En directo

Ion Telleria

Euskal Herria eta erabakitzeko eskubidea nabarmendu dira zazpi hautagaien arteko debatean

Espainiako Gobernuburu izateko aukera gehien duten hautagaien eztabaidaren ostean, ostegun gauean Kongresuan talde propioa duten zazpi hautagaitzen artekoa izan da. Zazpitik hiru euskal herritarrak ziren, eta Euskal Herriak pisu nabarmena izan du.

Audio_placeholder

Euskal Herria eta erabakitzeko eskubidea nabarmendu dira zazpi hautagaien arteko debatean

Loading player...
Vidal (Sumar), Lopez (PSOE), Gamarra (PP), Espinosa (Vox), Rufian (ERC), Esteban (EAJ) eta Matute (EH Bildu): zazpitik hiru, euskal herritarrak.
Vidal (Sumar), Lopez (PSOE), Gamarra (PP), Espinosa (Vox), Rufian (ERC), Esteban (EAJ) eta Matute (EH Bildu): zazpitik hiru, euskal herritarrak. (A. Pérez Meca | Europa Press)

Pentsatzekoa zen moduan itunen inguruko azken blokean ETA eta Euskal Herria protagonista izan dira Espainiako Kongresuan talde propioa duten zazpi hautagaitzetako ordezkarien arteko eztabaidan, ostegun honetan TVEn izan dena. Harririk gogorrena Vox-eko ordezkariak bota zuen, eta neurri bereko gogortasunarekin jaso zuen zaplaztekoa.

Ivan Espinosa de los Monterosek hauxe esatera heldu zen, Miguel Angel Blancoren hilketaren urtemugaren harira: «Nik ez dakit hemen dagoen hautagaia atentatu horietako batean inplikatuta izan zen, ez dakit». Oskar Matutek gogoratu –edo jakinarazi– dioenez, berak Blanco aske utz zezaten eskatzeko ekimen batean parte hartu zuten, Arantzazun egindakoa, eta hau erantsi zuen: «Gaur EH Bildu bigarren indarra da Ermuan, eta Vox ez dago eta ez da egongo».

Zazpi ziren hizlariak eta hiru euskal herritarrak, EH Bilduko Oskar Matute eta EAJko Aitor Esteban, eta PSOEren izenean jardun duen Patxi Lopez EAEko lehendakari ohia. Ez da nahikoa arrazoi, hala ere, Euskal Herrian bake giroa dagoen une batean halako protagonismoa izateko gure herriak.

Lurralde kohesioaren blokea abiatzean PP-k independentisten menpeko izatea egotzi dio PSOEri, Cuca Gamarra bozeramaile parlamentarioaren ahotik: «Espaina dena espainiarrek erabakiko dugu, ez Espainaren zati batek». Lopezek zentraltasuna aldarrikatu du, erantzuna emanez: «Gu independentziaren aurka gaude, baina ‘España una, grande y libre’ren kontra ere».

Lopezek bere gobernuaren ekimenari esker Katalunian egoera hobetu egin dela aldarrikatu du. ERCko Gabriel Rufianek erantzuna, hala behartu dituztelako izan dela eta ziur aski PSOEk prime-timean entzun nahi ez zuen egia bota dio: «Egoera ez da hobea, ezberdina baizik, zenbait gauza lortu digutula bidean, esaterako bederatzi lagun espetxetik ateratzea. Bai, hau egitera behartu genuen». Atzetik Cuca Gamarra PP-koaren ahotsa entzun zen , «ikusten, ikusten» esaten.

Baina inor gehiegi puztu baino lehen Oskar Matutek begien aurrean jarri dio PP-ri PSOE eta EH Bilduren arteko harremanaren inguruan adierazten duen hipokresia. 1998. urtean Jose Maria Aznarren ordezkaritza batek Burgosen bilera egin zuela Arnaldo Otegi, Iñigo Iruin eta Rafa Diezekin ekarri zion gogora, eta gero ETArekin ere. Lizarra-Garaziko garaiak ziren.

Erabakitzeko eskubidea

Demokraziaren aldarria soberanisten eskutik etorri da, beste behin ere. Gasteizko Legebiltzarrean erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoa oso nabarmena dela aipatu zuen, baina «zuek, apenas ordezkaritzarik ez duzuela, zuen markoak ezarriko dizkizue zalantzarik gabe eta nahi duzuen arte».

Honi lotuta, denek onartu dute buruarekin Aitor Esteban jeltzaleak egindako errealitatearen deskribapena: «Bi patata bero daude: Kataluniakoa eta ‘euskal patata’. Nazio sentimenduak daude eta hori hor dago».

Urruti geratu da garaiko Podemosen determinazioa erabakitzeko eskubidearen inguruan. ERCko Rufianen galderei erantzunez Sumarreko Aina Vidalek ez du erreferendum baten aldeko jarrera argiegirik berretsi nahi izan, erabakitzeko aukera defenditu duen arren: «Etorkizuna bozkatzeko proposamena dugu», esan du. «Errefererendumik?», galdetu dio orduan Rufianek behin eta berriz, erantzunik lortu gabe.

Lurraldetasunaren auzia argien Gabriel Rufianek jarri du, eta argien Patxi Lopezek saihestu du, erantzuteko denbora gutxi zuela aitzakitzak jarriz.

Jaurlaritza Logoa