En directo
Gernikarra ere sentitzen den Meñakabarrenarra da Doltza Oar-Arteta. Kafe hutsa hartzera arte eszenikoetako protagonista asko ekarri dugu aurtengoan, eta askok talde lana goraipatu izan dute. Hori gabe, zaila da ikuskizun bat aurrera ateratzea, eta Doltza oholtzan argiak pizten direnean egoten ez den arren, bere lanak egiten du posible Kukai bezalako dantza talde baten jarduna.
Izan ere, urteak daramatza Euskal Herri, estatu eta nazioartean ezaguna den dantza talde honekin lanean. Hainbatetan produkzio eta kudeaketa lana burutu du, beste batzuetan askorentzat hain gogorra den banaketa lanean aritu da -Oskara lanarekin, adibidez- eta beste lan batzuen sormen produkzioan ere aritu da.
Akaso txikitan ballet-ean emandako urteek eraman dute gaur egun lan hau burutzera. Izan ere, 4-15 urte bitartean lauzpabost ordu egiten zituen egunero balleta ikasten, eta ondoren zer ikasi erabakitzeko orduan, gurasoek ere horretara animatuta, zientzia politikoak ikasi zituen. «Ni ballet-etik atera nindutena gurasoak izan ziren, baina uste dut zuhur ibili zirela; garai hartan ballet-a lehia zen, eta niri lehiakortausn hori ez zitzaidan gustatzen» aitortu digu.
Unibertsitate garaian Bilboko Kafe antzokian emandako orduek euskal kulturaren iturrira eraman zuten, eta bertan asko ikasi zuen honen inguruan. Lagun batek animatuta, Hortzmugan aritu zen banaketan lehen aldiz. Lau hilabeterako izan behar zuen lana, lau urteko bidaia izan zen. Ondoren Kukai-en lan egiteko aukera izan zuen eta bertan darama ordutik. «Kukai-en gauza asko egiten ditut, eta gauza asko egiten ditugu; lantalde indartsua daukagu» kontatu digu.
Berriz ere dantzaren mundura bueltatu zen horrela, garai batean hasitako zikloa itxiaz. «Gure ikuskizunak ikusten ditudanean, beti esaten dut dantzara bueltatu behar naizela, baina ez dut egiten» esan digu Doltzak. Hala ere, gorputza mugitzen jarraitzen du; «badut joera herriko tabernara joan eta gorputza astintzekoa».
Egun Kukai-rekin dabil, bertan momentuan behar dena eginaz, ezinbestekoa den eta ezkutuan dagoen lan ikusezin hori eginaz. Gaur bere mundua gehiago ezagutu dugu Bigarren Kafean.