En directo

Entrevista
Ibai Osinaga eta Areta Senosiain
Ibil Bedi taldeko kideak

«Gure buruarekin ziur ginen eta bakean diskoa atera aurretik, eta horrek asko balio du»

Kantuak berenak izan ordez besteenak bailiran aurkeztu ditu Ibil Bedi taldeak ‘‘Goldea’’ disko berrian: ‘‘Xirarena’’, ‘‘Lokatzarena’’… Izan ere beren musikak badu hortik, besarkatu egiten zaitu eta zure bihurtzen duzu. Bilboko Kafe Antzokian aurkeztuko dute ekainaren 8an, ostegunarekin. 

Audio_placeholder

«Gure buruarekin ziur ginen eta bakean diskoa atera aurretik, eta horrek asko balio du»

Loading player...
‘Goldea’ diskoa kaleratu du aurten Ibil Bedi talde nafarrak.
‘Goldea’ diskoa kaleratu du aurten Ibil Bedi talde nafarrak. (ARRIGURI)

Ziurrenik, beltxarga beltzak bere hegaldia abiatu zuela onartzea kostatu zitzaien pixka bat Ibil Bedi taldekoei. Eta normala da, aurreko lanarekin izandako arrakastaren ostean, pausu bat aurrera emateko garaia iritsi zitzaielako. Horretarako nekazaritzan aintzinatik erabiltzen den metodoa bere egin dute metaforikoki bada ere, lurra goldatzea. Soinuari dagokionez, aldaketa nabaria da eta zuzenekoetan hori garbi ikusiko dugula dirudi.

Goldeak iraultzen du, baina ez du errotik ezer mozten. Hori irakurri dizuet?

Areta Senosiain: Hala da.

Ibai Osinaga: Goldeak iraultzen du baina ez du ezer ere mozten, ziklo bat eragiten du.

Zuek ziklo baten bukaera sentitu duzue?

I.O.: Bada galdera ona. Aurreko diskoan ikusi genuen boskote bezala funtzionatzen genuela eta orain ere bai, hori da aurrekotik gehien lotzen duena. Ez da ziklo perfekto bat, ez da zirkulu perfekto bat, eta horrelako taldeak maite ditut.

A.S.: Zahartu gara, aldatu gara…

Diskoa, biolinarekin hasten da, ordea.

I.O.: Hori zen nahia, aurrekoarekin nolabaiteko lotura da.

Gauzak gehituz doaz abestian… esnaera bat da? Goldeak lurra esnatu du?

A.S.: Esnatu baino jaio. Sinteak etorri dira, estudioko jolasetatik gauzak ere sortu dira…

Denbora hartu duzue jolaserako.

I.O.: Bai, denbora eman dugu, baina perspektibarekin ez dakigu asko den edo gutxi den, guri behintzat azkar pasa zaigu.

A.S.: Irailetik jo gabe egon gara orain zuzenekoekin hasi gareb arte, eta jendeak faltan botako gaituela pentsatzen duzu batzuetan… baina keba, ez da horrela izaten.

I.O.: Diskoa bukatzea zaila izaten da eta gure buruari data batzuk eta muga batzuk jartzen dizkiogu, eta horrek sortzen du tentsioa.

A.S.: Gainera lehendabiziko aldia da kontzertuak benetan albora utzi eta diskora zentratu garela, eta hori nabaritzen dela uste dut, diskoak behar zuen.

Ibai zu arduratu zara grabaketaz. Hori batzuetan alde izaten da, baina kontrara ere etorri daiteke.

I.O.: Egun hauetan asko pentsatu dut horretan. Diskoak 32 minutu ditu, baina auskalo estudioan zenbat ordu pasa ditugun. Ni grabaketaz arduratu naiz, taldea nahasketetan topera egon da, Areta ekoizpenaz arduratu da gehiago… Eta hemen polita dena ikusten da, baina eztabaida gogorrak ere egon dira.

A.S.: Diskoa ikustean ahazten zaizu dena..

Areta, zu paper horretan eroso egon zara?

A.S.: Bada denetarik esango nuke. Une batzuetan nire buruarekin konpromiso altua zela ikusten nuen. Grabatzetik etxera bueltan akatsen bat topatzen banuen zuzendu beharra sentitzen nuen eta abar. Baina gustatzen zait erabaki batzuk hartzea eta hori gustatu zait. Alde onak eta txarrak baditu, erruaren zera hori ere hor baitago. Baina aipatzen genuen diskoaren harrera onena ez bazen ere, gure buruarekin ziur ginen eta bakean diskoa atera aurretik, eta horrek asko balio du.


Berotasuna transmititzen duen ‘‘Armairuarena’’ da diskoko introaren atzetik datorrena. Baxua, baxua da baina ia kontrabaxuraino iristen da.

I.O.: Oso pozik geratu ginen emaitzarekin. Gitarrarekin palm mute delakoa egiten ikasi nuen eta baxuarekin posible zela bagenekien, baina Javier (Larrañeta, baxu-jotzailea) ez zegoen eroso. Hortaz, halako trapu bat jarri genuen sokak tapatuz eta emaitza hori lortzen da.

