En directo
Euskal Herrian ditugun herri mugimenduen eta borroken arteko saretze lana egitea helburu hartuta hasi zuen bere ibilbidea 2018. urtean Iraultza Txikien Akanpadak Zubietan. Bi urtez behingo izaera duen ekimenak, pandemia tarteko, 2021ean Bizkaian, Artean, egin zuen bigarren edizioa, eta uztailaren 19tik 23 bitarte ospatuko da hirugarrena. Uxue Urzelai Dorronsoro antolakuntzako asanbladako kidea izan dugu Harian.
Aldaketa txikirik gabeko aldaketa handirik ez dagoela sinetsita, hitzaldiak, tailerrak, kontzertuak, edota jolasak jasotzen dituen programa osatu dute. Ekimenaren erronka nagusiaz galdetuta, Uxue Urzelai Dorronsorok argi du erantzuna: «Herri mugimenduetako kideen elkartzea, gure artean hitz egin zeintzuk diren gure lan ildoak, ezagutu zeintzuk diren besteenak, nola egin dezakegun borrokak batzeko eta aurrera begirako estrategia eraginkorragoak planteatzeko».
Kanpaldiaren kokapen geografikoa ere ondo zaindutakoa da: aurten Izarran, Arabako landa gune ahaztuan, antolatzaileen esanetan.
Kontraesanak agerian uztea helburu hartuta askotariko gaiak jorratuko dira Iraultza Txikien Akanpadaren programa osatzen duten ekimen ezberdinetan: feminismoa, ekologismoa, elikadura burujabetza edota antikapitalismoa ardatz hartuta. Interesgarria, halaber, gaitegia bera ere nola osatu den, ez delako antolakuntza asanbladaren baitatik sortutakoa, baizik eta Euskal Herriko kolektibo ezberdinei helarazitako galdetegi baten emaitzetan oinarritutakoa. Azkenean, garatutako programa egun Euskal Herriko herri mugimenduen interes eta borroka ildo nagusien ispilua da.
Gaiak jorratzerako garaian erabIliko den proposamen metodologikoari dagokionez, mahai inguruak eta tailer formatuak nagusituko dira aditu eta entzule dikotomia hori haustea bilatuz.
Izen ematea zabalik dago, bertaratuta izena eman daiteke, baita ITA-ren webgunearen bidez ere bai.