En directo
«Tourrak zerbait badu oihartzuna da eta baliatu behar dugu hemen herri bat dagoela erakusteko»
Bederatzi aldiz lehiatu du Tourra Mikel Astarlozak, 2013an txirrindularitza profesionala utzi zuen arte. AG2R taldearekin egin zuen profesionaletarako jauzia 2002an. Tourra Euskal Herrian hasteak «zapore gazi gozoa» uzten diola onartu du baina gure ikurrak erakusteko baliatu behar dela argi dauka.
«Tourrak zerbait badu oihartzuna da eta baliatu behar dugu hemen herri bat dagoela erakusteko»
Tourra lehiatzea «txirrindulari guztien ametsa ez dakit, baina nire hala zen», onartu du Mikel Astarloza txirrindulari ohiak NAIZ Irratiaren mikrofonoetan. Bederatzi aldiz lehiatu du itzuli handi hau –2009an etapa garaipena ere erdietsi zuen, gero doping-agatik garaipena kendu zioten arren– eta hiru asteko lasterketa hauen nondik norakoak azaldu ditu. Marea laranjaren fenomenoa, Tourraren alde on eta txarrena, erretiroa hartzeko unea eta aurtengo edizioa Euskal Herritik hasteak zer suposatzen duen azaldu ditu, beste gaien artean. 2013an hartu zuen erretiroa baina Txirrindor izeneko kirolgunea ireki zuen duela urte batzuk eta orain, bizikletatik jaitsita, «txirrindulariei laguntzen» dihardu.
2003an hartu zenuen parte lehen aldiz; bigarren geratu zinen gazte onenaren sarian. Nola gogoratzen duzu lehen Tour hura?
Oso berezia izan zen niretzat. Aurreneko aldiak beti dira bereziak, alor guztietan, eta gurean, Tourrean lehen aldiz parte hartzea oso berezia zen. Gaztea nintzen, gainera; 23 urtez azpikoa nintzen eta zentzu horretan, hanka oso onarekin hasi nintzen. Parisen, 100. urteurrena zen, gainera. Ondo ibilita, amaiera ezin hobea eman nion lehen Tour horri.
Lehen egunean zer pasatzen zaizu burutik?
Kontziente nintzen amets bat betetzen ari nintzela. Txiki-txikitatik amestu nuen Tourrean parte hartzearekin, eta, amesten hasita, Tourra irabaztea izan daiteke amets bat, baina badakigu oso zaila dela, eta parte hartzearekin amets erreal bat lortzen nuela sentitzen nuen. Saiatu nintzen gozatzen. Aurreneko unetik azkeneraino, sufritu asko baina gozatu ere gozatu nuen.
Nola gogoratzen duzu 2009ko edizioko etapa garaipena, dopinaren auzia alde batera utzita?
Oroitzapen oso gozoekin. Etapa garaipen bat lortzea ere beti izan da nire ametsa, Tourra lasterketa handiena izanik, etapa garaipen batekin parte- hartzea borobiltzea beti izan da jarraitzen nuen helburuetako bat. Gogoratzen naiz ihesaldi handi batek aurrea hartu genuela lasterketa hasieran, Grand Saint Bernard mendatean gora; 20-25 lagunez osaturiko ihesalditik lauk egin genuen alde azken mendatean. Lau horiekin aldapa behera noala, azken 2 kilometroetan bakarrik eraso egin nuen eta 5-6 segundoren aldearekin sartu nintzen helmugan. Oso pozik, oso oroitzapen gozoa daukat.
Nola ospatzen da etapa garaipen bat?
Gogoratzen naiz helmugara iritsi eta behin eta berriz eskerrak helarazten egon nintzela nire ibilbide osoan lagundu ninduten guztiei. Pentsatzen nuen garaipena ez zela nirea soilik, jende askorena zela.
Ondoren etorri zen positiboaren kontua. Espainiako Txirrindularitza Federazioak ofizialki bi urteko zigorra jarri eta etapa garaipena kendu zizun. Hori izan da zure ibilbideko momenturik gogorrena?
Bai, zalantzarik gabe. Tourrean nire kirol ibilbideko momenturik onena bizi eta gutxira, etxera etorri, eta esan zidaten dopinaren aurkako proba batean positibo nintzela eta ez nuela lehiatzeko aukerarik izango bi urtetan. Gero, garaipena kentzearena, niretzat anekdotikoa da, ze nirea izan zen etapa garaipena eta hala bizi izan nuen. Hortik aurrera, bi urteko zigorra bete behar izan nuen, helburua garbia zelako, berriz ere tropelera itzultzea eta Tourrera itzultzea. Zor bat neukan Tourrarekiko edo Tourrak nirekiko eta, zorionez, bueltatu ahal izan nintzen.
Sailkapen nagusian 9. postuan ere amaitu zenuen. Zeri ematen diozu garrantzia gehiago?
