen dituzten Mantxako kanaleko 34 kilometroak egiteko 13 ordutan.

Bi dira Sagarminagak bereziki zaindu behar dituen arrisku faktoreak, uraren tenperatura hotza, eta marea biziek eragindako korronteen ondorioz behar baino lehenago indarrak xahutzea, alegia txakalaldi bat jasatea.

Ezinbesteko babesa

Helburu handiak nekez lor daitezke gertukoen babesik gabe. Eider Eibarrek emango ditu igerialdiko 13 orduak Sagarminagaren parean joango den itsasontzian. «Nire ardura izango da batez ere bera zaintzea, ondo doala ikustea, behar duenetan jatekoa eman eta argazkiak egitea», azaldu du. Horiek betebehar nagusiak, baina Eibarrek azaldu duenez ilustratzailea den heinean bigarren ardura bat ere izango du. «Txalupa ez bada gehiegi mugitzen marrazkiak ere egin ahal izatea» da Eibarrek duen beste helburua.

Eta argi dago, faktore psikologiko garrantzitsu bat beteko duela Eibarrek. Azaldu duenez, ez du gaizki pasatzen bikotekideak egin behar duenagatik; kontrakoa baizik, «ez nik ez dut txarto pasatu inoiz Iskander jarraitzen. Oso pertsona positiboa da, asko disfrutatzen du eta guzti hori transmititzen du. Orduan ni oso lasai noa». Beste modu batera ere adierazi du Eider Eibarrek, «Kantauri itsasoan entrenatzen du. Saltsa hori gorputzean sartuta dauka».

 

 

Jaurlaritza Logoa