En directo
Prozesu judizial luze baten ostean, prebarikazioa eta diru publikoa bidegabe erabili izana leporatu diote Ana Urchueguiari, 25 urtez Lasarte-Oriako PSEko alkate izandakoari. Hainbat urtez zurrumurru izan direnak egiaztatu ditu Urchueguiak berak, aitortu baitu alkate zela, 9 urtez jarraian, diru publikoa baliatu zuela Nikaraguako Somoto herrira bidaltzeko; funts horiek, ordea, edo parte haundi bat behintzat, ez ziren sekula hara iritsi.
Zehaztu nahi izan du ez duela bere poltsikoa bete diru horrekin, eta hala, zigor sinbolikoa jasoko du: espetxea saihestu eta 19 urteko kargu publikorako inhabilitazioa eta 2.160 euroko isuna.
Prozesu judiziala bukatu gabe egon arren, herri akusazioko partaide den eta 2011tik 2015era bertako alkate izan zen Pablo Barriok «baikortasunez» jaso du albistea. «Prebarikazioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea delituak lehen unetik egotzi izan zaizkio, beraz, albiste ona da horiek aitortu izana», esan du.
Berak dio Urchueguia kasua diru-laguntzen banaketaren «kontrol faltaren irudikapena» dela. Gogoratu du EH Bilduk Udaleko gobernu gidaritza hartu bitartean, ez zela diru-laguntzen baitako araudirik egon. Albisteak, zentzu horretan, «aro baten bukaera» ekarri beharko lukeela uste du Barriok.