Zailtasun askoz handiagoa dauka sailkapen nagusian lehen hamarren artean bukatzeak. Egunero oso ondo ibili beharra dago, ez dago despistatzerik. Etapa garaipena estasi moduko bat da, olatua etortzen da. Aukeratzen hasita, etapa garaipena aukeratuko nuke.
Euskaltel Euskadi ere aipatu dugu. Zer esan marea laranjari buruz?
Izugarria zen. Herri oso bat sentitzea, batez ere, Pirinioetan, gu animatzen eta gu bultzatzen zegoela. Profesionaletako nire aurreneko bost urteetan talde frantses batean aritu nintzen, AG2R taldean, eta bertan nengoela ere euskaldunen animoak berdin-berdin sentitzen nituen, nahiz eta ni laranjaz ez jantzi. Uste dut horrek asko esaten duela euskal zaleei buruz.
«Egia da afizioa leku askotan dagoela, baina Euskal Herrikoak bitxikeria bat baldin badu da errespetu handiko zalea dela»
Zure taldekideek zer esaten zuten marea laranja horri buruz?
Harrituta gelditzen ziren. Egia da afizioa leku askotan dagoela, baina Euskal Herrikoak bitxikeria bat baldin badu da errespetu handiko zalea dela. Sekula ez dugu ikusi euskaldun bat txirrindulariaren parean biluzik edo mozorrotuta korrika, edo txirrindularientzat oztopo izaten. Zaleak errespetu handikoak dira eta tropelean hori jakitea ere pozgarria zen.
Hain zuzen ere, Euskaltel Euskadi izan zen berriro kontratatu zintuena, 2012an. Berriz Tourrean lehiatzeko hautatu zintuzten, baina 6. etapan erorikoa izan zenuen eta ezin izan zenuen etapa bukatu. Horrek baldintzatu zuen zure etorkizuna?
Bai, oso kolpe handia izan zen. Bi urteko zigorra jaso eta gero, Tourrera bueltatzea zen nire lehentasuna. Bueltatu eta ukalondoa okertu nuen eta igeltsuarekin etorri behar izan nuen etxera. Tourra bukatu gabe utzi behar izan dudan aldi bakarra horixe izan zen, hain zuzen ere gogo gehien neukan urte horretan.
Tourra barrutik ezagutu nahi dugula aipatu dugu. Behin etapak amaitzen direnean taldekideen artean elkarbizitzarik ba al da?
Elkarbizitza handia dago. Pentsatu etapak 5 edo 6 ordu irauten duela, baina gainontzeko 15 orduetan taldekidez inguratuta egoten gara. Etapa amaitu, autobusean eseri, merienda, dutxa ere autobusean izaten genuen. Hotelera bidean etaparen nondik norakoak kontatzen joaten ginen taldekideekin, logelan ere beti binaka ginen, Tour osoan bikote berdinarekin. Taldeak egiten zituen bikoteak, izaeraren arabera. 2009ko Tourrean Egoi Martinezekin egin nuen logela eta oroitzapen izugarri onak ditugu. Bera, gainera, mendiko sariaren lider ere joan zen eta sekulako Tourra egin genuen.
«Niri oso gogorra egiten zitzaidan egunero txandal berdina jartzea, galtzerdi berdinak janztea, gosari berdina jatea... 21 egunez berdina egite hori oso nekagarria egiten zitzaidan»
Tourrak irauten duen hiru astetan, zer da onena eta zer da okerrena?
Onena da Tourrean parte hartzen ari zaren horretaz disfrutatzea. Urte osoan zeharreko prestaketa horri bideratuta joaten da eta ume-umetatik izandako ametsak horra bideratuta izaten ziren. Momentua disfrutatu ezean alferrik ari zara, azkar pasatzen diren 21 egun direlako. Txarrena, errutina. Aipatzen da txirrindularitza oso gogorra dela; fisikoki gogorra da, baina hori egiteko prestatua dago txirrindularia. Bitxia bada ere, niri oso gogorra egiten zitzaidan egunero txandal berdina jartzea, galtzerdi berdinak janztea, ohitura berdinak jarraitzea, gosari berdina jatea... 21 egunez berdina egite hori oso nekagarria egiten zitzaidan.
Mendiko etapetan tentsio handiagoa egongo da, baina gaur egun etapa lauetan ere kokapenak sekulako garrantzia du; batez ere, erorikoak izaten direlako tartean eta buruak atsedenerako tarterik ez duelako.
Mendia iristeko irrikan egoten ginen horregatik, hain zuzen ere. Aurreneko asteko tentsioa oso gogorra zen psikologikoki. Oso zaila da Tour bat erorikorik gabe egitea. Lehen astea pasata, behin mendia iritsitakoan, nahiz eta fisikoki gogorragoa izan, psikologiko dezente errazagoa zen tentsioa dezente jaisten zelako tropelean.
Errepasatu dugu Tourreko esperientzia, baina horra iristeko lana ere egin behar da. Zu nola sartu zinen txirrindularitzan? Nola hasi zen dena?
