En directo

Bigarren Kafea

«Kalera sartu edo atera egiten gara? Ni kalera ateratzerakoan, lagunartera sartzen naiz»

Duela 10 urte jasotako dei batek bere bizitzan eragindako aldaketa eta bizipenak izan ditu oinarri Xabin Fernandezek 'Kanpora sartzen' obra idazteko. Legorretan estreinatu zutenetik, Euskal herriko hainbat herritan ibili dira eta aurrerantzean ere beste hainbatetan arituko dira. 

Audio_placeholder

«Kalera sartu edo atera egiten gara? Ni kalera ateratzerakoan, lagunartera sartzen naiz»

Loading player...
Intza Alkain eta Xabin Fernandezek gorpuzten dituzte pertsonaia nagusiak.
Intza Alkain eta Xabin Fernandezek gorpuzten dituzte pertsonaia nagusiak. (Jon URBE | FOKU)

Xabin Fernandezek ez daki nondik datorren, eta ez daki nora doan, baina ari da pixkanaka-pixkanaka bidea egiten. «Sorpresatxoak hartuz egin dut nire bidea eta ez dakit nora noan, baina ikasi dut horrekin bizitzen» aitortu digu Bigarren Kafean. Azkenaldian komunikabide askotan aurrez ikusi eta entzuteko aukera izan dugu, eta eskarmentua duela nabari da; izan ere, urtetan sartu da gure etxeetan uhin edota pantaila bidez, Gazte Irratiko Dida irratsaiotik edota Euskal Telebistaren bidez. 

«Beti izan naiz irratizalea, telebistazalea, antzerkizalea eta banekien horren inguruan egin nahi nuela zerbait, horregatik ikasi nuen kazetaritza». Orain dela urte batzuk irratian lan egiteari utzi zion, eta TAE Antzerki Eskolan izen eman zuen. Bertan, besteak beste, klown ikastaroak egiten aritu da. «Bizitzarako erraminta onak ematen ditu klownak; klownak burua ahaztu egin behar du, eta ni ez nengoen horretara ohituta, horregatik ariketa hauek oso baliagarriak egin zaizkit» aitortu digu. 

Bertan dabil aktore ikasketak burutzen, eta ikasturte amaierako emanaldia duela gutxi estreinatu bazuten ere, ez da aurten estreinatu duen lehen lana. Martxoaren 13an, 'Kanpora Sartzen' bere lehen lana estreinatu zuen. Ausarta gainera, ez gai eta bizipen pertsonaletan oinarritzen delako bakarrik, baita testuaren idazle eta aktorea bera delako ere. 

Duela 10 urte jasotako dei batek bere bizitzan eragindako aldaketa eta bizipenak izan ditu oinarri, seropositiboa zela jakin zuen dei hartan eta askotan izan du hau guztia nolabaita kanporatzeko gogoa. Dokumentalean pentsatu zuen momenturen batean, eta azkenean oholtza erabili du horretarako. «Ez nuen ezkutatu nahi, ez nuen sekretu bat izan nahi eskuartean; baina ez nekien zein forma emango nion» esan digu. 

Oholtza eta laguntzaile onak bidelagun. Aitziber Garmendiak izan da zuzendari, bere lehen zuzendaritza lanean eta Intza Alkain oholtza partekatzen. Elkarrekin talde ederra osatu dute eta hori transmititzen dute. «Nik ez nuen drama bat kontatu nahi, banekien dramatikoa izango zela, baina komediara jo nahi nuen; horregatik, Aitziber batu denetik lasaiago egiten dut lo» esan digu. «Aitziberrek proposatu zidan Intza Alkain; Intza da birusa, eta uste dut ez dagoela bera baino aproposagorik egiten duen hori egiteko» dio Fernandezek.  

Xabin Fernandezen ibilbidea errepasatu dugu Bigarren Kafean.

Jaurlaritza Logoa