Ez da jazza, baina badu ukitu hori.

A.S.: Bai, gure artean ere aipatu dugu hori.

I.O.: Diskoan, hasieratik bukaerara, produkzioa gehitzen doa eta hemen nahikoa gordin dago dena.

Eztanda sonoro bat dator gero.

A.S.: Zaratak gainditzen du aurreko lasaitasun hori.

Musika ikasketa aurreratuak dituzuenok zer duzue zaratarekin? Behar bat sentitzen duzue?

A.S.: Izan daiteke. Gainera hau sortu zen lehen abestia da eta aldaketa gehien sufritu dituen abestia da. Hasieran lehen zatia bezala zen eta aldaketa hori oso berandu etorri zen. Erabaki guztien atzean, abesti bat geratzen da, baina hemen bagenuen zalantza, abestiak zarata guztia jasango ote zuen.

I.O.: Nik uste dut zure instrumentuaren domeinua erabatekoa denean, esperimentatzen saiatzen zara. Naturala ez den hori lortzen saiatzen zara, kasu honetan sinteekin egin den arren. Baina naturala da garapen hori egin nahi izatea.

Ekoizpenaz ari garela, etortzen zaizue etenik gabeko unerik burura?

A.S.: Bai, asko.

I.O.: Etxean egin dugunez, grabatutako zerbait beti whatsapp bidez unean helarazi zenezakeen. Hortaz, eten gabe gauzak aldatzeko aukerak, efektuak probatzea… hori egin genezakeen eta bukle amaigabeetan sartzen gara behin baino gehiagotan.

A.S.: Gainera ahotsen zeran, Ametsek ahotsa garbi eta lehen planoan nahi izaten du, baina hemen atrebentzia moduko bat izan genuen ahotsa bigarren planora pasaz, esandakoa errepikatzen zuelako.

I.O.: Baina beti ematen diogu garrantzia hitzei, jakina.

Musika iluna maite duzue, goxotasunez bada ere. ‘‘Xirarena’’ da horren adibide bat, pianoa sartzen baita argitasuna eman asmoz baina malenkonia gehituz. Dena dela, ahotsekin kanon berezi bat egiten duzue.

I.O.: Denbora guztian errepikatu egiten da esaldia eta arnasa hartu behar duzu. Arnasa une desberdinetan hartzearen ondorioz sortzen da kanon hori, kasualitate bat gero propio egin genuen, eta gustatzen zaigu.

A.S.: Teknikari berriarekin hasi gara eta hark esan digu kanonak asko gustatzen zaizkigula. Eta, gerora konturatu naiz baietz, badirelako halako jolas asko disko honetan ere, nahiz eta beti kanonak ez izan.

Letrari begira jarrita, xirak badu gauza bat, ez duela bustitzen uzten baina izerdia kanporatzen ere ez. Kanporatu ezin den izerdi bat badagoela esango nuke.

A.S.: Kasu honetan Ametsena (Aranguren, abeslaria) da izerdia eta hortik dagoela esango nuke, bai nire iruditarako behintzat.

I.O.: Kantu oso bisualak dira hemendik aurrerakoak, Ametsek gisa horretara idatzi dituelako lehenengoz kantuak. Amets ezagutzen duen edonork irudikatu dezake Amets xira hori jantzita.

A.S.: Amak esan zidan ea ez genion bideoklip bat egingo, berak ere gauza bera ikusten zuelako.

Letra guztiak zuenak, Eider Rodriguezen ‘‘Erreminarena’’ kenduta.

A.S.: Guk lehen hazia eman eta letra eskatu genion Eider Rodriguezi. Faltan bota baina itzultzerik nahi ez duzun horri idazteko eskatu genion.

Zergatik izenburu denak zerbaitenak dira?

I.O.: Kantu guztiak sasoi berean egin ditugu eta nahikoa desberdinak dira, nahiz eta estudioan gero berdintasun bat hartzen dutela uste dugun.

A.S.: Hasieran gainera ez zen disko kontzeptual bat.

I.O.: Orain goldea, lurra eta halakoekin eta izenburuekin baietz dirudien arren.

Orain fase berri batean sartu zaretela, zuzenekoez hitz egin dezagun. Pandemian ordutegiak eta formatuak lagundu zuela esan zenidaten, baina orain nola ikusten duzue guztia?

A.S.: Zaila da neurtzen, baina orain nik uste dut arruntagoa dela gaueko kontzertu bat entzutera joatea eta ez parranda egitera eta kitto.

Bi sold out etorri dira hasteko. Lasaitasuna edo ardura ematen du horrek?

I.O.: Niri lasaitasuna, hainbat hilabetetako lanaren ostean erantzun ona delako. Kontzertuaz zer espero daitekeen? Denborak eta jendeak esango du. Baina argi teknikariarekin hasi gara, diseinu bat prestatu dugu eta ikusteko eta lasai egoteko kontzertua da. Lehen bi kontzertuak eserita izan dira eta hirugarrena, ekainaren 8ko Bilboko Kafe Antzokikoa, zutik izango da.

Jaurlaritza Logoa