Hamaika urterekin hasi nintzen bizikletan. Futbolean ez nintzen batere abila eta, zorionez, futbolean abila ez izanagatik, beste kirol bat probatzeko aukera pasa zitzaidan burutik. Hasieran arraunlari izan nahi nuen; aita arraunlari izandakoa da San Pedron. Gazteegia nintzen aitzakia horrekin, aitak debekatu egin zidan arraunean hastea. Harekin haserretu eta bizikleta hartu nuen. Haserrealdi batetik hasi zen nire txirrindulari ibilbidea.
Profesionaletarako urratsa 2002an egin zenuen, AG2R taldearekin. Nola gogoratzen duzu urrats hori?
Oso oroitzapen gozoa daukat. Lau urte eman nituen afizionatu mailan. Lehen bi urteetan Hernaniko Kaiku taldean aritu nintzen, etxetik gertu, erosotasuna bilatzen. Taldea desagertu egin zen eta Banestora joan nintzen, Iruñera. Talde profesionalaren bigarren taldera. Han, profesionaletara pasatzeko ametsarekin edo helburuarekin aritu nintzen. Bigarren talde hori desagerrarazi zuten aurrekontuak ez zuelako ematen. Hortik Euskalteleko bigarren taldera jo behar izan nuen eta hor AG2R taldera joateko aukera izan nuen, nire lehengusuarekin, Iñigo Etxaurreaurekin, txirrindularia zena bera ere. Bost urtez egon nintzen han, hizkuntza berri bat ikasi nuen, kultura berri bat ireki zitzaidan parez pare eta lagun handiak egin nituen.
2013an utzi zenuen txirrindularitza, Euskaltel Euskadi desagertu zen urtean. Erabaki zaila izan zen?
Erabaki oso erraza izan zen. Taldeak jarraitu izan balu, ziur aski jarraitu egingo nuen eta, gainera, jarraitzeko gogoa neukan. Baina ez neukan eskaintza onik Tourrera itzultzeko. Bigarren mailako lasterketak lehiatzeko gogorik ez nuen. Euskaltelen desagerpenak garbi utzi zidan bidea eta erabakia erraztu zidan.
Nola gogoratzen duzu taldearen desagerpenaren prozesua?
Horrelako proiektuak loratzea oso zaila da. Esfortzu handia egin behar da, zentzu guztietan; desagerrarazi eta gero, berriro ere martxan jartzea ikusten da zaila dela. 10 urte pasa dira eta oraindik ere taldea ez da goi-mailara iritsi. Kontuak hartzen hasita, euskaldunon parte hartzeak ere behera egin du World Tourrean eta geroz eta maila baxuagoa daukagu, batez ere lehen mailako talderik ez daukagulako.
«Gure garaian 20 edo 25 euskaldun aritzen ginen Tourrean. Lehen mailan talderik ez edukitzeak lasterketa handietan euskaldun gutxiago egotea dakar»
Euskal txirrindularitza nola ikusten duzu?
Iruditzen zait orain maila onenean dauden Pello Bilbao, Izagirre anaiak, Mikel Landa... direla aurreko Euskaltelen zeuden txirrindulari gazteenak. Hauen atzetik hutsune bat etorriko da. Badago Alex Aranburu bat, adibidez, baina gure garaian 20 edo 25 aritzen ginen Tourrean. Lehen mailan talderik ez edukitzeak lasterketa handietan euskaldun gutxiago egotea dakar.
Zertan aldatu da gehien goi-mailako txirrindularitza?
Oraindik ere gehixeago profesionalizatu da. Lehen horretarako bizi ginen, ahalik eta txirrindulari onenak izateko eta aisialdirako denbora gutxi bazen ere, bageneukan tartea. Orain, ia aisialdirik ere ez dute, nire garaian baino gogorragoa da. Lasterketatik lasterketara, etxean egonaldiak egin ordez, altueran entrenamenduak eta taldeko egonaldiak egiten dituzte. Zentzu horretan, enbidia gutxi ematen didate.
Zenbaterainoko garrantzia du aurten Tourra Euskal Herrian hasteak?
Zapore gazi-gozoa daukat. Tourra ekartzeko sekulako baliabideak ekartzen dira, baina gazte mailan lasterketak egiteko ez. Tristea da, bakarrik goi maila saltzen bada eta soilik lasterketa onenak zaintzen badira, harrobirik ez da egongo. Tourrean laguntza eske etorriko dira, baina laguntza eman dezatela aurrena herri mailako klub guzti horiei; harrobia baldin badago, horiei esker da.
Zapore gazi-gozo hori alde batera utzita, argi dago euskaldunentzat oso berezia izango dela. Aukera hori baliatu behar dugu gure ikurrak mundu mailan erakusteko; Tourrak zerbait baldin badu oihartzuna da, mundu mailan ikusiena den kirol ekitaldietako bat da eta baliatu behar dugu aukera hori gure ikurrak erakutsi eta hemen herri bat badagoela erakusteko.